Koloreen festa, ikastolen alde
Beste urte batez helburua lortu dute. Goierri beheko hiru ikastolek –Ordiziako Jakintzak, Lazkaoko San Benitok eta Beasaingo Andramendik– Hazia elkartearekin batera Ordizian antolatu duten Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia arrak...
Beste urte batez helburua lortu dute. Goierri beheko hiru ikastolek –Ordiziako Jakintzak, Lazkaoko San Benitok eta Beasaingo Andramendik– Hazia elkartearekin batera Ordizian antolatu duten Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia arrakastatsua izan da aurten ere. Bi saio egin zituzten pailazoek herenegun, eta bietan bete egin zuten Majori kiroldegia. Esker hitzak besterik ez dituzte izan antolatzaileek jaialdia aurrera ateratzen lagundu dietenentzat eta herenegun Ordiziara hurbildu ziren goierritar guztientzat. Urruñako ikastolari eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioari, biak Lapurdin, laguntzeko erabiliko dute bertan bildutako dirua.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Zazpikoloroa azken ikuskaria taularatu zuten, elkartasuna eta berekoikeria ardatz dituen emanaldia. Ez zen ikuskizun arrunta izan, izan ere, Urruñako haurrek kantu bat eskaini baitzieten bildutakoei, eta Ordiziako, Zaldibiako eta Idiazabalgo haurrak dantzan aritu baitziren oholtzan pailazoekin batera.
Hiru zenbaki sarituak
Udazkenaz geroztik Lapurdin eta Goierri mailan saldu dituzten errifen hiru zenbaki sarituen berri ere eman zuten lehen saioan. Port-Aventurako asteburu pasa 346 zenbakiari egokitu zaio, Urbitarte sagardotegiko afaria 639ari eta Xaia ostatuko afaria 003ari. Hiru zenbaki horiek Ipar Euskal Herrian salduak izan direla jakinarazi dute antolatzaileek.













