Bihar hasiko da Goienizen 35. zikloa, estilo ezberdinetako zortzi filmarekin
Goieniz zine klubak antolatuta, bihar hasiko da Beasainen 35. zine zikloa. Guztira, zortzi izango dira Usurbe antzokian ikusi ahalko diren pelikulak, ostegunero, martxoaren 29ra arte. Goieniz elkarteak 18 urte daramatza urtean bitan zinema zikloak antolatzen, eta dagoeneko 500 film baino gehiago ikusteko aukera eskaini dute. Zinema alternatiboa dute oinarri, eta ziklo honetan ere gai eta herrialde ezberdinetako filmak ikusi ahalko dira. Goienizeko Jose Ignazio Sanchezek azaldu duenez, aniztasuna izaten dute oinarri eta helburu filmak aukeratzerakoan: «Jendeak izan ditzakeen interesak hartzen ditugu kontuan, zinemaren bitartez hainbat gaietara eta herrialdetara gerturatzeko aukera baitago». Bihar hasiko den zikloan ere halaxe izango da. Drama gogor batekin hasiko da, eta umore beltza oinarri duen komedia ikusi ahalko da datorren astean. Haren ondoren Frantzian eta Kanadan ekoitzitako film bat, eta laugarrena animaziozko filma izango da, Kubako arazo politikoa lantzen duena. Bosgarrena film irandar bat izango da, eta seigarrenak emakumen inguruan dihardu. Film hau, Nazioarteko Emakume Langileen egunean ikusi ahalko da. Zazpigarrenak kutsu dokumentala du, krisi ekonomikoaren ingurukoa da, eta zortzigarrena eta azkena Colonbian ekoitzitakoa da. Biharko filmaren aurretik, iazko abenduaren 29an egin zuten Gau Laburra jaialdia irabazi zuen Gregorio Muroren lana eskainiko dute. Muro bera ere Usurben izango da bihar, filmaren inguruan hainbat azalpen ematen. Martxoaren [...]
Goieniz zine klubak antolatuta, bihar hasiko da Beasainen 35. zine zikloa. Guztira, zortzi izango dira Usurbe antzokian ikusi ahalko diren pelikulak, ostegunero, martxoaren 29ra arte. Goieniz elkarteak 18 urte daramatza urtean bitan zinema zikloak antolatzen, eta dagoeneko 500 film baino gehiago ikusteko aukera eskaini dute. Zinema alternatiboa dute oinarri, eta ziklo honetan ere gai eta herrialde ezberdinetako filmak ikusi ahalko dira. Goienizeko Jose Ignazio Sanchezek azaldu duenez, aniztasuna izaten dute oinarri eta helburu filmak aukeratzerakoan: «Jendeak izan ditzakeen interesak hartzen ditugu kontuan, zinemaren bitartez hainbat gaietara eta herrialdetara gerturatzeko aukera baitago».
Bihar hasiko den zikloan ere halaxe izango da. Drama gogor batekin hasiko da, eta umore beltza oinarri duen komedia ikusi ahalko da datorren astean. Haren ondoren Frantzian eta Kanadan ekoitzitako film bat, eta laugarrena animaziozko filma izango da, Kubako arazo politikoa lantzen duena. Bosgarrena film irandar bat izango da, eta seigarrenak emakumen inguruan dihardu. Film hau, Nazioarteko Emakume Langileen egunean ikusi ahalko da. Zazpigarrenak kutsu dokumentala du, krisi ekonomikoaren ingurukoa da, eta zortzigarrena eta azkena Colonbian ekoitzitakoa da.
Biharko filmaren aurretik, iazko abenduaren 29an egin zuten Gau Laburra jaialdia irabazi zuen Gregorio Muroren lana eskainiko dute. Muro bera ere Usurben izango da bihar, filmaren inguruan hainbat azalpen ematen. Martxoaren 22an ikusi ahalko den Inside Job filma da aurtengo film kuttuna.
Elkarlana dute oinarri
Urtero ikusleek aukeratzen duten film bat sartzen dute urtarriletik martxora bitarteko zikloan. Sanchezek emandako azalpenenen arabera, «ikusleak dira hasieratik film kuttuna aukeratzeko prozesuaren oinarria». Ikusleek proposatutako tituluekin zerrenda bat osatzen dute, eta gehien proposatutakoen artetik bost aukeratzen dituzte. Berriro bozketa egiten dute bost horien artean, eta boto gehien jasotzen dituena izaten da film kuttuna.
Zikloetan ikusi daitezkeen filmak ere elkarlanean aukeratzen dituzte: «Kide bakoitzak hainbat film proposatzen ditu eta zerrenda osatu ondoren handik aukeratzen ditugu zortzi. Bakoitzak han eta hemen ikusitako filmak, eta haien berri izandakoak proposatzen ditugu, eta hala aniztasuna handiagoa da». Zerrenda osatu ondoren, ordena zehazten dute, mota ezberdinetako filmak txandakatuz. «Aste batean drama bat eskaintzen badugu, hurrengoan komedia bat jartzen saiatzen gara, jendeak zineman sentsazio ezberdinak bizi ditzan», azaldu du Sanchezek.
Urtean bi ziklo antolatzen ditu Goienizek –urtarriletik martxora eta urritik abendura– eta Gau Laburra eta Begirada jaialdiak. Urteen poderioz, ikusle mota aldatzen joan dela esan du Sanchezek, eta horregatik, garai berrietara moldatzen ikasi behar izan dutela. Horregatik, jendeak dituen interesak ezagutu nahi dituzte, ikusleek dituzten iradokizunak eta ideia berriak jasoz.
FILMAK
– Bihar. Klaus Haroren Cartas al padre Jacob filma.
– Urtarrilak 19. Josh Radnorren Happy thank you more please filma.
– Otsailak 2. Denis Villeneuveren Incendies filma.
– Otsailak 16. Fernando Trueba, Javier Mariscal eta Tono Errondoren Chico & Rita filma.
– Otsailak 23. Asghar Farhadiren Neder y Simin, una separación filma.
– Martxoak 8. Srjan Kolijevicen La mujer de la nariz rota filma.
– Martxoak 22. Charles Fergunsonen Inside job filma. Aurtengo Film Kuttuna izango da, ikusleek hala aukeratuta.
– Martxoak 29. Carlos Cesar Arbelaezen Los colores de la montaña filma.