
Segura Irratiko ‘Bixi-bixi’ saioan Ataungo Barandiaran Museoari buruz jardungo dute, gaur, 12:15ean. Aitor Aldasorok eta Luis Mari Zalduak emango dute informazioa. Ion Muñoa, Marijo Etxeberria eta ohiko kideak ere ariko dira.

Josema Azpeitiak (Legazpi, 1969) sukaldaritzari lotutako laugarren liburua kaleratu du: Sasoian sasoiko sukaldaritza. Lehenago 100 recetas con label (Antxiñe Mendizabalekin), La senda del Pintxo (Ritxar Tolosarekin) eta Kutixiak Donostiar erara liburuak osatu ditu. Azken lanean, garai bakoitzeko produktuak ezagutarazi nahi izan ditu. Zer topatuko dugu liburuan? Liburua hilabeteka banatuta dago, eta atal guztiek egitura bera dute. Hasieran testu bat dute, hil horretan zein ezaugarrirekin topatuko garen, garaiko produktuak zein diren… azaltzen duena. Taula bat ere badakar, hilero, garaikoak zein produktu diren zehaztuz. Honez gain, hilabete bakoitzean, zazpi produktu aukeratu, eta errezeta bana edo bina eskaini ditugu. Errezeta eman duen jatetxearen informazioa ere eskaintzen du liburuak. Nolatan aukeratu zenuen sasoiko elikagaien gaia? Egia esan, sukaldaritzaren inguruan egiten dudan laugarren liburua da. Halako liburu bat egokia dela uste dut eta garaiko produktuak berriro modan jartzen ari dira. Urte askoan, sukaldaritza berriaren eraginez, jendea gauza berriak probatzen hasi da. Sukaldaritza berritzailea toki asko hartzen ari zen, eta neurri batean, produktuko sukaldaritza galtzen ari zen. Jatetxeak sukaldaritza mota honetara itzultzen ari dira. Bestetik, kontsumitzaileok, denboraldiaren pertzepzioa galdu dugu. Supermerkatura denborarik gabe joaten gara, eta produktuak urteko sasoi guztietan eros ditzakegu. Askotan zaporerik ez duten produktuak edo osasunerako hain onak ez direnak kontsumitzen ditugu. Erosketa [...]