Estrasburgok Estatu Frantsesa zigortu du, bost preso politikoren eskubideak urratzeagatik
Epaiak aipatzen dituen bost preso horien artean, Inocente Soria preso ohi zumarragarra eta Ismael Berasategi preso urretxuarra aurkitzen dira. Estatu Frantsesak presoek “arrazoizko” epe tarte batean epaituak izateko duten eskubidea urratu dietela esan du Estrasburgon dagoen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Bost presoek bost urtetik gora igaro zituzten espetxealdi prebentiboan epaituak izan aurretik. Estatu Frantsesak bost pertsona hauei kalte-ordaina eman beharko die, epaiaren arabera.
berasategirekin eta Soriarekin batera, Felix Esparza, Kandido Sagarzazu eta Lorentxa Guimon ere daude auzi honetan. Estrasburgoko Auzitegiak Giza Eskubideen Europar Ituneko 5.3 artikulua urratu izana leportu dio Estatu Frantsesari. Artikulu horrek pertsona orok arrazoizko epe tarte batean epaitua izateko eskubidea duela dio. Bost pertsona hauek, 2003an atxilotu zituzten, eta lau urte eta zortzi hilabetetik bost urte eta hamar hilabetera artean igaro zuten badaezpadako espetxealdian.
Epaiketa 2008ko abenduaren 9an egin zieten. Epaiak, epealdi hori hain luzea izateko “justifikazio sendoak” egon behar dutela esan du. 2007ko urtarrilaren 23an argitaratu zuten prozesamenduaren autoa eta 2008ko abenduaren 17an eman zuen epaitegiak epaia. Denbora tarte hau, epaitegiaren “lan kargak” baldintzatu zuela dio Estrasburgoko Auzitegiaren epaiak. Epaiari errekurtsoa jar diezaioke Estatu Fratsesak oraindik, hiru hilabeteko epean.