Kanpotik erdirantz, osasunaren bila
Veechi Kopp alemaniarra Zegaman izan da egun batzuk pasatzen. Bera garezur-sakro terapian irakaslea da. Hogei urte daramatza zeregin horretan, eta haurrekin, gazteekin zein helduekin aplikatzen du terapia hori. Zegamako herritarrei berak egiten duen lana erakutsi nahian bi saio egin zituen joan den astean, bata, teorikoa eta bestea, praktikoa. Asteartean, hitzaldia eman zuen Zegamako kultur etxean. Terapia mota hori hainbat gaitzi aurre egiteko nola erabiltzen den azaldu zuen, bertan. Saio praktiko txiki batzuk ere egin zituen. Osteguneko saioak praktikoak izan ziren. Goizean 10:00etatik 14:00etara bitartean aritu zen lanean, eta arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara artean. Pertsona bakoitzarekin ordu bat igaro zuen. Terapia naturala Alemaniarrak zegamarrei aplikatu ziena terapia naturala da, eta bere oinarriak osteopatian ditu. Veechi Koppek jakitera eman duenez, Erdi Aroan medikuntza «nahiko bortitza» zen. Besoan edo hankan arazo bat izanez gero, esaterako, moztu egiten zituzten. «1875 aldera, ordea, aldaketa bat eman zen, eta gaixotasun bat sendatzeko unean gizakia bere osotasunean kontutan hartzen hasi ziren». Osteopatiaren sortzailea, Andrew Tailor Still, medikua zen, eta hark zioen gorputza bere osotasunean aztertu behar zela. Stillen arabera osteopatiaren oinarriak hiru dira: gorputza unitate bat da eta ez organo sorta bat, organo baten egiturak bere funtzioan eragiten du, eta alderantziz, eta gorputzak oreka bilatzen du, nork bere [...]
Veechi Kopp alemaniarra Zegaman izan da egun batzuk pasatzen. Bera garezur-sakro terapian irakaslea da. Hogei urte daramatza zeregin horretan, eta haurrekin, gazteekin zein helduekin aplikatzen du terapia hori. Zegamako herritarrei berak egiten duen lana erakutsi nahian bi saio egin zituen joan den astean, bata, teorikoa eta bestea, praktikoa.
Asteartean, hitzaldia eman zuen Zegamako kultur etxean. Terapia mota hori hainbat gaitzi aurre egiteko nola erabiltzen den azaldu zuen, bertan. Saio praktiko txiki batzuk ere egin zituen.
Osteguneko saioak praktikoak izan ziren. Goizean 10:00etatik 14:00etara bitartean aritu zen lanean, eta arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara artean. Pertsona bakoitzarekin ordu bat igaro zuen.
Terapia naturala
Alemaniarrak zegamarrei aplikatu ziena terapia naturala da, eta bere oinarriak osteopatian ditu.
Veechi Koppek jakitera eman duenez, Erdi Aroan medikuntza «nahiko bortitza» zen. Besoan edo hankan arazo bat izanez gero, esaterako, moztu egiten zituzten. «1875 aldera, ordea, aldaketa bat eman zen, eta gaixotasun bat sendatzeko unean gizakia bere osotasunean kontutan hartzen hasi ziren». Osteopatiaren sortzailea, Andrew Tailor Still, medikua zen, eta hark zioen gorputza bere osotasunean aztertu behar zela.
Stillen arabera osteopatiaren oinarriak hiru dira: gorputza unitate bat da eta ez organo sorta bat, organo baten egiturak bere funtzioan eragiten du, eta alderantziz, eta gorputzak oreka bilatzen du, nork bere burua erregulatzeko eta sendatzeko sistema konplexu baten bidez.
Garezur-sakro terapia Willian Garner Sutherlandek (1872-1954) sortu zuen, 1895 aldera. Bera ikertzen hasi zenean, uste zuen buruko hezurrak mugitzeak, eragina zuela gorputzean. «Hori frogatzeko urte luzeetan zehar hainbat azterketa egin zituen, eta bere ustea baieztatu egin ahal izan zuen», gehitu du Koppek.
Garezur-sakro terapiaren oinarria osteopatia izanik, buruan teknika berberak aplikatzen dituzte, baina alemaniar adituaren hitzetan «gainerako guztia desberdina da».
Garezur-sakro terapian gorputzaren atal desberdinekin lan egiten dute, eta normalean beti kanpotik erdirantz jarduten dute. Hau da, lehendabizi garezurretik sakroraino (bizkarrezurraren bukaeran dago) doazen hezur guztiekin aritzen dira. Ondoren, meninge guztietan jartzen dute arrreta. Veechi Koppen arabera, garezurrean dagoen meningea lotuta dago bizkarrezurrekoarekin. «Dena sistema bat da, eta modu horretan landu behar da». Gero, likidoekin lan egiten dute. «Likido zefalorrakideoa garezurreko zenbait tokitan dago, eta baita bizkarrezurra eta mintzaren artean ere. Hori ere sistema bat da, eta bere horretan landu behar da», dio aditu alemaniarrak.
Gorputzean dauden lotura horizontalekin (hiru diafragma) ere lan egiten dute, eta baita gizakiak buruan dituen zainekin ere, odolak hobeto zirkulatu dezan. Sistema nerbioso zentrala ere tratatzen dute, eta baita periferikoa ere. «Biak lantzen ditugu».
Koopen arabera, gorputza bere osotasunean hartzen dute. «Beste terapia gehienetan sintomak begiratzen dituzte, eta irtenbide azkarra aurkitzen dute sintoma horiek kentzeko. Guk beti osasuna bilatzen dugu, ez ditugu gaixotasunaren sintomak bilatzen».
Gaixotasunak
Terapia hori hainbat motako gaixotasunak edota arazoak dituzten pertsona helduei aplikatzen diete: migraina dutenei, zerbikaletako mina dutenei, istripu baten ondorioz koman daudenei, aparatu lokomotorean arazoren bat dutenei… Herritar helduez gain, haurrak ere eraman ditzakete gurasoek, hala nola, negarrez denbora luzez aritzen diren haurrak, zazpi hilabeterekin jaiotakoak… Veechi Kopp bera esaterako, aditua da haur jaioberrietan.
Terapeuta batzuk arazo konkretu batzuetan daude espezializatuta: haur jaioberrietan, traumetan (gerra batean egon direnak, trauma sozialak dituztenak, istripu baten ondorioz trauma dutenak…artatzen dituzte), haur zein heldu autistetan…
Hasieran, pertsona batek beraiengana jotzen duenean galderak egiten dizkiote bere egoera, gaixotasunak, lo egiteko modua eta beste hainbat xehetasun jakiteko. «Informazio horrekin posible da tratamendu plan bat zehaztea. Zenbat saiotakoa izango den zehaztea, alegia. Pertsona bakoitzaren araberakoa izango da tratamendu hori. Hau da, oso indibiduala da», dio Koppek.
Adituaren arabera, tratamendu hori jasotzen duen pertsona berehala hasten da diferentzia nabaritzen.
Koppek lau gune ditu, hiru Alemanian eta bat Zegaman
Veechi Kopp garezur-sakro terapian aditua den alemaniarrak herrialde horretako hiru lekutan ditu Liquid Light akademiak: Hamburgon, Colonian eta Friburgon. Akademia horietan ikastaroak emateaz gain, kontsultak ere egiten dituzte. Laugarren gunea Zegaman bertan du. Anne Kathrin Gragert duela hainbat urtetatik Zegaman bizi den alemaniarrak aplikatzen du terapia mota hori bertan. Saioak egiten dituenetik bi urte igaro dira, jada.
Gragert orain Alemaniara joana da, «beti dago zerbait gehiago ikasteko eta». Ume txikiekin lan egin ahal izateko formazio ikastaro bat egingo du bertan. Urte bateko iraupena du, eta bukaeran azterketa teorikoa zein praktikoa egin beharko ditu. Denboraldi horretan guztian ez da Alemanian egongo. Hainbat egun bertan igaroko ditu, baina gero joan eta etorri ibiliko da. Beraz, norbaitek kontsultara joan nahiko balu 943 80 12 70 telefono zenbakira deitu behar du. Lehendabiziko kontsultak 60 euro balio ditu, eta gainerakoek 45 euro.
Mintegia Zegaman
Kontsultara joateaz gain, posible da Zegaman terapia horren nondik norakoak ikastea. Kopp bera etorriko da erakustera. Berez bi urteko saioa da, baina denboraldi horretan guztian Kopp Zegaman egon ezin denez, bi urtetan zehar 10 eguneko lau mintegi egingo dituzte. Lehendabizikoa abuztuaren 11tik 20ra bitartean izango da, eta 1.000 euroko prezioa du.
Ikastaroa osteopatek, fisioterapeutek, dentistek, emaginek eta beste hainbat terapeutek egin dezakete. Arlo horietan esperientziarik izan ez arren, garezur-sakro terapia ikasteko interes handia duten pertsonek ere parte hartu dezakete. Azken horien kasuan agian aldez aurretik elkarrizketa egingo diete.
Bestalde, joan den astean Zegaman egin zutena bezalako beste kontsulta bat apirilaren 16tik aurrera egingo dute bertan.












