Sokarrik irabazi du Euskal Herriko Sokatira Txapelketako Idiazabalgo kanporaketa
Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia) nagusitu da gaur arratsaldean Idiazabalen jokatu den Euskal Herriko Sokatira Txapelketako kanporaketan. Talde bakoitzean zortzi lagunek parte hartu dute, eta gehienez 600 kiloren barruan egon behar zuten. Bigarren Abad...
Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia) nagusitu da gaur arratsaldean Idiazabalen jokatu den Euskal Herriko Sokatira Txapelketako kanporaketan. Talde bakoitzean zortzi lagunek parte hartu dute, eta gehienez 600 kiloren barruan egon behar zuten. Bigarren Abadiño Ak (Abadiño, Bizkaia) egin du, hirugarren Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi), laugarren Amaiurrek (Amaiur, Nafarroa Garaia), bosgarren Abadiño Bk (Abadiño, Bizkaia), seigarren Berriozarrek (Berriozar, Nafarroa Garaia), zazpigarren Ibarrak, zortzigarren Basaburua-Imotzek (Basaburua eta Imotz, Nafarroa Garaia) eta bederatzigarren Txantreak (Iruñea, Nafarroa Garaia).
Seiheun kiloko mailan hiru sokatira jardunaldi egiten dira. Lehenengo biak sailkatze tiraldiak izaten dira, eta hirugarrena finala. Lehenengo jardunaldia Ezpeletan (Lapurdi) egin zuten, eta Idiazabalgoa bigarrena izan da. Arratsaldeko bostetan ekin diote norgehiagokari.
Bi multzo osatu dituzte. Batean, Amaiurrek, Txantreak, Abadino Ak, Abadiño Bk eta Basaburua-Imotzek jokatu dute. Bestean, Sokarrik, Ibarrak, Ñapurrak eta Berriozarrek. Talde horietako bakoitzak multzo bereko beste talde guztien aurka lehiatu behar izan du lehendabizi. Ondoren, multzo bateko taldeek beste multzokoen aurka neurtu dituzte indarrak, beti ere sailkapena kontutan hartuta, eta Arrigorriagako taldeak irabazi du lehia.
Finalean sei talde
Bi probetan, Ezpeletan eta Idiazabalen ateratako puntuak kontutan hartuta, denborarik onena egin duten sei talde pasatu dira finalera: Abadiño A, Amaiur, Ñapurrak, Ibarra, Sokarri eta Abadiño B.
Finala Berriozarren jokatuko dute, otsailaren 11an.












