Beasainek merezita baina nahikoa sufrituta irabazi dio etxean Durangori
Beasainek merezitako garaipena lortu zuen atzo etxean, Durangoren kontra. Partidaren bi zatiak zuria eta beltza bezalakoak izan ziren ordea; aurrnekeoan, etxekoek erabateko nagusitasuna erakutsi zuten, joko ona eginez. Laugarren minuturako aurretik jar...
Beasainek merezitako garaipena lortu zuen atzo etxean, Durangoren kontra. Partidaren bi zatiak zuria eta beltza bezalakoak izan ziren ordea; aurrnekeoan, etxekoek erabateko nagusitasuna erakutsi zuten, joko ona eginez. Laugarren minuturako aurretik jarri ziren, Aierten golari esker. Bigarrena berriz, 35. minutuan iritsi zen, Martinezek eginda. Aurreneko zatia bukatu aurretik, partida erabakita uzteko aukera bat baino gehiago izan zituzten Iker Lasaren mutilek. Bigarren zatian, ordea, etxekoek behera egin zuten, lasaitu egin ziren, eta bizkaitarrek markagailuan zuten aldea murrizteko aprobetxatu zuten; Garmendiak egin zuen gola, 61. minutuan, aldaratze bat aprobetxatu eta gero. Handik aurrera sufritzea tokatu zitzaien etxekoei, baina eutsi egin zioten lehen zatiko errentari. Egunotako eguraldiak eta partidan zehar ere egindako elurrak, zaildu egin zuen jokalarien lana. Zelaia ere, erabateko lokaztia bihurtu zen azkenerako. Aipatzeko modukoa da hotza eta eguraldi petrala egin arren, zaleak ez zirela kikildu, eta ohiko ikusle kopurua bildu zela Loinatz zelaian. Asteburuko garaipenari esker, 42 puntu ditu orain Beasainek, eta seigarren dago, puntu kopuru bera duen Laudiorekin (5. postuan) berdinduta. Zalla liderra eta Gernika ere berdinduta daude, 46 punturekin. Datorren astean Bilbo aldera joko dute beasaindarrek, Santutxuren kontra jokatuko dute eta.