Segurako herrigunearen altxorren berri antzezpen bidez kontatu dute
Segurako turismo zerbitzuak kudeatzen dituen Aldabe taldeak bisita gidatu antzeztua egiteko aukera eman du gaur goizean. Erdi Aroko herri-bilduan dauden hainbat eraikin historiko eta azpiegitura berezi kontakizun antzeztuaren bitartez ezagutarazi dituzte. Berrogei-bat laguneko bisitari taldea elkartu da, eta ordubeteko txangoan jauregiak, ateak, karkaba eta bertako kontakizun ugari ikusi eta entzuteko modua izan dute.
Eguerdian Ardixarra etxearen parean hasi da ekimen berezia. ‘Maritxu’ herritarrak gidatu du itzulia, uneoro azalpenak emanez eta elementu arkitektoniko zein historikoen berri azalduz. Bidean ‘Ixabel’, sorgina eta erromesa ere agertu dira. Segurako hiribildua XIII. mendean nola eraiki zuten aipatu, eta Erdi Aroan kokatu du antzezleak kontakizunaren denbora. Bisitariak, berriz, Gaztelatik iristen ziren merkataritzat hartu ditu.
Garai hartako etxeen egitura eta banaketa jakin ahal izan dute bisitariek: zurezko egitura eta harrizko hormen artean, behean ukuilua egoten zela, animalien hatsarekin etxeari epeltasuna emateko baliatzen zena, bide batez. Lehen solairuan sukaldea, “etxeko areto handiena eta beronea”; gainean logela txikiak, eta goian ganbara, uzta-gaiak jasotzeko. Armaolak, burdinolak, aldaolak… Segurako antzinako industriaren pisua ere hizketagai izan dute turismo-gidariek.
Zeraingo Atea, Nafarroako Atea, “Ate txikia”, eta horiek defendatzeko sistemak, harresia eta babes neurriak ikusi dituzte gero. Gebara jauregia eta Lardizabal jauregia bereziki aipatu dituzte.
Plaza buruan, aurrerago, zain zuten Jose Luis Etxeberria Ariztimuño. Belengo Amaren irudiaren aurrean kandela pizteaz arduratzen da, gaur egun ere. Jendearen aurrean erakutsi du nola egiten den, farola bere lekutik ziri luzearekin jaitsi, erregaia prestatu, eta atzera amabirjinaren aurrean utzita. Haurdun dauden emakumeek eta haien familiakoek eskatzen diote Etxeberriari kandela pizteko, datorren haurraren osasunaren alde eta erditzea egokia izan dadin erregutzeko. “Orain ere jende askok hots egiten dit. Baita Alemaniatik ere. Umea jaiotzeko eguna noiz konplitzen den galdetzen diet, eta haren bezperan pizten dut kandela. 24 orduan egoten da piztuta, harik eta umea jaio arte”, azaldu du Etxeberriak.
Zeregin horretan daraman denboran, kandela “200 bat” haurrentzat piztuko zuela gogoratu du Etxeberriak. “Bat hil zen jaiotzerakoan, Segurakoa bertakoa. Pena hartu genuen”.
Bisitari taldeak eta antzezleek eliza nagusian bukatu dute txango gidatua.