«Bokazioa ezinbestekoa izan da nire lanean, emagin izaten gozatu dut»

Emakumearen Nazioarteko egunaren harira, Urretxuko eta Zumarragako udalek Xera saria ematen dute 2006. urtetik. Gaur iragarri dute Mari Lourdes Aranburuk (Beizama, 1931) jasoko duela aurtengoa. Berekin batera, sarirako hautagaiak Ainhoa Sanz atleta urretxuarra eta Izaro Lasa txirrindulari zumarragarra izan dira. Sari honek emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunaren alde pertsonalki nahiz profesionalki nabarmendu diren pertsonen edo taldeen lanari aitortza egiteko helburua dauka. Aranburuk emagin izateko ikasketak aurreko mendeko 50. hamarkadan egin zituen. Lanbide hori aukeratu zuen. Bide batez, orduan emakumearena baino ez zen ofizioa hautatu zuen. Lana ez zuen utzi ezkondu zenean, «nire senarra ondoan izan nuen beti», dio. Saria etzi emango diote, Zumarragako udaletxean, 11:30ean. Bokaziozko emagina izan al zara? Bai. Bokazioa ezinbestekoa da lan honetan. Aita osasun laguntzaile teknikoa zen. Berekin baserriz baserri joaten nintzen. Hiru orduro injekzio bat jarri behar zitzaienean, ni baserrian geratzen nintzen lan hori egiteko. 14 bat urte izango nituen. Nire ofizioaz gozatu dut. Garai hartan nola ikasten zen emagin izateko? Lan egin eta ikasi egiten genuen aldi berean. Goizez erditzeak ikusten genituen ‘Residentzia’ ohian, Donostian. Alfonso Ugalde ginekologoak eskolak ematen zizkigun arratsaldetan. Azterketak Valentziako Unibertsitatean (Herrialde Katalanak) egiten genituen. Zumarragara etorri zinen emagin lanpostua betetzera. Urretxuko eta Zumarragako plaza eskaini zidaten. Ordura arte, Pia Esnaola urretxuarrak egin zituen emagin lanak, ezkontzean utzi zuen. Aita Gabiriakoa nuen, eta Urretxun bizi zen bere lehengusua. 1951ean etorri nintzen. Urte horretan bertan, koaderno batean erditzeetan artatu zenituen emakume guztien zerrenda hasi zenuen: urtea, eguna, prezioa. Erditze bakoitzaren oharra hartu nuen idatziz. Urtea, hilabetea, eguna, amaren izena eta prezioa. Esate baterako, 1951ko azaroan lau erditzetan lagundu nuen. 1965eko azaroan hogeita hiru erditze artatu nituen. Zumarragara iritsi nintzenean 2.000 biztanle zituen. Gauzak asko aldatu dira urte gutxiren buruan. Zein zen erditzearen aurretik egiten zenuen jarraipena? Emakumeak haurdun zegoela esaten zidan. Laugarren, bosgarren edo seigarren hilabetean zenbait froga egiten nizkion: tentsioa hartu, albumina neurtu eta eskuz umearen posizioa aztertzen nuen. Umearen bihotzaren taupadak egurrezko estetoskopio batekin entzuten nituen, turuta formakoa. Ezer ere ez nintzen estetoskopio hori gabe. Horrela jakiten nuen umea sufritzen ari zen edo ez. Minutu-orratz erlojua ere ezinbestekoa nuen. Osasun laguntzaile lanak ere egin zenituen. Bai. Valladoliden (Gaztela eta Leon) egin nituen ikasketak. Eguneroko lana nolakoa zen? Deitu egiten zidaten, ordutegirik ez zegoen. Emakumeak haur-minak zituenean edo urak apurtzen zituenean, nire bila etortzen ziren. Hasieran lagunduta egiten nituen bueltak. Gero bizikletan, motorrean eta, azkenerako, autoan joaten nintzen. Baserrietara iristea zailagoa izango zen. Errepiderik ez zegoen. Euria goitik behera, txingorra, beroa… Erditze bat zaildu zen behin, baserri batean. Emakumea eskailera batean etzan, eta taxiak jasoko gintuen tokiraino eraman genuen. Horrelako pasarte asko dauzkat. Baserrietakoak eta kalekoak. Zumarragara jende asko iritsi zen lanera; Extremaduratik eta Gaztelatik, batik bat. Baserrietan eta etxoletan familia asko bizi ziren. Elkarren ondoan bizi ziren, gortinakin banatutako gelatan, su bat baino ez zuten. Emakumeen artean asko laguntzen ziren: haurdunaldietan, erditzeetan, umeen zaintzan… Zumarragako Ospitalea ireki zutenean utzi zenion etxeetan erditzeak artatzen zituen emagin izateari. Bai, nire garaian haurrak etxean jaiotzea ohikoena zen. Arriskuren bat egon zitekeenaren susmoa genuenean ospitalean egiten ziren erditzeak. Gero ume guztiak ospitalean jaiotzen hasi ziren. 1984. urtean inauguratu zuten Zumarragako Ospitalea. Ni, 1997ean erretiratu nintzen. Bitarte horretan, kontsultategia ospitalean izan nuen. Zer izan da zuretzat emagin lana? Zoriontsua izan naiz nire lanean. Baina, bokazioa ezinbestekoa dela errepikatuko dut. Nire lana ulertu zuen senarra izan nuen. Zenbat aldiz, hondartzarako prest egon, eta Urola trenaren geralekurako bidean, norbaitek gelditu, buelta eman eta etxera joaten nintzen nire poltsaren bila. Gauez abisu asko izaten ziren. Gaztea nintzen eta osasun ona izan dut. Urretxuko eta Zumarragako belaunaldi bat baino gehiagoren erditzeetan lagundu duzu. Poz asko eta hamaika oroitzapen utziko zizkizun zure lanak. Gogoan dut seme baten ondoren neska jaiotzen zenean etxeetan sumatzen zen poza. Erditze zailetan kezkatu egiten nintzen, baina ez nuen ezer ere esaten. Zortea izan dut, erditze gehienak ondo bukatzen ziren, etxean. Garai hartan, eter anpuluak erabiltzen genituen. Maskara batzuekin eterra xurgarazten genien, mina lausotzeko. Oxitozina mota bat ere bagenuen, erditzeak aurrera egiten ez zuenerako. Zuk hiru seme-alaba izan zenituen, nork lagundu zizun? Lehenengoa Azpeitian izan nuen. Beste biak etxean izan nituen, etxekoek lagunduta. Lapurtutako haurren gaiari buruz, zer diozu? Emagina izanda oso gai latza da niretzat. Nik ez nuen sekula horrelakorik ikusi. Oso gogorra behar du izan erditu zuten emakume horientzat. Egotekotan, horren atzean ere dirua dago. Ama ezkongabeekin zer gertatzen zen? Gogoan dut, ama ezkongabeak Fraisorora eramaten genituela, Billabonara. Gutxi batzuek umea adopzioan eman zuten erditu eta gero. Oro har, egoera horretan zeuden emakumeek beren familiaren babesa izaten zuten. Nola hartu duzu Xera saria emango dizutenaren albistea? Lotsatuta eta eskertuta nago. 61 urte dira Zumarragan bizi naizela.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa