Goierriko mapa turistiko berria aurkeztu dute Sevatur azokan
Goitur Goierriko Turismo Agentziak eskualdeko mapa turistiko berria kaleratu du, eta Donostian egiten ari diren Sevatur azokan aurkeztu du. Goierriko produktu turistiko guztiak biltzen ditu mapa berriak, zerbitzuak turisten esku modu bateratuan aurkezteko: eskualdean dauden alojamentu mota ezberdinak (hotelak, pentsioak, nekazalturismoak, landetxeak, aterpetxeak eta apartamendu turistikoak), jatetxeak, sagardotegiak, gida zerbitzuak, museoak eta interpretazio zentroak, turismo bulegoak…
Igandera arte egongo da Sevatur turismoaren azoka irekita, Donostiako Kursaal-en, eta Goiturreko ordezkariek bertan duten mahaiean eskuratu ahalko da gida berria. Eskualdeko turismo bulegoetan ere eskuragarri dago.
Esperientziak oinarri
Goiturretik adierazi dutenez, maparen bertsio berrituan Goierrin egin daitezkeen bisita eta esperientzia turistikoak zehaztu dituzte. Esperientziak gastronomiarekin, naturarekin eta kulturarekin daude lotuta, eta www.goierriturismo.com webgunean egin dituzten berrikuntzei esker bertan eskura daiteke esperientziei buruzko informazio gehiago.
Mapa turistiko berrian Goierriko informazio guztia bateratu dute, turistei eta bisitariei edukiak euskarri bakar batean eskaintzeko. Guztira, 10.000 ale kaleratu ditu turismo agentziak, eta Ataungo (Lizarraustin eta San Gregorion), Idiazabalgo, Ordiziako, Ormaiztegiko, Segurako, Zegamako eta Zeraingo turismo bulegoetan banatu dituzte.
Urte amaieran, Produktu Gastronomikoaren Klubaren inguruan egingo duten maparekin eta gida gastronomikoarekin batera, mapa turistiko berria izango da Goiturrek eskualdea promozionatzeko erabiliko dituen euskarri berriak.