Lodosako ikastolari laguntza eman diote Andramendik eta udalak
Beasaingo Udalak eta Andramendi ikastolak dirulaguntza eman diote une zailak pasatzen ari den Lodosako (Nafarroa) Ibaialde ikastolari. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren laguntzarik ez du jasotzen, eta aurten, Eusko Jaurlaritzatik eta Espainiako Gobernu...
Beasaingo Udalak eta Andramendi ikastolak dirulaguntza eman diote une zailak pasatzen ari den Lodosako (Nafarroa) Ibaialde ikastolari. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren laguntzarik ez du jasotzen, eta aurten, Eusko Jaurlaritzatik eta Espainiako Gobernutik jasotzen zuten laguntza ere eten egin diete. Hala, Ikastolaren itxiera ekiditeko eta Ikastolaren bizi iraupena ziurtatzeko, dirua biltzeko kanpaina egiten ari dira Euskal Herri osoan. Kanpaina horrekin bat eginez, Beasaingo Udalak 6.500 euroko laguntza eman dio Ibaialderi.
Bestalde, Beasaingo Andramendi Ikastolak, Ikasle bat, euro bat kanpaina egin du azken hilabeteetan, eta guztira, 800 euro bildu ditu, “hasierako helburuaren laukoitza” ikastolako arduradunen arabera. Atzo egin zuten dirua emateko ekitaldia Beasaingo udaletxean. Bertan, Ibaialde ikastolako, Beasaingo Udaleko eta Andramendi ikastolako ordezkariak bildu ziren. Lodosako ikastolako gurasoen izenean, Ana Mendizabalek hartu zuen hitza. “Duela urte batzuk, Nafarroako Euskararen Legea onartu zenean, herrialdea zona euskaldunean, zona mixtoan eta zonalde ez euskaldunean” banatu zutela azaldu zuen. “Gure seme-alabek ez dute euskaraz ikasteko aukerarik”, ez behintzat bide publikotik. Horregatik, “Ibaialde ikastola defendatzen dugu, zonaldean dagoen euskarazko proiektu bakarra delako”.