Gorka Eskalante: «Jendeak ahaztu egin du Haitin gertatu zena, baina egoera larria da»
Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundeak urteak daramatza Haitira eta beste herrialde batzuetara laguntza bidaltzen. Larunbat honetan, edukiontzia bete eta duela bi urteko lurrikarak hainbeste kaltetu zuen herrialdera bidaliko dute. Prestaketa lanetan burubelarri dabil Gorka Eskalante, elkarteko koordi- natzailea, Goierriko eta Gipuzkoako hainbat herritako boluntariorekin batera. Bidali beharreko material guztia prestatzen ariko zarete, ezta? Bai, azken ukituak egunotan emango dizkiogu. Material guztia prest dago jada; orain dena ondo bildu, lotu eta edukiontzia prestatzea falta da. Denera 29 tona ditugu, baina dena ezingo dugu sartu; uste dut gehienez ere 26 tona bidali ditzakegula. Ahal duguna sartuko dugu, garrantzitsuena, eta gainontzekoa hor geldituko da, hurrengo edukiontzia betetzen dugunerako. Eta nola antolatzen duzue lan hori? Boluntarioak beharko dira… Gehienbat jubilatutako jendea etortzen da. Beasaingoez gain, Zumarragatik, Lasartetik, Usurbildik… hainbat herritatik etortzen dira. Astean zehar biltzen gara, batez ere etortzen dena jaso eta kaxak prestatzeko. Herritarrek eta herriko hainbat elkartek ere laguntzen dute, ezta? Bai, Alkartasuna lizeokoek adibidez diru kopuru bat eman dute eguzki lanparak erosteko. Eta horiek ere bidaltzen ditugu. Materiala biltzerakoan, zuek eskatzen duzue zer behar duzuen, ala jendeak emandakoa hartzen duzue? Normalean jendeak emandakoa hartzen dugu. Askok arropa ekartzen dute. Guk udako arropa behar izaten dugu batez ere, baina negukoa ere jasotzen dugu, [...]
Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundeak urteak daramatza Haitira eta beste herrialde batzuetara laguntza bidaltzen. Larunbat honetan, edukiontzia bete eta duela bi urteko lurrikarak hainbeste kaltetu zuen herrialdera bidaliko dute. Prestaketa lanetan burubelarri dabil Gorka Eskalante, elkarteko koordi- natzailea, Goierriko eta Gipuzkoako hainbat herritako boluntariorekin batera.
Bidali beharreko material guztia prestatzen ariko zarete, ezta?
Bai, azken ukituak egunotan emango dizkiogu. Material guztia prest dago jada; orain dena ondo bildu, lotu eta edukiontzia prestatzea falta da. Denera 29 tona ditugu, baina dena ezingo dugu sartu; uste dut gehienez ere 26 tona bidali ditzakegula. Ahal duguna sartuko dugu, garrantzitsuena, eta gainontzekoa hor geldituko da, hurrengo edukiontzia betetzen dugunerako.
Eta nola antolatzen duzue lan hori? Boluntarioak beharko dira…
Gehienbat jubilatutako jendea etortzen da. Beasaingoez gain, Zumarragatik, Lasartetik, Usurbildik… hainbat herritatik etortzen dira. Astean zehar biltzen gara, batez ere etortzen dena jaso eta kaxak prestatzeko.
Herritarrek eta herriko hainbat elkartek ere laguntzen dute, ezta?
Bai, Alkartasuna lizeokoek adibidez diru kopuru bat eman dute eguzki lanparak erosteko. Eta horiek ere bidaltzen ditugu.
Materiala biltzerakoan, zuek eskatzen duzue zer behar duzuen, ala jendeak emandakoa hartzen duzue?
Normalean jendeak emandakoa hartzen dugu. Askok arropa ekartzen dute. Guk udako arropa behar izaten dugu batez ere, baina negukoa ere jasotzen dugu, eta Oñatiko beste elkarte baten bidez, Argentinara bidaltzen dugu. Beraiek ere ematen dizkigute guri gauzak, eta elkartruke horretan aritzen gara. Harreman hori badugu beste elkarteekin.
Erakundeen eta enpresen laguntza ere izaten duzue.
Bai, Donostiako Udalak adibidez, txirrinduak ematen dizkigu. Lapurtutakoak eta gero bilatzen dituztenak, hilabete bat edo bi edukitzen dituzte gordeta. Jabea ez bada jasotzera joaten, pilatzen joaten dira, gero konpondu eta guri ematen dizkigute. Gero zenbait enpresetara zuzenean joaten gara. Lakor enpresari sutarako ontziak eskatu genizkion, Zahor etxeari txokolatea…
Beraz, dena ez da janaria eta arropa.
Ez, ez. Denetarik bidaltzen dugu. Eraikuntzarako material asko bildu dugu: palak, hormigoia egiteko makinak, eskailerak… Mahaiak ere baditugu, aulkiak, ordenagailuak, argindar generadoreak… gauza asko.
Zentzu horretan, nabaritu al duzue ekonomia krisiaren eraginik?
Bai, batzuk laguntzen jarraitzen dute, baina beste kasu batzutan nabaritu da. Egoera zaila da, baina hor dauzkagu Irizar, Kutxa fundazioa eta beste batzuk, beti hor egon direnak eta laguntza mantentzen dutenak. Horrekin aurrera jarraitzen dugu.
Edukiontzi hau Haitira bidaliko duzue. Zein da une honetan han bizi duten egoera?
Egoera larria da, jendea ahaztu egin da Haitin gertatu zenarekin. Duela bi urte, lurrikara izan zenean bai, jende asko mugitu zen, eta guregana ere jende asko etorri zen laguntzera. Baina hori asko hoztu da. Gobernuek eta agindu zuten diru guzti hura ez da behar den tokira iritsi. Eta jendeak esaten du, «baina nolatan ez da ailegatu?» Ba ez da ailegatu. Dakiguna da guk bidalitakoa iritsi dela, hangoek esan digutelako eta argazkiak ditugulako.
Eta zer gertatu da gobernuek eta nazioarteko erakundeek agindutako diru horrekin guztiarekin?
Zer gertatu den? Gobernu batek bestearekin tratua egiten du, baina diru hori ez da behar den tokira iristen. Horrek zer esan nahi duen? Edo norbaiten poltsikora joan dela, edo ez dutela bidali ere egin. Ze adibidez, zer gertatu da Murtzian? Laguntza mordoa bidali behar zuten, eta zenbat iritsi da? Oso oso gutxi. Eta hori Espainian gertatu da. Ba pentsa Haitin.
Zuek bidaltzen duzuen materiala, nola banatzen da gero? Han ba al duzue harreman sarerik?
Orain arte dominikar errepublikara bidaltzen genuen, eta handik Haitira. Baina kontaktu batzuk egin ditugu, eta aurten edukiontzia zuzenean Haitira bida- liko dugu aurreneko aldiz.Han nola banatzen den? Moja mertzedariar batzuk daude, Jahmelen; 8-10 urte daramatzagu haiekin lanean. Osasun zentro bat dute eta eskola bat zabaldu dute oraintsu, besteak beste gure laguntzari esker. Beste moja batzuk ere badaude han, Bilboko elkarte batekin lan egiten dutenak. Ea gure bitartez materiala materiala bidal dezaketen galdetu digute, eta hori ere sartuko dugu.
Beste elkarteekin elkarlan hori baduzue, beraz.
Bai. Elkarlan hori polita da; fabore horiek egiteko elkarren beharra izaten dugu. Aurten adibidez, Etiopia Utopia elkartekoak etorri zitzaizkigun laguntza eske; erakunde handia da, baina ez dute inoiz edukiontzirik bidali, eta guk horretan esperientzia badugunez, guregana jo dute.
Eta aurreko urteetan bidalitakoari, jarraipenik egiten al diozue?
Bai. Iaz ez genuen Haitira bidali, egoera oso txarra zelako. Lurrikara gertatu zenean, sei edukiontzi bidali genituen. Tartean argindarra sortzeko generadoreak. Haruntza iritsi eta martxan jarri zituztenean, gobernua bertara joan eta trabak jartzen hasi zitzaien, ea nondik bidali zituzten, fakturak ikusi nahi zituztela… Hango gobernuarena ikaragarria da. Horregatik iaz Beninera bi edukiontzi bidali genituen. Beste bat Kasongo Lunda Idiazabalgo elkartearekin elkarlanean bidali genuen Kongora, eta beste bat Malira.
Herriak Elkarlanean erakundeak urte batzuk egin ditu dagoeneko. Zu hasieratik zaude saltsa honetan sartuta, ezta?
Bai, 1998. urtean sortu genuen. Bidezko merkataritza aldetik eta hasi ginen, baina 2000. urtean Eritreara joan nintzen, eta erabat jota bueltatu nintzen handik. Eta esan nuen, «hemen zerbait egin beharra dago». Beasainen orduan ez zegoen ezer. Josetxo Martinez misiolaria ezagutzen genuen. Angolan 40 urte egin zituen eta hango hainbat proiektutan laguntzen hasi ginen. Baina Angolan ia dena eginda dago; misiolariak daude, osasun zentro bat dute, eskola bat… Horregatik, beste herrialde batzuekin hasi ginen lanean, batez ere Beninekin eta Haitirekin, eta geroztik horiekin jarraitu dugu.













