
CCOO sindikatuko Enrike Baratak grebak “erabateko arrakasta” izan duela esan du. Aurreikusi zitekeela gaineratu du, “PP-ren gobernuak iragarri dituen murrizketak garrantzitsuak direlako eta eskualdeko lantegi nagusietan egin diren asanbladetan hala erakutsi dutelako bozketek”.
Barataren ustez, asko lagundu du sindikatu guztiek grebarako deia egun bererako egiteak. CCOOk gainerako deialdiekin bat egiteko “esfortzua” egin duela gaineratu du, eta jada bigarren aldia dela hori egiten dutena. Esan dutenez, “orain bi urte ere elkartu egin ginen eta oraingoan ere bai, gaur etsaia beste bat delako, Gobernua”.
Industria ez ezik, merkataritza eta ostalaritza ere erabat gelditu dira, CCOOrko ordezkariaren esanetan, eta Baratak langileen kontzientziazio maila altuari egotzi dio erantzuna: “Nik uste dut hori jendea oso kontzientziatuta dagoelako izan dela, batez ere Goierri bezalako eskualde batean. Goierrin dagoen industria motagatik eta gizarte eredu indartsu bat duelako gertatzen da hori. CAF, Indar, Irizar… bezalako enpresa handiak daude, eta horrek enpresa txikiak ere bultzatzen ditu grebara, eta kontzientziazio maila altuagoa da”.
Lantokietan egin dituzten asanbladetan, langileen parte hartze handia eman dela azpimarratu du Baratak: “Jendea mugitzeko gogoz dago murrizketen kontra. Gobernuak bere erabakian atzera egitea oso zaila izango dela badakiten arren, mobilizatu egin behar dela ikusi dute langileek, eta greba duin bat egin behar dutela argi ikusi dute”.
Barataren esanetan, “langileren bat joan da lanera gaur, baina ez dago enpresarik grebarik egin ez duenik. Anekdota gisa zerbait esatekotan goizean 06:00etan bi-hiru eskirol bizikletan lanerako bidean harrapatu ditugula. Baina anekdota soil bat da, grebaren jarraipena erabatekoa izan delako”. Barataren ustez azken bi hamarkadetan jarraipen handiena izan duen greba da gaurkoa, “1987. urtekoaz geroztik, indartsena da”.
Hala ere, mobilizatzeko beharra gaur ez dela amaitzen azpimarratu du Baratak. “Denok elkarri esku bat botatzeko garaiak iritsiko dira, baina gaurko grebaren arrakastak presioa egiteko balioko du, eta baita sindikatuen artean harremanak estutzeko eta elkarlana ahalbidetzeko ere”.