Datuetan gora-beherak; nork ematen dituenaren arabera
Hego Euskal Herri mailan, sindikatuek %85ean kokatu dute grebak langileen aldetik izan duen jarraipena. Arloz arlo, eta ematen dituenaren arabera, datuak desberdinak dira. [berria.info webgunetik hartutako informazioa]
Gehiengo sindikalaren datuak:
Industrian jarraipen handia izan dela nabarmendu dute: %87koa. Hezkuntzan “guztiek” egin dute greba, eta erakunde publikoetan, %80k baino gehiagok. Osasun alorrean gutxieneko zerbitzuak soilik eman dituzte erietxe askotan, sindikatu horien esanetan. Medikuntzako sindikatuek %75ean jarri dute lanuztearen eragina. Garraioan gutxieneko zerbitzuak soilik ari dira ematen, sindikatuen arabera.
Eusko Jaurlaritzaren datuak
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du alor publikoan langileen %71,9k egin dutela greba. Alorrez alor: hezkuntzan %86,78k, Jaurlaritzaren egoitzetan %78k, justizian %77,64k, Herrizaingo Sailean %67,44k eta Osakidetzan %49,91k. Alor pribatuari dagokionez, Jaurlaritzak jakinarazi du %60-70ekoa dela jarraipena; garraioan %77, komertzioan %67 eta industrian %63.
Confebasken datuak
Confebask patronalak esan du “iragarri baino baxuagoa” dela grebaren eragina. Industrian %60koa dela jakinarazi du. Salatu du piketeen eraginagatik itxi behar izan dituztela ateak hainbat enpresatan.













