
Haizea Mendia, LAB sindikatuko ordezkariaren arabera, “Goierri osoa gelditu da” gaur. “Dena itxita egon da eta ez da inolako arazorik egon” esan du.
Goizean, piketeak lauzpabost orduz ibili direla argitu du, eta ez dela arazorik egon: “Industria eta merkataritza gune handiak erabat itxita zeuden eta berdin gertatu da tamaina txikikoekin ere”.
Mendiaren ustetan, “inoiz baino jende gehiagok egin du bat grebarekin eta esan daiteke ia erabatekoa izan dela, ia %100eko jarraipena izan duela”. Piketeetan Ertzaintzaren presentzia “uneorokoa” izan dela jakinarazi du, baina ez dela istilurik egon. Piketeetan gazteek eta emakumeek izan duten presentzia handia ere aipatu du.
Grebaren balorazioa oso positiboa da LABentzat. “Asanbladetan ikusten genuen jarraipen oso zabala izango zuela, lantegietan egindako asanbladetan langileen %90 baino gehiago grebaren alde agertu zelako, eta gaur ere hala izan da” esan du. “Oraingoan, gainera, beste batzuetan grebarekin bat egin ez duten enpresa eta lantegi batzuek bat egin dute, adibidez Arcelorrek, eta hori oso positiboa da” amaitu du.