Mende erdiko gurutze bidea

Usurbeko gurutzeak abuztuan beteko ditu 60 urte, baina ez da aurten urteurren borobila ospatuko duen bakarra. Izan ere, mendi horretara egiten den gurutze bideak, mende erdia beteko du bihar. Urteurren hori gogoratzeko, aurreneko aldi hartatik urtero egin duten moduan, Beasaingo fededunek gurutze bidea egingo dute, Loinazko San Martinen estatuatik abiatuta. Loinazko San Martinen kanonizazioaren mendeurrena ospatzen ari ziren beasaindarrak 1961 eta 1962. urteen artean. Fedea eta debozioa puri-purian zeuden garai hartan. Testuinguru horretan, herriko hainbat elkartek bat egin, eta Usurbeko bidean hamahiru gurutze jartzea pentsatu zuten, nolabait ere, Jesusen pasioa irudikatzeko. Herriko bi parrokiarekin batera, Aizkorri mendizale taldea izan zen ekimen hura bultzatu zutenetako bat. Garaiko kronikek diotenez, «mendizaleek gogor lan egin zuten gurutze bidea osatzeko». Aizkorri mendizale elkarteko Tomas Salazarrek ere hala azaldu du: «bai Usurbeko gurutzea, eta baita bidean dauden hamahiru gurutzeak, mendizale elkartekoek jarri zituzten». Harrezkero elkarteko kideek parte hartu izan dute martxan, baina antolaketa  parrokien esku gelditu da. 1962ko maiatzaren 30ean egin zuten bidea, aurrenekoz. Ibilaldi hartan bi mila lagun inguruk parte hartu zuten. Gauez joan ziren herrigunetik Usurbeko gainera. Eguraldiak ez zien askorik lagundu, ordea, eta sekulako euri jasa bota zuen gau hartan. Aurreneko prozesio hartan parte hartu zutenetako bat da Raquel Ugalde. Hogeita zazpi urte zituen orduan –egun [...]

Usurbeko gurutzea 1953an inauguratu zuten, duela 60 urte.

Usurbeko gurutzeak abuztuan beteko ditu 60 urte, baina ez da aurten urteurren borobila ospatuko duen bakarra. Izan ere, mendi horretara egiten den gurutze bideak, mende erdia beteko du bihar. Urteurren hori gogoratzeko, aurreneko aldi hartatik urtero egin duten moduan, Beasaingo fededunek gurutze bidea egingo dute, Loinazko San Martinen estatuatik abiatuta.
Loinazko San Martinen kanonizazioaren mendeurrena ospatzen ari ziren beasaindarrak 1961 eta 1962. urteen artean. Fedea eta debozioa puri-purian zeuden garai hartan. Testuinguru horretan, herriko hainbat elkartek bat egin, eta Usurbeko bidean hamahiru gurutze jartzea pentsatu zuten, nolabait ere, Jesusen pasioa irudikatzeko.

Herriko bi parrokiarekin batera, Aizkorri mendizale taldea izan zen ekimen hura bultzatu zutenetako bat. Garaiko kronikek diotenez, «mendizaleek gogor lan egin zuten gurutze bidea osatzeko». Aizkorri mendizale elkarteko Tomas Salazarrek ere hala azaldu du: «bai Usurbeko gurutzea, eta baita bidean dauden hamahiru gurutzeak, mendizale elkartekoek jarri zituzten». Harrezkero elkarteko kideek parte hartu izan dute martxan, baina antolaketa  parrokien esku gelditu da.

1962ko maiatzaren 30ean egin zuten bidea, aurrenekoz. Ibilaldi hartan bi mila lagun inguruk parte hartu zuten. Gauez joan ziren herrigunetik Usurbeko gainera. Eguraldiak ez zien askorik lagundu, ordea, eta sekulako euri jasa bota zuen gau hartan.

Aurreneko prozesio hartan parte hartu zutenetako bat da Raquel Ugalde. Hogeita zazpi urte zituen orduan –egun 77 ditu­–, eta amarekin batera egin zuen bidea. «Sekulako abentura» izan zela baina «oso polita» izan zela dio. «Oso oroitzapen onak ditut, eta sekula santan ahaztuko ez ditudan irudiak gelditu zitzaizkidan». Pergoletatik abiatu ziren, Loinazko San Martinen estatua dagoen tokitik. Aurretik, argiztatutako gurutze bat zeramatzaten, eta askok, esku argiekin egin zuten bide osoa. «Agortaraino ondo joan ginen, Baina handik gora bidetxurra zen dena, eta gauez, euritan eta garai hartako oinetakoekin… pentsa, orduan ez genuen oraingo mendiko botarik, eta kaleko zapatekin joan ginen». Bidean zehar asko izan ziren zapatak lokatzetan galdu zituztenak.

Bidean zehar kantuak eta errezuak eginez joan ziren. Goizeko ordu bietan iritsi ziren Usurbeko gurutzera, eta bertan egin zuten azken otoitza, Segundo Dorronsoro apaizak gidatuta. Ugaldek gogoan du beherako bidea ere. «Asko galdu ere egin ziren bidean. Gu goizaldeko lauetan iritsi ginen behera. San Martingo elizan meza entzun eta etxera joan ginen. Oso gau polita izan zen».
Harrezkero, egunez egin izan dute urtero gurutze bidea, herriko bi parrokiek antolatuta. Bihar ere, 08:00etan abiatuko dira, eta 10:30-11:00ak aldera iritsiko dira Usurbeko gurutzera.

Bideko hamahiru gurutzeak zaharberritu dituzte
Usurbeko gurutze bidearen 50. urtemuga dela eta, Beasaingo jasokundearen parrokiak gurutzeak zaharberritzeko eskaera egin zion udalari. Udal langileek, bidean dauden hamahiru gurutzeak margotu eta zenbait kasutan konpondu ere egin dituzte. Iñigo Apaolaza udal taldeko arduradunak azaldu duenez, «gurutze horietako gehienak konpondu eta margotu egin ditugu; batzuk tokiz aldatu eta bat edo beste berria ere jarri dugu».

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa