Saturdin altuerako festa
Paraje zoragarrian eta ikuspegi ederreko gaintxoan egoteaz gain, urtean behin festa ikusgarria egiten dute Zaldibiako Saturdi auzoan, Pazko astelehenean. Herenegun elkartu ziren zaldibiarrak baselizaren inguruan, egun osoko jaia egiteko. Ume jolasekin hasi zen egitaraua, eguerdian, meza ostean. Ingurukoek «betidanik» ezagutu duten korrika apustua ere egin zuten haurrek. Zaldibiako Iztueta taldeko dantzari larrienei egokitu zaie aurten saioa janztea. Auzo bazkaria Agerre baserrian zerbitzatu zuten, urteroko legean. Peñagarikano eta Amaia Agirre bertsolariek «saio elegantea» egin zuten, eta trikitiz alaitzen Gari eta Iñaki jardun ziren. Erromeria giro bete-betea izan zen, eguraldi paregabearekin. Arratsaldean herri kirolak Bazkalondoko erritualak eginda, goi mailako herri kirol ikuskizuna izan zen arratsaldean. Goi mailakoa, partaide izan ziren kirolarien neurriagatik; baina baita altuerarekin zerikusia zuelako ere. Iñaki Azurmendi eta Floren Nazabal aizkolariei langintza hazi samarra jarri zieten: Hiru metro diametroko eta beste horrenbeste altuerako enborra. Bitxitasuna Xapre eta Furriela zaldibiar trikitilariek ipini zuten. Puntara igo, eta soinu-panderoak astindu zituzten, bi aizkolariak oinean aizkoran ari bitartean. Hamahiru minutuko lana behar izan zuten ebakitzeko. Musikariak lehenago jaitsi ziren behera. «Duela urte asko Zaldibiako plazan egin zen ikuskizuna errepikatu dugu. Orduan Ataungo Aierbek ebaki zuen enborra, baina Xapre eta Furriela aritu ziren soinu jotzen enborraren gainean», gogoratu du Migel Mari Jauregi Altzo-k. Zaldibiarren [...]
Paraje zoragarrian eta ikuspegi ederreko gaintxoan egoteaz gain, urtean behin festa ikusgarria egiten dute Zaldibiako Saturdi auzoan, Pazko astelehenean. Herenegun elkartu ziren zaldibiarrak baselizaren inguruan, egun osoko jaia egiteko.
Ume jolasekin hasi zen egitaraua, eguerdian, meza ostean. Ingurukoek «betidanik» ezagutu duten korrika apustua ere egin zuten haurrek. Zaldibiako Iztueta taldeko dantzari larrienei egokitu zaie aurten saioa janztea.
Auzo bazkaria Agerre baserrian zerbitzatu zuten, urteroko legean. Peñagarikano eta Amaia Agirre bertsolariek «saio elegantea» egin zuten, eta trikitiz alaitzen Gari eta Iñaki jardun ziren. Erromeria giro bete-betea izan zen, eguraldi paregabearekin.
Arratsaldean herri kirolak
Bazkalondoko erritualak eginda, goi mailako herri kirol ikuskizuna izan zen arratsaldean. Goi mailakoa, partaide izan ziren kirolarien neurriagatik; baina baita altuerarekin zerikusia zuelako ere.
Iñaki Azurmendi eta Floren Nazabal aizkolariei langintza hazi samarra jarri zieten: Hiru metro diametroko eta beste horrenbeste altuerako enborra. Bitxitasuna Xapre eta Furriela zaldibiar trikitilariek ipini zuten. Puntara igo, eta soinu-panderoak astindu zituzten, bi aizkolariak oinean aizkoran ari bitartean.
Hamahiru minutuko lana behar izan zuten ebakitzeko. Musikariak lehenago jaitsi ziren behera. «Duela urte asko Zaldibiako plazan egin zen ikuskizuna errepikatu dugu. Orduan Ataungo Aierbek ebaki zuen enborra, baina Xapre eta Furriela aritu ziren soinu jotzen enborraren gainean», gogoratu du Migel Mari Jauregi Altzo-k.
Zaldibiarren ausardia eskertzeko, enborrari bigarren korte bat eman zioten gero bi aizkolariek, antzina bezala, zuhaitza botatzeko epaia azkar eginez.













