Igartza argazki sariak azken urteetako parte hartzaile kopururik handiena izan du
Juan Jose Lopez bergararrak irabazi du mendiko argazkien XIII. Igartza Saria. Guztira 50 bat argazkilarik parte hartu dute, eta 229 lan aurkeztu dituzte lehiaketarako. Podiuma Rafa Herrero irundarrak eta Jose Luis Perez beasaindarrak osatu dute. Herriko argazkilari onenaren saria, berriz, Tomas Sarasolak jaso du. Ostiraletik aurrera, saritutako argazkiak eta beste 30 bat lan ikusteko aukera izango da, Usurben zabalduko duten erakusketan. Antolatzaileak gustura gelditu dira aurtengo lehiaketak eman duenarekin, bai kantitate eta bai kalitate aldetik ere, edizio oparoa izan baita. Juan Carlos Martin elkarteko kideak azaldu duenez, «aurten 229 argazki aurkeztu dituzte guztira, beste urte batzuetan jaso duguna baino gehiago da hori». Argazki horien artean onenak aukeratzeko, elkarteko bi kidek eta iazko saridunek osatutako epaimahaikoa astelehen iluntzean bildu zen, Argizpi elkartearen egoitzan. Bertan, aurreneko hiru sarituak eta herriko argazkilaririk onena aukeratu zituzten. Baina horrez gain, ostiralean zabalduko duten erakusketa osatuko duten argazkiak ere aukeratu zituzten. Elkarteko kideen esanetan, 40 bat argazki izango dira, «lanen kalitatearen arabera» aukeratutakoak. Erakusketa ostiral honetan zabalduko dute, 19:00etan, Usurbe antzokiko erakusketa aretoan. Sariak ere bertan banatuko dituzte. Argazki horiek ikusteko aukera, hilaren 29ra arte izango da. Elkartea berritu nahian Argizpi elkartean 20 bazkide ditu, baina bost bat dira antolaketa lanetan gehien aritzen direnak. Urtean zehar, hainbat lehiaketa antolatzen dituzte; [...]
Juan Jose Lopez bergararrak irabazi du mendiko argazkien XIII. Igartza Saria. Guztira 50 bat argazkilarik parte hartu dute, eta 229 lan aurkeztu dituzte lehiaketarako. Podiuma Rafa Herrero irundarrak eta Jose Luis Perez beasaindarrak osatu dute. Herriko argazkilari onenaren saria, berriz, Tomas Sarasolak jaso du. Ostiraletik aurrera, saritutako argazkiak eta beste 30 bat lan ikusteko aukera izango da, Usurben zabalduko duten erakusketan.
Antolatzaileak gustura gelditu dira aurtengo lehiaketak eman duenarekin, bai kantitate eta bai kalitate aldetik ere, edizio oparoa izan baita. Juan Carlos Martin elkarteko kideak azaldu duenez, «aurten 229 argazki aurkeztu dituzte guztira, beste urte batzuetan jaso duguna baino gehiago da hori».
Argazki horien artean onenak aukeratzeko, elkarteko bi kidek eta iazko saridunek osatutako epaimahaikoa astelehen iluntzean bildu zen, Argizpi elkartearen egoitzan. Bertan, aurreneko hiru sarituak eta herriko argazkilaririk onena aukeratu zituzten. Baina horrez gain, ostiralean zabalduko duten erakusketa osatuko duten argazkiak ere aukeratu zituzten. Elkarteko kideen esanetan, 40 bat argazki izango dira, «lanen kalitatearen arabera» aukeratutakoak.
Erakusketa ostiral honetan zabalduko dute, 19:00etan, Usurbe antzokiko erakusketa aretoan. Sariak ere bertan banatuko dituzte. Argazki horiek ikusteko aukera, hilaren 29ra arte izango da.
Elkartea berritu nahian
Argizpi elkartean 20 bazkide ditu, baina bost bat dira antolaketa lanetan gehien aritzen direnak. Urtean zehar, hainbat lehiaketa antolatzen dituzte; Igartza sariaz gain, festetan egiten duten Loinatz saria eta udazkeneko argazki rallya dira urteko ekintza nagusiak. Juan Carlos Martinek azaldu duenez, «festen inguruan beti antolatzen dugu gai libreko lehiaketa, Loinaz Saria izenekoa. Orain hasi gara oinarriak bidaltzen, eta epaimahaia, festak baino astebete lehenago bilduko da».
Horrez gain, udazken kulturalari begira, oinarrizko argazkilaritza eta photoshop programa lantzeko ikastaro bat egiten dute, hasiberrientzat. Irteerak-eta egiten zituzten lehen, baina aspaldian utzita daude. «Orain lortu nahi duguna, elkartea pixka bat dinamizatzea da, jende berria sartzea, horrelako gauzak antolatzeko». Egungo zuzendaritzak, urte asko daramatza lanean, eta nekea ere antzematen zaie. «Batzuk betidanik gaude hor, nik adibidez 15 urte egin ditut zuzendaritzan; jende berria sartzeko eta haiei erreleboa emateko gogoz nago».
Bazkide egin nahi duenak, argizpi@hotmail.es helbide elektronikoaren bidez jar daiteke elkartekoekin harremanetan. Egoitza berriz, arte plastikoen Urbieta zentroan dute.
IGARTZA SARIA
Sari nagusiak:
- Juan Jose Lopez (Bergara).
- Rafa Herrero (Irun).
- Jose Luis Perez (Beasain).
Herriko saria:
- Tomas Sarasola (Beasain).
ERAKUSKETA:
- Zer. Igartza Saria Mendiko Argazki Lehiaketako 40 batargazki, sarituak eta epaimahaiak aukeratutako hainbat lan.
- Non. Usurbe antzokiko erakusketa aretoan.
- Noiz. Ostiral honetan, apirilak 20 zabalduko dute, 19:00etan. Erakusketa hilaren 29ra arte egongo da ikusgai.













