Nekazari Anaidia elkarteak aldizkari batean jaso du 40 urteko historia luzea
Legazpiko Telleriarte auzoko Nekazari Anaidia elkarteak 40 urte betetzen ditu aurten. Urteurrena ospatzeko, igande honetan elkartearen historia biltzen duen aldizkaria aurkeztuko dute elkartearen egoitzan bertan. Maiatzaren 27an, berriz, herri bazkaria egingo dute bazkide, nahiz lagun guztientzat. Telleriarteko Nekazari Anaidia 1972an sortu zuten zenbait auzotarrek. Sebastian Santesteban da horietako bat. Garai hartan, auzoan zeuden bi tabernak itxi zituztela eta, «auzotarrentzako eta baserritarrentzako bilgune izateko jaio zen elkartea», esan du. Elkarte soil bat baino gehiago izan da, ordea, Telleriartekoa, izan ere 1976tik 1996era Telleriarteko Ziklo kros txapelketak antolatzeko ardura hartu zuen. «Lagun artean sortu zen ideia», dio Santestebanek, «baina urteak aurrera joan ahala, izena eta ospea hartu zuen txapelketak». 1976ko abenduaren 5ean egin zuten lehendabiziko lasterketa. Eta atzetik 90 bat lasterketa gehiagoren lekuko izan dira auzoko belardiak eta zelaiak. Santestebanek oroitzen duenez, «Gipuzkoako, Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarteko makina bat lasterketa» jokatu ziren bertan, eta garai hartan punta-punta zebiltzan txirrindulari gehienak izan ziren Telleriarten. Telleriarten lasterketan aritu ziren txirrindulari guztiak aipatzeak luze joko luke, baina Euskal Herrikoak direnak ondo gogan ditu Santestebanek: «Jokin Mujika, Juanito Gorostidi, Jose Mari Yurrebaso, Iñaki Maiora, Mikel Intsausti, Xabier Aldanondo, Benito Duran, Rafa Gonzalez… horiek gogoratzen ditut momentuz, baina zerrenda amaigabea da», aitortu du. Horietako asko gonbidatu [...]
Telleriarteko Nekazari Anaidia 1972an sortu zuten zenbait auzotarrek. Sebastian Santesteban da horietako bat. Garai hartan, auzoan zeuden bi tabernak itxi zituztela eta, «auzotarrentzako eta baserritarrentzako bilgune izateko jaio zen elkartea», esan du.
Elkarte soil bat baino gehiago izan da, ordea, Telleriartekoa, izan ere 1976tik 1996era Telleriarteko Ziklo kros txapelketak antolatzeko ardura hartu zuen. «Lagun artean sortu zen ideia», dio Santestebanek, «baina urteak aurrera joan ahala, izena eta ospea hartu zuen txapelketak».
1976ko abenduaren 5ean egin zuten lehendabiziko lasterketa. Eta atzetik 90 bat lasterketa gehiagoren lekuko izan dira auzoko belardiak eta zelaiak. Santestebanek oroitzen duenez, «Gipuzkoako, Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarteko makina bat lasterketa» jokatu ziren bertan, eta garai hartan punta-punta zebiltzan txirrindulari gehienak izan ziren Telleriarten.
Telleriarten lasterketan aritu ziren txirrindulari guztiak aipatzeak luze joko luke, baina Euskal Herrikoak direnak ondo gogan ditu Santestebanek: «Jokin Mujika, Juanito Gorostidi, Jose Mari Yurrebaso, Iñaki Maiora, Mikel Intsausti, Xabier Aldanondo, Benito Duran, Rafa Gonzalez… horiek gogoratzen ditut momentuz, baina zerrenda amaigabea da», aitortu du.
Horietako asko gonbidatu dituzte igandeko aldizkariaren aurkezpenera, eta gehientsuenak bertan izango direla baieztatu dute. 12:30ean hasiko dute ekitaldia, elkartean bertan.
Elkartea bere onenean
Ospakizunekin jarraitzeko maiatzaren 27an herri bazkaria egingo dute auzoko plazan jarriko duten karpan. Bertsolariek eta trikitilariek lagunduko dute bazkal ondorena.
1996an egin zuten azken ziklo kros txapelketa, «Euskal Herriko txapelketa izan zen», dio Santestebanek. Baina elkarteak ez du inoiz txirrindularitzarekin duen harremana hautsi. Legazpin makina bat lasterketa antolatzen jarraitzen du. Elkarteak 40 urte bete ditu, baina bazkideek bere onenean dagoela baieztatzen dute.