Mendia euskaraz mintzo da
Mendia ez da bakarrik bakardadea», esan zuen Luis Pedro Peña Santiago idazle eta etnologo gipuzkoarrak. Bizitza osoak mendizalearen bidera jauzi egiten duela idatzita utzi zuen, «eta guk ezin dugu geldiarazi, bera gu geu garelako». Urretxuko eta Zumarragako Ostadar mendi taldeko kideek gogora ekarritako hitzak dira. Izan ere, Jonmikel Intsausti eta Juan Mari Gabilondo zumarragarrek mendiak mundua ezagutzeko aukera ematen diela diote. Eta, beren kasuan, mendiaren ateak euskaraz ireki nahi izan dituzte gainera, duela 18 urte.
Urte horietan guztietan, Ostadarrek antolatzen dituen irteerak euskaraz dokumentatzen jardun dute. Elkartea 1982. urtean sortu zuten, eta 1994an hasi ziren ibilbideen gaineko informazioa euskaraz ematen.
Ostadar mendi taldeak Urretxuko eta Zumarragako udalekin hitzarmena sinatu zuen urte hartan. Zintzo Mintzo euskara elkarteak sustatuta, bi herrietako hainbat elkartek euskararen erabilera bultzatzeko konpromisoa hartu zuten. Aurretik, hasiak ziren jada gaztelaniaz irteeren inguruko informazio sorta biltzen, eta mendizaleen artean banatzen.
Juan Mari Gabilondok hasieran egiten zituzten txostenak gogoratu ditu, «eskema xumeak ziren. Aldizkarietako informazioaren kopia egiten genuen, eta bolalumaz ibilbidea markatzen genuen». Urteetan, Ostadarreko zuzendari izandako Luis Migel Gonzalezek ekin zion dokumentazio lanari.
Hasierako txostenak
Sinatutako hitzarmenaren harira, lanean hasi ziren euskararen presentzia bermatu asmoz. Jonmikel Intsausti Ostadarreko kide izateaz gain, Zintzo Mintzoko bazkidea ere bazen. «Nik hartu nuen euskararen erabilera bultzatzeko ardura. Egun, euskaraz egiten dugu barne komunikazioa, eta euskaraz banatzen dugu ibilbideen txostena», azaldu du Intsaustik.
Ostadar elkarteko kideek ibilbideak dokumentatzeari aspaldi eman diote garrantzia. Juan Mari Gabilondoren hitzetan, «irteerak prestatzeko beste modu bat da. Mendizaleek autobusean goazela irakurtzen dute; ondoren, mendia beste begi batzuekin ikusten dutela uste dut».
Hasieran, txostenak hartzen zuen informazioa ibilbidearen gainekoa zen hein handi batean. Denborarekin, mendizalearen oinetara jauzi egiten duen bizitza hori integratzen hasi ziren. «Garai hartan, informazioa lortzeko liburutegira jo behar genuen. Egun, Interneta baliatuz, informazio andana bildu dezakegu», dio Intsaustik.
Bisitatzen dituzten tokien eta mendien historiaren, ekonomiaren, arkitekturaren eta kondairen berri eman ohi dute, besteak beste. Olerkiren bat ere eramaten dute ibilbidearen txostenera.
1998. urtean webgunea sortu zuen Ostadarrek. Bertan, informazioa euskaraz nahiz gaztelaniaz ematen dute. Gipuzkoan webgunea izan zuen lehenengo mendi taldea izan zen Ostadar; Euskal Herrian, bigarrena.
Webgunean publikatu dute taldearen 25. urtemugaren harira idatzitako liburua. Webgunean publikatzen dituzte hilean behin egiten dituzten irteeren txostenak.
2002ko abenduan Felix Iñurrategi saria jaso zuen Ostadarrek Donostian, kirola euskaraz sustatzeko egindako ahaleginagatik. Aurretik, 2000. urtean Euskal Ziberkulturaren Behatokiaren eskutik, Donostian aurkeztu zuten webgunea. 2007an, Zumarragako Udalak ordura arte Ostadarrek egindako lanari aitortza egin zion. Nolanahi ere, mendi taldea Urretxuko eta Zumarragako mendizaleek osatzen dute.
Batez beste, Ostadar mendi taldeak antolatzen dituen irteeratan 25 lagun inguruk parte hartzen dute. Urtarrilean eta otsailean goizeko ibilaldiak egiten dituzte; horietara mendizale gehiago joan ohi da. Martxotik aurrera egun osoko irteerak antolatzen dituzte. «Igoko dugun mendiaz gain, ingurua ere interesekoa izan dadin saiatzen gara», dio Intsaustik. Ataungo Erreketeen Ibilbidea egin zuten, adibidez, «bisita didaktiko gisa antolatuta, azalpen eta guzti», gehitu du. Goierriko bira ere antolatu zuten, Urretxuko Goierri mendi elkartearekin batera. «Dokumentazio lan itzela egin genuen. Gainera, hutsetik abiatu ginen, bira hori, bere horretan, egin gabe baitzegoen», gehitu du Intsaustik.
Azaroan egingo duten Mendi Astearen barruan, euskal mendizaleentzat baliagarria izango den baliabide berria kaleratzeko asmoa daukate. Lanean ari dira buru-belarri, baina oraindik baliabide hori zertan datzan ez dute argitu. Aurreratu daiteke, hala ere, mendiak irekitzen duen mundu zabal horren euskarazko isla paregabea izango dela.















