
Goierriko Hitzak lehiaketa berezi bat hasi du webgunean maiatzarekin batera. Egunero sari bat zozkatuko du –gaur hasita–, eta sari gisa jaso litezkeen produktuen artean, liburuak, diskak, arropa edota karting-ean ibiltzeko sarrerak daude.
Maiatzean zehar, egunkaria argitaratuko den egun guztietan egingo da lehiaketa, eta sariak eskuratzeko goierri.hitza.eus webgunean jarritako galderari erantzutea nahikoa izango da. Goizero, 09:00etan, Goierriko Hitzak egun horretako egunkariko albisteren batekin lotutako galdera luzatuko die irakuleei goierri.hitza.eus/sareko-lehiaketa helbidean, eta saria eskuratzeko nahikoa izango da galdera zuzen erantzueta. Erantzuna eta parte hartzailearen datuak email bidez bidali behar dira goierrisarean@hitza.info helbidera, egun horretako 18:00ak baina lehen.
Maiatza osoan zehar
Maiatzaren 31ra arte, egunkaria argitaratuko den egun guztietan –asteartetik ostiralea– egingo da lehiaketa. Galderaren asmatzaileekin, egunero, zozketa bat egingo da egunaren bukaeran, eta hurrengo goizean, galdera berriarekin batera emango da ezagutzera irabazlearen izena.
Irabazle bakoitzari modu pertsonalean ere emango zaio sariaren berri, eta ostiraleko egunkarian asteko saridunen izenak ere argitaratuko dira.
Sariak denetarikoak izango dira: liburuak, diskak, arropa, sarrerak… Banatuko diren liburuen artean, Miriam Lukiren eta Concceta Probanzaren Euslandia liburua, Peio Zabalaren Eguraldia airean dabil izenekoa, eta Goierriko Hitzak argitaratutako Hitzalean ipuin sorta banatuko dira, besteak beste.
Disken artean, Klak!son eta Elbereth musika talde goierritarren diska berriak izango dira zozkatuko direnak. Lehendabizikoenak Zai at Devo City izena du eta legazpiarrenak, berriz, Itzalitako izarren lurraldean. Goierriko trikitilarien Bizi! diska ere banatuko diren oparien artean dago.
Jertseak eta kamisetak ere banatuko ditu eskualdeko egunkariak sarien artean. Azken horiek, kirola egiteko kamisetak dira, eta Josu Maroto marrazkilari zumarragarraren diseinua daramate. Neskentzako eta mutilentzako kamisetak izango dira. Azkenik, Olaberriako karting zirkuitoan ibiltzeko sarrerak ere irabazi ahalko dira bihar hasiko den lehiaketan. Sariak jasotzera Goierriko Hitza-ren eta GoiBerriren Urretxuko (Barrenkale, 13) edo Beasaingo (Urbialde 7, behea) bulegoetara joan beharko da.
Begiratzeko modu berria
Goierriri begiratzeko modu berri bat eskaintzen dute Goierriko Hitzak eta GoiBerrik interneten, egunetik egunera produktu osatuago bat eskainiz. Argazki galeriak, blogari goierritarren jarioak, bideoak, Segura Irratiko Bixi-Bixi irratsaioa, asteburuetarako proposamenak, zuzenekoak, festei eskainitako atal berezia, Ordiziako azokako prezioen zerrenda, jarraipen bereziak… jadanik Goierriko plaza birtualean aurki daitezkeen atalak dira. Horiekin, erabiltzaileei eskualdeari begiratzeko modu berri bat eskaini nahi zaie.
Hori guztia, baina, ezin izango litzateke egin egunero gure atarietan sartzen diren nabigatzailerik gabe, eta horien fideltasuna eskertzeko asmoz abiarazi da lehiaketa berezi hau.