Festak musikaz beteta
Dagoeneko bi aste besterik ez dira falta aurtengo Loinatz jaiak hasteko. Maiatzaren 18an hasi eta 27ra arte iraungo dute festek, eta urtero bezala, musika eskaintza zabalarekin datoz. Besteak beste, Bongo Botrako, Inoren Ero Ni, Gozategi, Ingo al deu? eta Lain taldeek joko dute. Gurutze Sukia kultur teknikariak azaldu duenez, festa batzordean proposatutako taldeak dira denak. Egunaren arabera, musika mota bat edo bestea jartzen saiatzen dira, estiloa eta egun bakoitzeko publikoaren adina kontuan hartuta. «Taldeetan emakumeen presentzia» bermatzen ere saiatzen dira. Jaien aurreneko egunean, hilaren 18an, bertako taldeen kontzertua egingo dute, txosna batzordeak antolatuta. Sukiaren hitzetan, «aurreneko ostirala herriko taldeentzat» gordetzen dute. Having a laugh, TLS, Wild Hearts eta Hell Beer Boys taldeak igoko dira txosnetako oholtzara. Bideluze plazan berriz, «adin guztietarako modukoa den talde bat» jarri nahi izan dute, aurten Gozategi talde oriotarra; izan ere, Mariren jaitsiera dela eta, herritar gehien ateratzen den eguna da ostirala. Larunbata, gazteentzat Larunbata berriz, «batez ere gazteentzako eguna» izaten da, eta horien gustuko taldeak ekartzen saiatzen dira, «dantzarako modukoak gehienetan». Gazteen eskariz, Lain eta Bongo Botrako taldeak ekarriko dituzte. Lain, euskal talde gaztea da, pop musika egiten duena, eta gazteenen artean arrakasta handia izan duena. Bongo Botrako ere talde gaztea da, baina sona handia izan du Todos los días sale el sol [...]
Dagoeneko bi aste besterik ez dira falta aurtengo Loinatz jaiak hasteko. Maiatzaren 18an hasi eta 27ra arte iraungo dute festek, eta urtero bezala, musika eskaintza zabalarekin datoz. Besteak beste, Bongo Botrako, Inoren Ero Ni, Gozategi, Ingo al deu? eta Lain taldeek joko dute.
Gurutze Sukia kultur teknikariak azaldu duenez, festa batzordean proposatutako taldeak dira denak. Egunaren arabera, musika mota bat edo bestea jartzen saiatzen dira, estiloa eta egun bakoitzeko publikoaren adina kontuan hartuta. «Taldeetan emakumeen presentzia» bermatzen ere saiatzen dira. Jaien aurreneko egunean, hilaren 18an, bertako taldeen kontzertua egingo dute, txosna batzordeak antolatuta. Sukiaren hitzetan, «aurreneko ostirala herriko taldeentzat» gordetzen dute. Having a laugh, TLS, Wild Hearts eta Hell Beer Boys taldeak igoko dira txosnetako oholtzara. Bideluze plazan berriz, «adin guztietarako modukoa den talde bat» jarri nahi izan dute, aurten Gozategi talde oriotarra; izan ere, Mariren jaitsiera dela eta, herritar gehien ateratzen den eguna da ostirala.
Larunbata, gazteentzat
Larunbata berriz, «batez ere gazteentzako eguna» izaten da, eta horien gustuko taldeak ekartzen saiatzen dira, «dantzarako modukoak gehienetan». Gazteen eskariz, Lain eta Bongo Botrako taldeak ekarriko dituzte. Lain, euskal talde gaztea da, pop musika egiten duena, eta gazteenen artean arrakasta handia izan duena. Bongo Botrako ere talde gaztea da, baina sona handia izan du Todos los días sale el sol lanari esker. Kataluniako taldeak rumba, ska eta punk doinuak nahasten ditu, festa girorako aproposa den musika alaia eginez. Bi talde horiek ere, «jendeak proposatutakoak» direla azaldu du Sukiak. «Gainera, beti saiatzen gara puntan dabilen edo sona duen talderen bat ekartzen. Iaz Esne Beltza ekarri genuen, eta duela bi urte Gatibu».
Igandea ere, «familia giroko eguna» izaten da, eta horregatik, Mixel Ducau eta Caroline Phillips bikotearen Bidaia taldea ekarriko dute. Kuadrilla egunerako berriz, «egun horretan urtero etortzen den Egan taldeak» joko du. Festen bigarren asteburuan ere izango da kontzertuetarako tartea. Txosna gunean, Achtung!, Inoren Ero Ni eta Peachy Joke taldeek joko dute, eta larunbatean, dantzaldia izango da, Ingo al deu? talde andoaindarrarekin.
Barrakak, Gipuzkoa plazan
Festekin batera etorri ohi dira barrakak eta umeentzako jolasak. Aurten ere Gipuzkoa plazan jarriko dituzte; hori dela eta, udalak deia egin die herritarrei, datorren astearterako, aparkalekua erabat hustuta egon dadin, barrakak muntatzen hasteko.