Gaur goizean banatu dituzte Beasaingo Loinatz jaietako kartela aukeratzeko lehiaketaren sariak. Irene Sarria donostiarrak jaso du sari nagusia, Punttu-punttuan lanari esker. Kartel hori erabiliko dute, bai herrian zehar jartzeko eta baita jaietako egitarauaren azalerako ere. Gaztetxoen mailan berriz, Irati Gonzalezen lana saritu dute. Lan horiek eta lehiaketan parte hartu duten beste guztiak, hilaren 13ra arte ikusgai egongo dira, Usurbe antzokian. Koldo Agirre alkateak azaldu duenez, denera 66 kartel jaso dituzte, horietako gehienak gaztetxoen mailan. “Ikastetxeetatik urtero egiten duten lana eskertu” nahi izan zuen Agirrek, “54 lan jasotzea, kopuru polita” baita. Helduen mailan berriz, 12 lan jaso dituzte. Horietatik, maila bakoitzean launa lan aukeratu zituen epaimahaiak, eta jendeak udalaren webgunean emandako botoen bidez aukeratu dute irabazlea. Nagusien mailan, 701 boto jaso ditu Irene Sarriak. Bigarren berriz, Mikel Cerdeira beasaindarra gelditu da, Gora Beasain lanarekin, 521 boto jasota. Sarriak azaldu duenez, iaz izan zen aurrenekoz Mariren jaitsieran, eta “zirrara handia” sentitu zuen. Herriko argi guztiak itzali ziren unea “magikoa” iruditu zitzaion, eta hori irudikatu nahi izan du bere lanean. Gaztetxoetan, Irati Gonzalezen Hamaika aukera lanak 261 boto jaso ditu, La Salleko ikasle talde batek egindako Koloreak zintzilik lanak baino zazpi boto gehiago. Gonzalezek, ‘B’ formako ahatearen jokoaren moduko bat egin du, eta [...]
Gabiriako Udaberri Kulturalaren barruan, asteburu honetan ere izango dira ekintzak. Larunbatean, arratsaldeko 17:30ean Erbie elkartean batuko dira herritarrak kafe eta pastatxo batzuen inguruan 36ko gerran bizitakoa kontatzeko, bakoitzak garai hartaz d...
Beasaingo Alkartasuna Lizeoak egun pasako festa antolatu du biharko. Goizetik hasi eta iluntzera arte, umeentzako eta gurasoentzako ekitaldiak izango dira. Besteak beste, jolasak, saskibaloi partidak, dantzaokea, bazkaria eta disko festa egingo dituzte...
Gaur goizean Ordiziako Udaleko Gobernu Taldeak prentsaurrekoa eman du hondakinen kudeaketari buruz hartu duen erabakia herritarrei ezagutarazi eta azaltzeko, eta baita eredu aldaketa hori gauzatzeko abiatuko duten prozesuaren berri emateko ere. Igor Egurenek azaldu duenez, “Gaiak eskatzen duen hausnarketa eta planifikazioa” egin du udalak gai honen inguruan, eta horregatik aurrez-aurre herritarren kezkak argitu eta gaiaz eztabaidatzeko prest azaldu dira. “Kezka, urduritasuna eta zalantzak sortu ditu” gaiak jendartean “edozein aldaketak gizakiongan sortzen dituen errekazioak dira hauek”, dio Egurenek, eta horiek guztiak argitzen saiatuko da udala, herritarrak informatzera zuzenduko den plangintza baten bidez. Egurenen esanetan “gizarteak ulertu behar du hondakinekin arazo bat dugula. Arazoa bai, naina konponbidea ere bai”. Horregatik ahalik eta gehien birziklatze aldera, “emaitza onenak lrtezn dituen atez-ateko sitemaren alde” egin dute, atez ateko bilketaren sistemaren alde, alegia “%80ko birziklatze maila lortzen ari den sistema bakarra delako”. Hau da, atez ateko sistemarekin “hiru aldiz gehiago murriztu daiteke errefusa”. “Eredu hobeago baten alde egin ahal izateko sujetu nagusia herritarra” dela azaldu dute eta udalak “herritarrengan sinesten” duela azaldu du, “badakigulako elkarrekin ondo egingo dugula”. Bilketa sistema hau 2013ko ekainerako edo ezarrita egotekoa aurreikusten da. Hona hemen Udalak Ordiziarrentzat prestatu duen informazio plangintzaren kronologia: Hondakinen kudeaketari buruzko hausnarketa partekatzeko udalak informazio kanpaina [...]
Badirela aldarrikatzeko eta zerbitzua ematen duten herrietan berebiziko funtzioa dutela gizarteratzeko izango da Goierriko Eskola Txikien biharko topaketa, Itsasondon. Zortzigarren aldiz ospatuko dute Gabiriako, Itsasondoko, Olaberriko eta Zeraingo eskoletako kideek eskualdeko festa. Lau herri horietan txandatuz egin ohi dutenez, aurtengo ospakizuna Itsasondon egokitu da, hango guraso elkarteak antolatuta. Egitaraua 10:00etan hasiko da, ongi etorriarekin. 10:30ean mendi buelta egingo dute; LH mailakoek Urkia auzora —Gurutze festak dira han asteburuan—, eta HHkoek herrigunearen inguruan. Eguerdian jolasak eta margoketa tailerra jarriko dituzte, plazan. 13:00etan bazkaria dute, lau herrietako bizilagunek elkarrekin. 15:00etan Potxin eta Patxin pailazoek Ohitura onak ikuskizuna egingo dute, eta 16:00etan bukatuko da festa, egunaren ikur bihurtu den puxikak aireratzeko ekitaldiarekin. Biztanle gutxiko herrietan lanean ari diren ikastetxeak dira eskola txikiak, horiek ere normalean ikasle kopuru murritza dutenak. Hala ere, bai pedagogia arloan —adin askotako ikasleak gela berean—, bai herrigintzan burutzen duten lana berebizikoa suertatzen da herri horientzat. Goierriko lau eskola txikietan denera 169 ikasle daude ikasturte honetan. Ixtearen mamua inguruan Gaur egun, Goierriko eskola txikien egoera egonkortu da, nahiz eta urte gutxiren buruan aldaketak izan daitezkeen. «Gabiriako eta Itsasondoko eskoletan momentuz ez daukagu inongo arazorik jarraipenari begira. Zerainen larriago ibiltzen dira, eta Mutiloako pare bat familia bertara joaten da eskolara. Olaberriaren [...]
Galduta dauden edo galtzear diren lanbideak ezagutzeko dinamikaren barruan, ikazkintzari lekua egingo diote datozen asteotan Zaldibian. Txondorgintzari, zehatzago. Igande eguerdian hasiko dira txondorra egiteko lanak. Xanti ‘Naparra’ herritarra gidari dutela, auzolanean prestatuko dute egur meta. Igandean hasiko dira aurreneko lanekin, eta garai batean egur ikatza nola egiten zuten prozesu guztia erakutsiko dute ondoren, San Joan bezperara (ekainak 23) bitartean. Auzolanean egingo dituzte zaldibiarrek prestaketa lanak. Udaleko parte-hartze batzordean atera zen gaia, eta langintzan Xanti Naparrari laguntzeko talde bat eratu dute. Xanti ‘Naparra’, jaiotzez Dorraokoa (Nafarroa), gaztetan ikazkin ibili zen, bere anaiekin batera, Sakanako eta Urbasako mendi-basoetan. Orain, herritar guztiei eta batez ere haurrei nahiz gazteei emango die ikazkintza bertatik bertara ikusteko aukera, baita prozesu osoa jarraitzekoa ere. Txondorra piztu aurretik, ordea, zeregin ugari ezagutzeko modua izango da. Lehen ekitaldia igandean da, maiatzak 6. Eguerdian puntuan hasiko dira, lehenik azalpenak eta ekimenaren nondik norakoak jakinarazita. Ibarguren auzoko bihurgune handiaren ondoko basoan jarriko dute txondorra, hilerritik gorako bidean. Egurra erosteko laguntza udalak eman du, eta Ibargurengo basoa ere herriarena da. Orain, auzolanean hainbat zereginetan lagun diezaiokete zaldibiarrek Xanti Naparrari: lurra zopizartzen, egurra neurrira mozten eta estalpea egiten, txondorra eraikitzen, garoz eta lurrez estaltzen… Ondoren, hogei bat egunean txondorra zaintzen egongo dira, behin [...]
Ataun Kirol Elkarteak bi urtez behingo ibilaldi ‘motzak’ antolatu ditu igande honetarako, maiatzak 6. Luzeraz eta iraupenez askoz sendoagoa izan ohi den Jentilen Bideetatik biurtekoaren tarteko urteari dagokion ibilaldia da etzikoa. Iaz egin zuten Jentilen Bideetatik (48 km), eta 2013an tokatuko da berriz. Aurtengoari dagokionez, bi aukera ipini dizkiete ibiltariei. Ibilaldi luzea deiturikoak 16 kilometro inguru ditu; motzagoak, 10 kilometro. Bi ekimenen gune nagusia San Gregorio auzoa izango da, handik abiatuko direlako oinez, eta bertan bukatuko dute jarduna. Ibilbide luzean, San Gregoriotik berehala gorantz abiatu, Gaztiñerre eta Arteta parajeetatik igaro, eta Urkillagara iritsiko dira. Atxurrenera jaitsi, eta Muñotatik gora atzera beste igoera bat izango dute, Muskiko bordaraino. Handik San Gregoriora jaitsita bukatuko da ibilbidea, Telletxetik barrena. Lau-bat orduko iraupena izango du, eta oinezkoak 08:00etan abiatuko dira. Ibilbide motzean aurreneko zatia soilik egingo dute ibiltariek: San Gregorio-Gaztiñerre-Arteta-Urkillaga-Txulo-Atxurrene-Muñota-Urbitarte-San Gregorio. Bide hori osatzeko bi ordu eta erdi beharko dute, gutxi gora-behera. Ibilaldi neurtuak eta kontrolatuak izango dira, biak ala biak. Bizpahiru laguneko taldeetan irtengo dira partaideak, eta ibilbidean barrena antolatzaileek jarriko dituzten kontrol-guneetatik pasatu beharko dute, nahitaez, ezarritako denbora tartearen barruan. Txartela zigilatuko diete horietan, eta jatekoa nahiz edatekoa egongo da. Sailkapenik ez du zehaztuko antolakuntzak. Izena irteera-lekuan eman behar da, igandean bertan, [...]
Ataun San Gregorioko pilotalekuan banakako Urrezko Aizkolariak txapelketako kanporaketa jokatuko da, igandean, 12:30ean. Lehen mailan, Ugaitz Mugertza mutrikuarra, Donato Larretxea berarra eta Juanjo Lopez Azpilikueta lezaundarra ariko dira, finalaurre...
Espainiako Zilarrezko mailan ari den Estanda Ordizia areto futboleko nesken taldeak hil ala biziko partida jokatuko du bihar Kantabrian Guarnizo taldearen aurka. Estanda Ordizia bigarren doa sailkapenean, liderrarengandik bi puntura, eta asteburuan pun...
Emaneurre taldeak antolatutako Ordiziako esku pilota txapelketa herrikoian izena emateko epea gaur bukatuko da. www.emaneurre.com webgunean ez ezik, Sugaar, Amonane, Urdin, Leizea eta Orlegi tabernetan ere eman daiteke izena. Bikoteko 20 euro ordaindu behar da. Pilotan federatuta daudenek ezingo dute parte hartu txapelketan. Parte hartu nahi dutenek, berriz, honako baldintzak bete beharko dituzte: Ordizian jaioa edo erroldatua izatea, eta hala ez bada ere, herriarekin lotura zuzena izatea. Txapelketaren antolatzaileek hilaren 9rako deitu dute norgehiagokak eta datak zehazteko lehen bilera. 20:00etan izango da bilera, frontoiko lokalean. Bilerara gerturatzea ezinbestekoa da, besteak beste, egun horretan ordaindu behar delako txapelketaren izen-ematea.
Ampo Ordiziak eta Bizkaia Gernikak Espainiako Ohorezko Mailako ligaren finalerdietako bat jokatuko dute igandean Altamiran (12:30). Kanporaketa irabazten duen taldea maiatzaren 13ko finalerako sailkatuko da, eta galtzailearentzat, berriz, denboraldiko azken partida ofiziala izango da. Inoizko jendetzarik handiena espero da igandeko partidan, eta hori dela eta, 10:00etan irekiko dituzte lehiatilak. Beste finalerdia VRAC Quesos Entrepinaresek eta Getxo Arteak jokatuko dute. Aurten lau aldiz neurtu dituzte indarrak Ordiziak eta Gernikak –bi partida ligan eta bi kopan–, eta horietako hirutan Goierriko taldea izan da nagusi. Emaitza horiek lasaitasuna ematen diete Ampo Ordiziaren jokalariei, baina alderdi txarra ere eduki dezakete, konfiantza gehiegitxorekin zelairatzea. Axio Arañak argi hitz egin du aste honetan: “Praka motzak jantzi aurretik irabazi behar dugula uste badugu, oker gaude. Denok dakigu errugbian jokatzen, eta Gernika talde sendoa da”. Ordiziak ez du aparteko bajarik finalerdiei begira. Partidaren bukaerarako, berriz, klubak deialdia egin die Altamirara inguratzen diren zale guztiei: zelaira jaits daitezela taldearekin argazki erraldoi bat ateratzeko. Finala telebistan ere ikusi ahal izango da, ETBKn. Kimuak Espainiako Txapelketan Joan den asteburuan Espainiako Txapelketa irabazi eta gero, Espainiako Txapelketan ariko dira Ordiziako Rugby Elkarteko kimuak asteburu honetan, Valladoliden. Ligaxka moduko bat jokatu beharko dute Santboiana, VRAC eta Cajasol Cienciaseko kimuen aurka.
Atzo hasi zen Madrilgo Auzitegi Nazionalean Jose Antonio Munduateren, Santutxun bizi den idiazabaldarraren, eta beste 12 euskal herritarren aurkako epaiketa. Askatasuna erakundeko kide izateagatik zazpi urteko kartzela zigorra eskatzen dute Jose Antoni...
Beasaingo Aralarrek “herriaren alde lanean” jarraitzeko konpromisoa berretsi eta elkarlanean jarraitzeko gonbitea luzatu dio Bilduri. Aralarren izenean aurkeztu zen Unai Baztarrikak “bere burua proiektutik kanpo” kokatu duela diote, eta Beasaingo udalean ordezkaririk gabe gelditu badira ere, ez dutela etsi azaldu dute. Udal hauteskundeetan Beasaingo zerrendan bigarren tokian aurkeztu zen Olaia Uhartek azaldu duenez, “urte bete da Aralarrek Beasainen udalgintzarako programa aurkeztu zuela, eta beasaindarren 319 botori esker, zinegotzi baten ordezkaritza lortu zuela”. Ordezkaritza horri esker, Bildurekin gobernu akordioa egin eta udalean lanean hasi ziren. Hasieratik, Aralarren asmoa “beasaindarren eta Beasaigo herriaren alde lanean jardutea” izan dela dio Uhartek, eta proiektu hura “oinarri eta helburu izanda, ilusioz lanean” jarraitzen dutela. Hauteskunde haietan Aralarren izenean zerrendaburu aurkeztu eta zinegotzi kargua hartu zuen Unai Baztarrikak, bere burua “Aralarren proiektutik kanpo” kokatu zuela azaldu dute, alderdiaren barruan “gehiengoz hartu zen erabaki baten kontra agertu zelako”. Hala, “autoesklusio horren ondorioz, zinegotzi kargua uzteko” eskatu zioten. Eskari formal horrek ez du erantzun ofizialik izan, Ernesto Merinok azaldu duenez; “bere garaian, komunikabideen bidez jakin genuen ez duela kargua uzteko asmorik”. Merinoren arabera, “gauza jakina da kargu publikoak pertsonalak direla juridikoki, nahiz eta moralki eta etikoki proiektuarenak izan; hau da, bakoitza zerrenda batean aurkezten da, proiektu baten izenean; [...]
Gaurtik astelehenera bitarte Titanic filma emango dute Ordiziako Herri Antzokian, hiru dimentsiotan. Proiektatzeko modua, hala ere, ez da berritasuna, baizik eta ordutegi bereziak izango direla. Gaur 22:15ean emango dute, bihar 19:00etan eta 22:15ean,...
San Prudentzio jaiak asteartean bukatu ondoren, asteburu honetan Lazkaomendiko festek hartuko diete lekukoa, ohitura den bezala. Bihar eta etzi, larunbat-igandeak hartuko dituzte lazkomenditarrek auzoko ospakizunak garatzeko. Kirola, oturuntza herrikoiak, jolasak, ohiturazko ekitaldiak, eta batez ere erromeria giroa izango da bihar-etzitan Lazkaomendin. Egitaraua: LARUNBATA, maiatzak 5 16:00. Lazkaomendiko 37. Txirrindulari Proba, gazteentzat (ibilbidea ikusteko, hemen). 18:00. Potxin eta Patxin pailazoak. 18:30. Astiazaran II.a eta Agurtzane trikitilariekin erromeria. 21:00. Auzo afaria, Lartxai elkartean. Jan-zerrenda: zizka-mizkak eta arkumea. Izen-ematea: itxita. 23:00. Erromeria, Astiazaran eta Agurtzane trikitilariekin. IGANDEA, maiatzak 6 08:30. Lazkaomendiko ibilaldi neurtuaren hasiera, Lazkaoko plazatik. Ibilbidea: plaza, Enpaundi, Beiztin, Amundarain, Abalin, Gurutzeagaetxeberri, Maiz Goena, Ixurrene (amaiera). Bukaeran, haurrentzat otamena izango da (ogitartekoa); helduek eurena ordaindu egin beharko dute. 11:00. Meza, San Joan Ante Portam Latinam ermitan. 11:30. Haur jolasak, Lazkaotxiki Musika Eskolako banda eta trikitilariak, Oin-Arin dantza taldea. Ondoren: Iker Zubeldia eta Julio Soto bertsolariak. 17:30. Herri kirolak: Iñaki eta Inaxio Perurena harrijasotzaileak; Otaegi-Otaño eta Arrospide-Mugertza IIa. aizkolariak, binaka. Ondoren: asto karrera. 19:00. Izer eta Alabier trikitilariekin eta bertsolariekin erromeria.
Lazkaoko danborradak antolatzen dituen taldeak bi egun jarri ditu, datorren astean, desfilean erabilitako arropak eta jantziak jendeak itzul ditzan. Astelehen eta astearte arratsaldeetan ordutegia zehaztu dute, haurren nahiz helduen danborradetan ibili...
Atzo Santikutz eguna ospatu zuten Legazpin. Meza nagusia, prozesioa eta ezpatadantza ekitaldia egin zituzten eguerdian. Azken honen barruan, Izadi-Zaleak mendi elkarteko kideek Olaria saria jaso zuten. Gotzon Aranburuk bideoz jaso zituen eguerdiko eki...
Itsasondoko Urkia auzoko bizilagunek eta kanpoan bizi direnek Gurutze festen mardulena asteburuan ospatuko dute, larunbatean eta igandean. Zaindariaren eguna, Santikutz, ostegunean izan zuten, meza, hamaiketako, bazkari eta trikitilariek hornituta. Hauxe da astebururako prestatu duten egitaraua: LARUNBATA, maiatzak 5 18:00. 29. mus txapelketa herrikoia. 21:00. Lagunarteko afaria, elkartean. 23:00. Laja eta Mikel trikitilariekin erromeria. IGANDEA, maiatzak 6 10:00. Meza. 11:00. Hamaiketakoa, Epelde eta Lutxurdio trikitilariekin. 14:30. Bazkaria. 18:30. Emakumezkoen toka txapelketa. 19:00. Gizonezkoen 29. toka txapelketa. 20:00. Epelde eta Lutxurdio trikitilariak. Bestetik, festetan zehar antxume bat zotz egingo dute Urkiko jai batzordekoek. Errifa-txartelak saltzen ari dira, eta bihar-etzitan ere izango da erosteko aukera. Zozketa igandean 20:00etan egingo dute. Larunbateko afarira edota igandeko bazkarira joateko, berriz, aurretik eman behar da izena (943 88 93 67).