Goierriko 18 haur eskolak matrikulazio garaian daude
Herri txikietan normalean gela bakarraren zerbitzua dute haur eskolek, bi urtetik beherako umeak talde berean jarrita. Hain justu, mota horretako gelek dute Goierrin betetze tasa apalena (%54). Salbuespena Ezkio-Itsasokoa da, zerbitzuak dituen plazak bezainbeste —hamar— haur dabiltzalako aurtengo ikasturtean. Zerainen ere oraingoz kopuru onarekin eutsi diote, sei umerekin. Gainontzekoak gutxieneko kopuruaren mugaren bueltan dabiltza, hiru-lau haurrekin.
Krisi ekonomikoak ere eragina izan du haur eskoletan, hezitzaileek nabaritu dutenez. «Langabetu piloa dago, eta gurasoak etxean baldin badaude, noski, azkenean umea ez dute ekartzen».
Bestetik, hezitzaile kopuruan eta ondorioz lanpostuak mantentzean ere zuzenean jo dezake haur gutxiago egoteak. Espainiako legearen arabera, 0-1 urtekoen gelan zortzi umerentzat hezitzaile bat behar da; 1-2 urtekoenean, 13 umeko bat. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Haurreskolak Partzuergoak hezitzaile eta erdi jarri izan ditu orain arte, baita bi ere zenbait kasutan.
Langileek lanpostuak murrizteko arriskua ikusten dute, eta horrek zerbitzuan erasango duela: «Krisi egoeragatik hezitzaile bakarra egon beharko litzatekeela esaten badu Partzuergoak, noski, Espainiako dekretuak hori dio legez, eta orduan eskuak libre ditu nolabait esateko. Baina guk hemen ikusten dugun beharra ez da berdina; zortzi umeri biberoia eman, sehaskan sartu eta lo harraraztea izugarrizko lana da hezitzaile bakarrarentzat», azaldu du langile batek.
Matrikula, aste honetan zehar
Haur eskoletan izena emateko hamabostaldi ofiziala aste honen hondarrean bukatuko da, etzi. Eskabideak eta beharrezko dokumentazioa haurtzaindegietan utzi behar dute gurasoek. Ondoren, onartutakoen behin-behineko zerrendak ekainaren 15ean argitaratuko ditu partzuergoak. Helegiteen tartea igarota, behin betiko zerrendak ekainaren 25ean jakinaraziko dituzte, eta aste horretan egin beharko da matrikula formalki.
Aurrematrikularen epearen ondoren jaiotako haurren kasuan, gero egin dezakete.
Haurreskolak partzuergo publikoaren baitan Goierrin dauden 18 haur eskoletan matrikulazio garai bete-betean daude. Maiatzaren 2an zabaldu zieten gurasoei haurrak apuntatzeko epea, eta ostiralean bukatuko da, hilaren 11n. Hamazazpi udalerritan daude gaur egun haur eskola publikoak —Legazpin bi daude—.
Orokorrean %72,2ko betetze maila dute, 2011-12 ikasturteari dagozkion datuen arabera. Egoerak oso desberdinak dira, ordea, herririk herri. Baita haur eskola bakoitzaren barruan ere, adinaren arabera banatutako gelen artean batzuk beterik dauden bitartean, ondoko aretoa irekita mantentzeko lain doi-doi baitute zenbaitzuek.
Hala, Ezkio-Itsasokoa eta Ormaiztegikoa dira eskainitako plaza guztiak beteta dituzten Goierriko haur eskola bakarrak. %90eko okupazio tasatik gora beste lau herritakoak daude: Ataun, Legazpi, Zaldibia eta Zegama. Kontrako erpinean, betetze maila baxuena Gabiriakoak du (%30), eta tokien erdiak baino gehiago hutsik dituzte beste bost herritan ere (Gaintza, Itsasondo, Mutiloa, Olaberria eta Segura).
Etorkizun hurbilari begira kezkati dira, batez ere biztanle gutxiko herrietan. Gutxieneko haur kopuru batek izena ematen ez badu, haur eskolaren jarraipena ez dago ziurtatuta Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren partetik.
Zalantza eta kezka
Berez, haur eskola irekita mantentzeko Haurreskolak Partzuergoak jarrita daukan gutxieneko ume kopurua laukoa da. Itsasondoko haur eskolan, adibidez, oraingoz hiru dituzte aurreikusita datorren kurtsorako, eta 21 plaza dituzte. «Matrikulazio epea nola doan ikusi arte itxaron nahi dugu, ea norbait gehiago matrikulatzen den. Hala ez bada, Partzuergoari galdetu nahi diogu zer pasatuko den. Pentsatzen dugu ez dutela itxiko, beste kasu batzuk gertatu dira beste herri txiki batzuetan, eta hirurekin mantendu izan dute», dio Itsasondoko hezitzaile batek.
Matrikulazio epea ostiralean bukatuko den arren, urtean zehar edozein unetan sar litezke haur gehiago. «Kurtsoa aurrera doan adinean, nola beti baten bat matrikulatzen den, irekita mantendu dute. Gure ustez ez dute itxiko, baina ea beste pare bat ume etortzen diren».