Mujuriko bidea lege prozedurak bete gabe egin zela berretsi du udal gobernuak
Legorretako Udaleko gobernu taldeak Gipuzkoako Auzitegiaren epaiari «men» egin diola adierazi du, baina edukiarekin ez dator bat, «bidegabea delako». Mujuri inguruan bide bat irekitzeko Legorretako alkate Xabier Iraola zela erabili zen modua «lege...
Legorretako Udaleko gobernu taldeak Gipuzkoako Auzitegiaren epaiari «men» egin diola adierazi du, baina edukiarekin ez dator bat, «bidegabea delako». Mujuri inguruan bide bat irekitzeko Legorretako alkate Xabier Iraola zela erabili zen modua «legez eskatzen diren prozedurak bete gabe» izan zela berretsi du Bildu taldeak, apirilaren 26ko udalbatzarrean gaia landu zutenean.
«Mujuriko ingurua ezagutzen dugun legorretar guztiok badakigu Xabier Iraola alkate ohiak egin zituen obrak Mujuriren lursailak erabiliz Ikaztegietako Kutturru parkera sarbidea irekitzea izan zela», azaldu du Legorretako gobernu taldeak. Ekinbide horren kontra auzia sartu zuen 2007-2011 agintealdian alkatetza izan zuen EAE-ANVk. Auzitegiak martxoaren 13ko autoan artxibatu zuen kasua, akusatua erantzukizun orotik salbuetsiz.
Erabaki judizialak dioenari men egin arren, jarduera hura «onartezina» izan zela gaineratu du udalak. «Legez kanpoko ekinbidean ari dela dakienaren maltzurkeriarekin egina zen, baserritarra Ordiziako ferian zegoen bitartean. Kasu honetan ere Legorretako herriari tokatuko zaio Xabier Iraolak intentzio txarrez hasitako gatazka konpontzea», esan du Alkatetzak.
Mujuriko jabearekin hitz egin eta Iraola alkate zela «egindako gehiegikeriagatik sortutako gatazkari» adiskidantzazko irtenbidea bilatzen ahaleginduko dela aurreratu du udalak.