Estanda igoera fasearen atarian gelditu da, baina denboraldi bikaina eginda
Oso gertu, atzamarren puntan izan dute Estanda Ordiziak Espainiako lehen mailara igotzeko aukera. Atzo ezin izan zuten Afervenza talde galiziarra mendean hartu, berdinketa baina gehiago merezi izan bazuten ere. Hala ere, Emilio Ortizek eta Iñaki Hera...
Oso gertu, atzamarren puntan izan dute Estanda Ordiziak Espainiako lehen mailara igotzeko aukera. Atzo ezin izan zuten Afervenza talde galiziarra mendean hartu, berdinketa baina gehiago merezi izan bazuten ere. Hala ere, Emilio Ortizek eta Iñaki Herasek zuzendutako taldea egindako denboraldiarekin harro egoteko moduan dago.
Partida gogorra izan zen. Etxekoak bigarren minuturako aurretik jarri ziren, Naiara Bereziartuaren gol batekin. Galiziarrek 10. minuturako berdindu zuten, ordea. Eta aurreneko zatia bukatzeko bi minuturen faltan, defentsako hutsune bat aprobetxatuz, bisitariek bigarrena egin zuten.
Bigarren zatian partidak ez zuen kolorerik izan. Ordiziarrek goitik behera dominatu zuten jokoa, eta aukera sorta bat izan zuten. Gola egitea asko kosta zitzaien, ordea, galiziarrak ondo itxi baitziren defentsan. Azkenean, 3 minuturen faltan, Maite Gonzalez kapitainak berdinketa lortu zuen.
Aurten egindako denboraldia borobiltzerik lortu ez badute ere, zaleek txalo eta animo oihu artean eskertu zuten ordiziarrek egindako ahalegina.
Liga erregularreko azken jardunaldia jokatuta, honako talde hauek jokatuko dute lehen mailarako igoera fasea: Viaxes Amarelle, Centelles, Roldan FSF eta Alcorcón, lehen sailkatu moduan, eta UCAM Murcia eta Collado Villalba, bigarren sailkatu moduan.













