Bigarren mailako zortzi aizkolari ariko dira lehian, igandeko saioan
Arrano Beltza herri kirol taldeak eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak, bi saio antolatu dituzte Loinatz jaien barruan. Aurrenekoa, igande honetan izango da. Bigarren mailako 8 aizkolari ariko dira lehian, tartean lau goierritar: Xabier Dorronsoro, J...
Arrano Beltza herri kirol taldeak eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak, bi saio antolatu dituzte Loinatz jaien barruan. Aurrenekoa, igande honetan izango da. Bigarren mailako 8 aizkolari ariko dira lehian, tartean lau goierritar: Xabier Dorronsoro, Jose Mari Esnaola, Jesus Mari Lasa eta Xabier Zaldua. 54 ontzako bina enbor eta 60 ontzako beste bina ebaki beharko dituzte. Saioa 12:30ean izango da, Gernika pasealekuan. Garai beretsuan, Gipuzkoako lasto altxatze txapelketa ere egingo dute, 45 kiloko fardoarekin.
Gaur zortzi, beste saio bat
Bestalde, hilaren 27an, lehen eta bigarren mailako aizkolari onentsuenak ekarriko dituzte. Aurrena bigarren mailakoen txanda izango da: Arkaitz Jauregi eta Xabier Dorronsoro ariko dira, Aratz Mugertza eta Mikel Larrañagaren kontra. Ondoren, lehen mailakoak: Joseba Otegi eta Unai Otaño, Iñaki Azurmendi eta Anjel Arrospideren kontra. Harri jasotzen berriz, Aimar Irigoien, Izeta II. eta Idoia Etxeberia ariko dira. Ikuskizuna 19:00etan izango da, Gernika pasealekuan.