Izan duen ardurari izkin ez egiteko eskatu dio PSE-EEk EAJri, eta Bilduri “gezurrik ez” esateko
PSE-EEren Ordiziako exekutiba prentsaren aurrera atera da gaur aurreko astean EAJk eta Bilduk eman zituzten agerraldiei erantzuteko. Udal langileen balorazioaren aplikazioaren inguruan, PSE-EEk adierazi du jeltzaleek izan duten ardurari izkin egin nahi diotela, eta Bilduri, berriz, erantzun dio “gezurrik ez” esateko, PSE-EEk udalean parte hartzen jarraituko duela gaineratzearekin bat. Javier Lopez eta Jose Antonio Rebollo exekutibakideekin batera egin ditu adierazpenok Iñaki Dubreuil zinegotzi sozialistak. Lehenik eta behin, udal aurrekontuari ezezkoa emateko erabilitako argudioak mahai gainean jarri ditu berriz ere PSE-EEk. EAJk kritika egin zion aurreko astean Bilduk onartutako aurrekontuari, eta Bilduk erantzun egin zien jeltzaleei. Dubreuilek esan du horregatik eman nahi duela bere argudioen berri. Haren esanetan, udal aurrekontuari ezezkoa emateko hainbat argudio dauzka, bere egunean osoko bilkuran azaldutako berberak: ez dagoelako ados tasa eta zergen igoerarekin; ez dizkietelako kontuan hartu bere ekarpenak; atez ateko hondakin bilketa sistemari buruz sentsibilizatzeko diru partida bat dagoelako; krisiari aurre egiteko planik ez dagoelako; eta ikuspuntu “nazionalistarekin” egindako aurrekontua izan zelako. EAJri, langileen balorazioaz EAJk udal langileen balorazioaren aplikazioaz esandakoarekin “harrituta” dago PSE-EE. “EAJ alderdi serioa zela uste genuen orain arte, eta bide okerretik doala ikusita harrituta gaude. Ez da egia funtzionarioen soldatak %8,7 igo direnik. Edo hanka sartu dute, edo gaizki azaldu dituzte [...]
PSE-EEren Ordiziako exekutiba prentsaren aurrera atera da gaur aurreko astean EAJk eta Bilduk eman zituzten agerraldiei erantzuteko. Udal langileen balorazioaren aplikazioaren inguruan, PSE-EEk adierazi du jeltzaleek izan duten ardurari izkin egin nahi diotela, eta Bilduri, berriz, erantzun dio “gezurrik ez” esateko, PSE-EEk udalean parte hartzen jarraituko duela gaineratzearekin bat. Javier Lopez eta Jose Antonio Rebollo exekutibakideekin batera egin ditu adierazpenok Iñaki Dubreuil zinegotzi sozialistak.
Lehenik eta behin, udal aurrekontuari ezezkoa emateko erabilitako argudioak mahai gainean jarri ditu berriz ere PSE-EEk. EAJk kritika egin zion aurreko astean Bilduk onartutako aurrekontuari, eta Bilduk erantzun egin zien jeltzaleei. Dubreuilek esan du horregatik eman nahi duela bere argudioen berri. Haren esanetan, udal aurrekontuari ezezkoa emateko hainbat argudio dauzka, bere egunean osoko bilkuran azaldutako berberak: ez dagoelako ados tasa eta zergen igoerarekin; ez dizkietelako kontuan hartu bere ekarpenak; atez ateko hondakin bilketa sistemari buruz sentsibilizatzeko diru partida bat dagoelako; krisiari aurre egiteko planik ez dagoelako; eta ikuspuntu “nazionalistarekin” egindako aurrekontua izan zelako.
EAJri, langileen balorazioaz
EAJk udal langileen balorazioaren aplikazioaz esandakoarekin “harrituta” dago PSE-EE. “EAJ alderdi serioa zela uste genuen orain arte, eta bide okerretik doala ikusita harrituta gaude. Ez da egia funtzionarioen soldatak %8,7 igo direnik. Edo hanka sartu dute, edo gaizki azaldu dituzte gauzak”. PSE-EEk EAJri gogorazi dio beraiek agintean zeudela hasi zela langileen balorazioa, eta izan duten ardurari izkin egitea egotzi die jeltzaleei. “PSE-EE eta EA lanpostu jakin batzuen balorazioaren aldekoak ginen, baina EAJ izan zen langile guztiena batera baloratzearen alde egin zuena”.
Dubreuilek esan du balorazio mahaian parte hartu zuten alderdien jarrera “serioa, neurtua eta demokratikoa” izan zela. “Erabaki guztiak eztabaidatuak eta demokratikoki hartuak izan ziren. Gertatzen dena da EAJri ez zaiola emaitza gustatu”. EAJk eta PPk balorazioa aplikatzearen aurka bozkatu zuten bilkura hartan, eta honako datua eman du zinegotzi sozialistak: “PPk ez zuen parte hartu balorazio bilera horietako bakar batean ere. PPk, ezerri buruz enteratu gabe, bere botoarekin EAJri lagundu bazion, ondorio argi bat atera daiteke: langileei dagozkien gaietan berdin-berdinak direla biak”.
PSE-EEren udal parte hartzeaz
Bilduk bai EAJri eta baita PSE-EEri ere joan den astean egotzi zien “oposizio eraikitzailerik” ez dutela egiten, eta ez dutela ekarpenik egiten. “Horren inguruan zein den gure iritzia? Gezurretan ari direla”. Dubreuilek onartu du Bilduk elkarrekin gobernatzeko proposamena egin ziela, eta eskaintza ez zutela onartu. “Ez dago gauza handirik esan beharrik. Ez badute ulertzen PSE-EEk ez duela haiekin gobernatu nahi, arazo handi bat daukate”.
Joan den ekainetik “hainbat ekimen eta ekarpen” egin dituztela esan du Dubreuilek. “Bost mozio sartu ditugu, idatzizko 11 ekarpen eta beste horrenbeste ahoz. Kexak ere sartu ditugu, horietako pare bat idatziz gainera”. Horrez gain, PSE-EEko zinegotziak esan du bere alderdia udaleko egunerokoan parte hartzen ari dela, “bai batzorde informatiboetan, bai aholku batzordeetan, bai osoko bilkuretan eta baita administrazio kontseiluetan ere”. Dubreuilek nabarmendu du “orain arte bezala lanean” jarraituko duela.