«Beasaingo danborrada bertakoagoa egin nahi genuen, nortasun bat eman»
Dokumentu zaharrek diotenez, XX. mende hasieran egiten zen danborrada Beasainen. Baina 40 bat urtez utzita egon ondoren, 1978an berreskuratu zuten. Hasiera hartan egon zenetako bat da Pello Irizar; azken hiru urteetan, herriko konpositoreen piezak egokitzen aritu da, danborradari nortasuna eman nahian. Beasaingo danborrada, sorreratik ezagutzen duzu, ezta? Bai, danborrada berria hasi zenean, 1978an, anaia zena eta biok hasi ginen zuzendari moduan. Jendea bildu eta danborrada tradizional bat antolatu genuen. Baina soldadutzara joan nintzenean eten egin nuen danborradarekin nuen harremana. Duela urte batzuk, pieza berriak sartzen hasi zineten. Nola izan zen hori? duela hiru urte, 2010ean, galdetu zidaten ea zer egin zitekeen danborrada berpizteko, jendea uzten ari zela eta. Nik proposatu nien danborrada Beasaingoagoa egin behar zela; hemen konpositore asko izan ditugu, eta bazen liburu bat, partitura batzuk biltzen zituena, eta hortik abiatuta hasi ginen kantu horiek berreskuratzen eta egokitzen. Danborrada bertako zerbait izatea nahi genuen, nortasun bat emanda. Aurten bi pieza berri sartu dituzue, horietako bat Xabier Sarasolak egindakoa. Bai, Xabier Sarasolak egindako Txanbo izeneko pieza bat aukeratu dugu. Txisturako idatzitako kalejira bat da, Txanbo zenaren omenez egindakoa. Izan ere, Txanbo oso garrantzitsua izan da guretzako. Txistularia zen, ezta? Bai, oso txistulari famatua izan zen, eta gu denon irakaslea, bai Xabierrenea [...]
Dokumentu zaharrek diotenez, XX. mende hasieran egiten zen danborrada Beasainen. Baina 40 bat urtez utzita egon ondoren, 1978an berreskuratu zuten. Hasiera hartan egon zenetako bat da Pello Irizar; azken hiru urteetan, herriko konpositoreen piezak egokitzen aritu da, danborradari nortasuna eman nahian.
Beasaingo danborrada, sorreratik ezagutzen duzu, ezta?
Bai, danborrada berria hasi zenean, 1978an, anaia zena eta biok hasi ginen zuzendari moduan. Jendea bildu eta danborrada tradizional bat antolatu genuen. Baina soldadutzara joan nintzenean eten egin nuen danborradarekin nuen harremana.
Duela urte batzuk, pieza berriak sartzen hasi zineten. Nola izan zen hori?
duela hiru urte, 2010ean, galdetu zidaten ea zer egin zitekeen danborrada berpizteko, jendea uzten ari zela eta. Nik proposatu nien danborrada Beasaingoagoa egin behar zela; hemen konpositore asko izan ditugu, eta bazen liburu bat, partitura batzuk biltzen zituena, eta hortik abiatuta hasi ginen kantu horiek berreskuratzen eta egokitzen. Danborrada bertako zerbait izatea nahi genuen, nortasun bat emanda.
Aurten bi pieza berri sartu dituzue, horietako bat Xabier Sarasolak egindakoa.
Bai, Xabier Sarasolak egindako Txanbo izeneko pieza bat aukeratu dugu. Txisturako idatzitako kalejira bat da, Txanbo zenaren omenez egindakoa. Izan ere, Txanbo oso garrantzitsua izan da guretzako.
Txistularia zen, ezta?
Bai, oso txistulari famatua izan zen, eta gu denon irakaslea, bai Xabierrenea [Sarasola], bai nire anaia Martinena eta baita nirea ere. Musikarekin izan genuen lehendabiziko harremana txistuaren bidez izan zen. Danborradan bertako egileen piezak sartzen hasi ginenean, lehenengoa berak idatzitako partitura bat izan zen, Beasain Jaietan izenekoa.
Eta aurten sartu duzuen bigarren pieza, zuk zeuk konposatutakoa da.
Bai, nire anaia zenaren omenez idatzi dut, eta Martintxo izena jarri diot, hari ere hala deitzen geniolako. Danborradaren eta Koskola txarangaren sortzaileetako bat izan zen, eta oso gazterik hil zen, bizikletarekin izandako istripu batean, 30 urte zituela. Asko maite zuen danborrada, eta horregatik konposatu nuen, haren oroimen moduan..
Eta jendeak, gustura hartzen al ditu pieza berriak, ala lan handiagoa eskatzen die?
Orain arte jendeak ondo hartu ditu; batzuetan esan digute piezak zail xamarrak direla, edo horrelakoren bat, baina ondo hartzen dituzte. Estrategia hori da, jendeari ikastea kostatzen bazaio, hurrengo urtean entseguetara etorriko dira. Jendea motibatu egin nahi dugu, bestela, betikoak jota, ez dira entseguetara etortzen. Interes bat ere pizten da aurretik. Jendea galdezka aritzen da, ea aurten ze pieza sartuko dugun; horrek bizia ematen dio.