Biniloa, festarako aitzakia
Urtean behin Beasaingo Igartza auzoko jaietan musika jartzeko ohitura zuen Jon Olanok (Beasain, 1973). CDekin aritzen zen, bera bakarrik, bost-sei orduan. Gerora, Beasaingo gaztetxean kontzertuak-eta izaten zirenean, Olanok erabaki zuen festari segida emateko musika jartzea, jendea garagardo batzuk hartzen ari zen bitartean. Egoitz Irizar (Beasain, 1975) gehitu zitzaion zeregin horretara. Igartzako hurrengo festetan, elkarrekin aritu ziren disko jartzen Olano eta Irizar. «Jazpana jaialdia antolatzen duen jendea etorri zen, Mikel Alvarez-eta, eta esan ziguten jaialdirako disko jartzaile bila zebiltzala, eta ea gu animatuko ginen. Nik esan nien Jonek [Olanok] baiezkoa ematen bazuen neu ere arituko nintzela», kontatu du Irizarrek. Aurrera egitea erabaki zuten, gau hartan bertan. Gau emankorra izan zen, gainera. Artean izen artistikorik ez zuten, eta izenen bat behar zuten karteletarako-eta. Alvarezek berak proposatu zien gau hartan Olarius & Brothers izena jartzea bikoari, eta, izen egokia irudituta, beren burua iragartzeko argazki bitxiren bat ateratzea izan zen hurrengo urratsa. Esan eta egin. Iazko udazkenean egin zuten aurreneko emanaldia Olarius & Brothers izen artistikoarekin, Jazpana jaialdian. CDak alde batera utzita, biniloekin egin zuten disko jartzea. «Ordu eta erdi genuen diskoak jartzeko, eta bakoitzak hamabost bat kantako zerrenda osatu zuen. Azkenean, dozena bat jarri ahal izan genuen bakoitzak, denak kanta onak», azaldu du [...]
Urtean behin Beasaingo Igartza auzoko jaietan musika jartzeko ohitura zuen Jon Olanok (Beasain, 1973). CDekin aritzen zen, bera bakarrik, bost-sei orduan. Gerora, Beasaingo gaztetxean kontzertuak-eta izaten zirenean, Olanok erabaki zuen festari segida emateko musika jartzea, jendea garagardo batzuk hartzen ari zen bitartean. Egoitz Irizar (Beasain, 1975) gehitu zitzaion zeregin horretara.
Igartzako hurrengo festetan, elkarrekin aritu ziren disko jartzen Olano eta Irizar. «Jazpana jaialdia antolatzen duen jendea etorri zen, Mikel Alvarez-eta, eta esan ziguten jaialdirako disko jartzaile bila zebiltzala, eta ea gu animatuko ginen. Nik esan nien Jonek [Olanok] baiezkoa ematen bazuen neu ere arituko nintzela», kontatu du Irizarrek. Aurrera egitea erabaki zuten, gau hartan bertan.
Gau emankorra izan zen, gainera. Artean izen artistikorik ez zuten, eta izenen bat behar zuten karteletarako-eta. Alvarezek berak proposatu zien gau hartan Olarius & Brothers izena jartzea bikoari, eta, izen egokia irudituta, beren burua iragartzeko argazki bitxiren bat ateratzea izan zen hurrengo urratsa. Esan eta egin.
Iazko udazkenean egin zuten aurreneko emanaldia Olarius & Brothers izen artistikoarekin, Jazpana jaialdian. CDak alde batera utzita, biniloekin egin zuten disko jartzea. «Ordu eta erdi genuen diskoak jartzeko, eta bakoitzak hamabost bat kantako zerrenda osatu zuen. Azkenean, dozena bat jarri ahal izan genuen bakoitzak, denak kanta onak», azaldu du Olanok. Bikain atera zitzaien emanaldia.
Bi lagun, bi disko biratzaile eta egurra esaldia erabili zuten beren burua iragartzeko. CDak alboratu eta biniloekin zergatik hasi ziren galdetuta, hona Olanoren erantzuna: «Gauza kutun bat da. Bildumazale kutsu bat ere badaukagu, eta gure gustuko musika azalarazi nahi dugu. Azken batean, kultura da, guk gogotik bizi dugun kultura bat jendeari islatzea. Gainera, komunikazioa ere sortzen da jendearekin». Esan daiteke biniloaren apologia ere egiten dutela.
Jendearen araberako musika
Jazpanakoa pasatu eta gero, Beasaingo Koiote tabernakoak joan zitzaizkien Olanori eta Irizarri, galdetzera ea beren tabernan musika jartzeko prest egongo liratekeen, eta baiezkoa eman zieten. «Galdetu ziguten ea hilean behin-edo joango ote ginen, eta aurrera egin genuen», esan du Irizarrek. Hilean behin bai, ostiraletan, baina egun jakinik jarri gabe. «Eta leku jakinik ere ez dugu. Koioten bezalaxe, Hiruki tabernan ere aritu gara disko jartzen, gaztetxean ere bai… Konfiantza giroan, betiere», gaineratu du Olanok.
Irizarrek nabarmendu duenez, parrandarako aitzakia da, azken batean, tabernetan disko jartzen aritzea. «Musika jartzen arituko ez bagina, barraren bestaldean egongo ginateke, beste batek jarritako musika aditzen. Guri zuzeneko musika gustatzen zaigu, eta aukera baldin badago ostiral gau bat musika indartsuarekin janzteko ba… ederki. Guretzat, parranda egun bat bezala da».
Badakite tabernetara disko gehiegi eramaten dituztela, «berrehun bat bakoitzak», baina Olanok uste du ona dela ahalik eta baliabide gehien edukitzea. «Diskoak aukeratzen hastea erokeria bat litzateke». Normalean, rock-and-roll eta hardcore estiloko kantuak jartzen dituzte, baina jendearen nahietara ere moldatzen dira, Irizarren esanetan. «Askotan, jendea etortzen zaigu, eta eskatzen digu kanta hau edo bestea jartzeko. Baldin badaukagu, jarri egiten dugu, horrek ere komunikazioa sortzen baitu». Eta, gogoak ematen dienean, «abesti zelebreak» jartzera ere ausartzen dira, Karinaren eta Nino Bravoren tankerakoak.
Orain arteko emanaldietan «harrera oso ona» izan dute, Olanok azaldu duenez. «Abesti asko gazte denborako ereserkiak dira, norberari barruak mugitzen dizkioten kantuak: Anestesiarenak, SArenak, Kortaturenak… Guri ere zirrara sartzen zaigu, parranda horren parte ere bagarelako. Kristorena da hori!».
Biniloak hartzeko prest
Oraingoz, Beasaindik kanpo ez dute emanaldirik egin, nahiz eta aukerarik izan duten horretarako. «Tira, deitzen badigute eta ordaintzen badute…», esan du, barrez, Irizarrek. Jazpana jaialdiko saioarengatik 125 euro kobratu zituzten, eta nahasketa mahai bat erosteko erabili zuten diru hori. Ordukoa da orain arte jaso duten diru ordain bakarra. Gaur hasiko dira Beasaingo festak, eta txosnetan musika jartzeko eskaintza ere jaso dute, baina ez dira ariko. «Honek leku itxi batean behar du, eta, kanpoan bada, bozgorailu indartsuak», esan du Olanok.
Musikazale eta bildumazale amorratuak dira biak, eta irakurleei dei bat egiteko baliatu dute hitz aspertua: Olano eta Irizar prest daude jendeak etxean dituen binilo zaharrak hartzeko.