Musikarien urteurren festa
Tobera Musika-eskolak 25 urte betetzen ditu aurten, Zegaman, Zerainen, Seguran eta Mutiloan musika-hizkuntza eta musika instrumentuak irakasten hasi zirenetik. Hogeita bost urte partiturak interpretatzen irakasten, 25 urte abesti bakoitza ongi atera arte behin eta berriz entsaiatzen, 25 urte ikasitakoa plazaratuz kontzertuak ematen, 25 urte musika ikasiz gozarazten… 25 urteko bide honetan lortutakoa gozatzeko eta ospatzeko unea iritsi da orain. Musikarekin gozatzen ikasten ari diren adin eta mota guztietako ikasleak ditu gaur egun Toberak. Izan ere, 4 urtetik aurrerako edonorentzat zabalik daude ateak. Helduentzako berariazko irakaskuntza-lerroa ere badu, eta beraz, erraztasun ugari daude musika ikasi nahi duten helduentzako ere. Batzuk ikasten ari diren instrumentuarekin euren bakardadean gozatzea dute helburu, beste batzuk, egunen batean musika talde batean jotzea dute amets. Atzera begira, aurrerantza Zegaman hasi zen Toberaren abentura, lehen Zegamako Musika-eskola zenarekin. 1987-1988 ikasturtean hasi zen ofizialki musika eskola Tobera izenarekin, eta urte hartako matrikulazioen erantzun ona babes zuela hasi zuen Toberak ibilbidea. Sei urte geroago, 1993-1994 ikasturtean, Toberaren eskaintza Zegamatik Zeraina zabaltzea erabaki zuten. Garai hartan Zerainen oso aberatsa zen kultura-dinamika, eta horrek ahalbidetu zuen Zerainen ere musika-eskola bat martxan jartzea. Zeraingoa zabaldu eta hiru urtera, 1996-1997 ikasturtean, Segurara iritsi zen Tobera bi urteko gogoeta luze baten ostean, eta Mutiloako neska-mutilak [...]
Hogeita bost urte partiturak interpretatzen irakasten, 25 urte abesti bakoitza ongi atera arte behin eta berriz entsaiatzen, 25 urte ikasitakoa plazaratuz kontzertuak ematen, 25 urte musika ikasiz gozarazten… 25 urteko bide honetan lortutakoa gozatzeko eta ospatzeko unea iritsi da orain.
Musikarekin gozatzen ikasten ari diren adin eta mota guztietako ikasleak ditu gaur egun Toberak. Izan ere, 4 urtetik aurrerako edonorentzat zabalik daude ateak. Helduentzako berariazko irakaskuntza-lerroa ere badu, eta beraz, erraztasun ugari daude musika ikasi nahi duten helduentzako ere. Batzuk ikasten ari diren instrumentuarekin euren bakardadean gozatzea dute helburu, beste batzuk, egunen batean musika talde batean jotzea dute amets.
Atzera begira, aurrerantza
Zegaman hasi zen Toberaren abentura, lehen Zegamako Musika-eskola zenarekin. 1987-1988 ikasturtean hasi zen ofizialki musika eskola Tobera izenarekin, eta urte hartako matrikulazioen erantzun ona babes zuela hasi zuen Toberak ibilbidea.
Sei urte geroago, 1993-1994 ikasturtean, Toberaren eskaintza Zegamatik Zeraina zabaltzea erabaki zuten. Garai hartan Zerainen oso aberatsa zen kultura-dinamika, eta horrek ahalbidetu zuen Zerainen ere musika-eskola bat martxan jartzea.
Zeraingoa zabaldu eta hiru urtera, 1996-1997 ikasturtean, Segurara iritsi zen Tobera bi urteko gogoeta luze baten ostean, eta Mutiloako neska-mutilak ere bertan ikasteko aukera zuten.
Seguran ordura arte musika formazioa txistularien eta parrokiako koruaren esku bazegoen, musika-eskola berriak aurrez zegoen musika-eskaintza handitzea ekarri zuen.
Beraz, Toberak lau herri hauetako musika-hezkuntzari oinarri sendo bezain anitza eman diola esan daiteke, eta bide horretan etengabe aurrera doa.
Orain urte batzuk Toberako ikasleek euren talentua herri mailan soilik ager bazezaketen ere, gaur egun gero eta gehiago joaten dira kanpora; dela irtera didaktikoekin, dela beste musika-eskola batzuekiko elkartrukeekin edo dela musika-emanaldi berezietara eta lehiaketetara joanaz.
Ospakizunak larunbatean
25. urteurrena ospatzeko aparteko festa antolatu dute larunbat honetan. Goierriko Musika-eskolen lehenengo Alardea antolatu du Tobera Musika-eskolak. Seguran eta, batez ere, Zegaman egingo dituzte ekitaldirik garrantzitsuenak.
Goierriko musika-eskolen lehen ekintza bateratua izango bada ere, badu aurrekaririk. Elkartruke ziklo bat egiten du Toberak inguruko beste musika-eskola batzuekin duela hamar urte ingurutik gaur egunera arte. Hala, aurten, musika-eskolen arteko topaketa handia egitea erabaki dute lehen aldiz eskualdean.
Tobera musika-eskolaz gain beste lau musika-eskolatako kideek ere bat egingo dute festan: Ordizia, Zaldibia, Legorreta eta Idiazabalgo ikasleak hartzen dituen Ordiziako Musika-eskola, Ormaiztegiko eta Gabiriako ikasleen Txindata Musika-eskola, Lazkao, Ataun eta Ikaztegietako ikasleen Lazkao Txiki Musika-eskola eta Zumarraga eta Urretxuko Secundino Esnaola Musika-eskola.
Seguran, bihar 18:00etan, Goierriko musika-eskoletako 40 trikitilariren eta pandero-jotzaileren kalejira egingo dute, herriko kaleetan zehar. Beranduxeago, 19:10ean, berriz, Goierriko txistularien eta txistu-ikasleen desfilea egingo dute Zegamako erdiguneko kaleetan.
Larunbat arratsaldeko ekitaldirik garrantzitsuena, ordea, arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Zegaman. Goierriko musika-eskolek kontzertua egingo dute kultur-etxearen pareko plazatxoan. Ekitaldia aurkezten Julian Iantzi aurkezle ezaguna arituko da.
Matrikulatzeko garaia
Bi egun egongo dira Tobera musika eskolak irailak 11tik aurrera hasiko duen kurtso berrirako izena emateko: maiatzaren 23 eta 24ean, 19:00etatik 20:00etara. Seguran kultur etxe zaharrean egongo dira matrikulazioak egiten, eta Zegaman ere kultur etxera joan beharko da.
Eskaintzaren barruan pianoa, txistua eta danbolina, akordeoia, trikitixa, panderoa, perkusioa, klarinetea, saxofoia, gitarra elektrikoa, gitarra klasikoa, baxu elektrikoa, musika-hizkuntza, euskal dantzak eta askotariko aukerak dituzte lau urtetik aurrerako haurrek, gazteek eta helduek.














