98. Loinatz proba, ia 200 txirrindularirekin
Igandean jokatuko da elite eta 23 urtez azpiko kategoriako proba, hamabosgarren aldiz Ion Lazcanoren omenez. 28 taldek eman dute izena.
97. Loinatz probako irudia, 2025ean.Lide Egizala Igandean jokatuko da Beasainen 98. Loinatz txirrindularitza proba. Elite eta 23 urtez azpiko kategorian jokatuko da, 09:00etan hasita. Ia 200 txirrindularik parte hartuko dute; 194 ziklistak eman dute izena. Hamabosgarren aldiz Ion Lazcanoren omenezkoa izango da.
Taldeei dagokienez, berriz, 28 taldek eman dute izena proban parte hartzeko: Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko hamarrek; Nafarroako lauk; Galiziako bostek; Huescako eta Murtziako binak; eta Extremadura, Kantabria, Leon, Katalunia eta Valentziako banak.
Nafarroa etorbidetik irten eta Salbatore aldera abiatuko dira ziklistak. Gabiriatik Atagoitira igoko dira, bi aldiz, bigarrena Brinkolatik igaro ondoren. Handik Olaberriara jaitsiko dira, eta Senperetik Beasainen sartuko dira. Bi aldiz egingo dute ibilbide hori, eta bigarrenaren ondoren Beasaindik berriz joango dira Gabiriara, baina Atagoitira ez dira igoko hirugarren horretan, Arriarandik Mandubiara baizik. Handik jaistean, Salbatoretik Iurrera eta Olaberriara abiatuko dira, eta Senperetik Beasainera, helmugara.
155 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. 13:00ak baino pixka bat lehenago aurreikusi dituzte aurreneko helmugaratzeak.
Mendeurrena betetzeko bi urte geratzen zaizkio probari. 1926an egin zuten lehena. Ricardo Montero izan zen irabazlea lehen edizio hartan. Harrezkero, urtero egin dute, bi urtetan izan ezik: 1936an eta 2020an. Iazkoan Jose Maria Martin izan zen irabazlea Extremadura Pebetero taldearekin.













