Igartzaren erabilera parte hartze prozesu baten bidez zehaztu nahi du udalak
Beasaingo Udalak beste parte hartze prozesu bat abiaraziko du datorren astean. Prozesu horren helburua, “Igartza multzoaren erabilerarako oinarriak” definitzea izango da, udalak azaldu duenez. Ekainaren 22an egingo dute Igartza monumentu mu...
Beasaingo Udalak beste parte hartze prozesu bat abiaraziko du datorren astean. Prozesu horren helburua, “Igartza multzoaren erabilerarako oinarriak” definitzea izango da, udalak azaldu duenez. Ekainaren 22an egingo dute Igartza monumentu multzoaren inaugurazio ofiziala, zaharberritze lan guztiak bukatu eta gero. Ordurako, erabilerarako oinarri horiek definituta izan nahi ditu udalak. Parte hartze prozesu horretan, hainbat eragile “bereziki kontuan” hartuko dituzte; hala nola: hezkuntza, merkataritza, turismo, kultura eta gizarte arlokoak.
Eragile horien eta herritarren iritziak bertatik bertara ezagutzeko, hiru bilera egingo dituzte datozen asteetan; aurrenekoa, astearte honetan, hilak 29, izango da. Arloaren arabera, hiru taldetan banatu dituzte eragile horiek guztiak, eta bakoitzarekin, hiru bilera egingo dituzte. Aurreneko bileran, “eragileen nahiz herriaren behar eta arazoak” identifikatu nahi dituzte. Bigarren bileran, arazo horiei erantzuteko eta Igartzaren erabilerarako ideiak jasoko dituzte. Eta azkenik, hirugarren bilera batean, Igartzaren erabileraren oinarriak adostuko dituzte.
Prozesua, beraz, hil honen 29an hasi eta ekainaren 22ra artekoa izango da; egun horretarako, erabileraren inguruko zirriborro bat prest izan nahi du udalak. Prozesu horretan, “interesa duen orok” parte hartu ahal izango du. Informazio gehiago nahi duenak, udaletxera jo dezake.