Mozorro eguna, kirol probak eta dantza, festen azken txanparako
Egun batzuetako atsedenaren ondoren, beasaindarrak prest daude berriz ere festa giroari heltzeko. Loinatz jaien bigarren astebururako, mozorro eguna, kirol probak eta dantza saioak gorde dituzte, besteak beste. Musikak eta festa giroak ere izango du tokia; gaur gauean, esaterako, Inoren Ero Ni, Achtung! eta Peachy Joke taldeek joko dute, txosna gunean. Biharkoa berriz, kalera mozorrotuta ateratzeko eguna izango da beasaindarrentzat. Asteburuko egitarauan, ordea, toki berezia hartuko dute kirol probek. Batetik, Loinatz txirrindulari proba egingo dute larunbat goizean; bestetik, herri kirol saioa, igande arratsaldean. Loinatz elkarteak antolatzen duen probak 62. urtea du aurten. 23 urtez azpiko txirrindulariek parte hartzen dute, eta Lehendakari Txapelketarako puntuagarria da. Txirrindulari kopuruari dagokionean, iaz 119 izan ziren, eta aurten ere, antzeko kopurua espero dute Beasaingo irteeran. Antolatzaileek 122 kilometroko ibilbidea antolatu dute, Goierrin barrena. 10:00etan aterako dira txirrindulariak. Eitzagatik gora, Legazpiraino joango dira aurrena, Mutiloako Lierni gainera gero, eta Beasaindik pasa ondoren, Gabiriatik Atagoitiko gaina igoko dute, atzera Lierniko gaina pasa, eta Olaberritik bueltan itzuliko dira Beasainera, eguerdiko ordubata aldera. Proba hori dela eta, Beasaingo Udaltzaingoak trafikoaren inguruko hainbat ohar eman ditu. Hala, gaurtik aurrera, Trenbide kalean eta Gernika pasealekuko aparkalekuan ibilgailurik ez uzteko eskatu dute, baita Kale nagusiko 33 eta 37 zenbakien artean dagoen aparkalekuan ere. Herri kirol saioa igandean Kirol arlotik atera gabe, [...]
Egun batzuetako atsedenaren ondoren, beasaindarrak prest daude berriz ere festa giroari heltzeko. Loinatz jaien bigarren astebururako, mozorro eguna, kirol probak eta dantza saioak gorde dituzte, besteak beste. Musikak eta festa giroak ere izango du tokia; gaur gauean, esaterako, Inoren Ero Ni, Achtung! eta Peachy Joke taldeek joko dute, txosna gunean. Biharkoa berriz, kalera mozorrotuta ateratzeko eguna izango da beasaindarrentzat.
Asteburuko egitarauan, ordea, toki berezia hartuko dute kirol probek. Batetik, Loinatz txirrindulari proba egingo dute larunbat goizean; bestetik, herri kirol saioa, igande arratsaldean. Loinatz elkarteak antolatzen duen probak 62. urtea du aurten. 23 urtez azpiko txirrindulariek parte hartzen dute, eta Lehendakari Txapelketarako puntuagarria da. Txirrindulari kopuruari dagokionean, iaz 119 izan ziren, eta aurten ere, antzeko kopurua espero dute Beasaingo irteeran.
Antolatzaileek 122 kilometroko ibilbidea antolatu dute, Goierrin barrena. 10:00etan aterako dira txirrindulariak. Eitzagatik gora, Legazpiraino joango dira aurrena, Mutiloako Lierni gainera gero, eta Beasaindik pasa ondoren, Gabiriatik Atagoitiko gaina igoko dute, atzera Lierniko gaina pasa, eta Olaberritik bueltan itzuliko dira Beasainera, eguerdiko ordubata aldera.
Proba hori dela eta, Beasaingo Udaltzaingoak trafikoaren inguruko hainbat ohar eman ditu. Hala, gaurtik aurrera, Trenbide kalean eta Gernika pasealekuko aparkalekuan ibilgailurik ez uzteko eskatu dute, baita Kale nagusiko 33 eta 37 zenbakien artean dagoen aparkalekuan ere.
Herri kirol saioa igandean
Kirol arlotik atera gabe, igandean beste hitzordu garrantzitsu bat izango da, Loinatz jaien barruan. Izan ere, Arrano Beltza euskal herri kirol taldeak antolatutako jaialdia egingo dute igandean. Jaialdia, Gernika pasealekuan egingo dute, 19:00etan hasita.
Lehen eta bigarren mailako puntako aizkolariak ariko dira. Aurrena, Arkaitz Jauregi eta Xabier Dorronsoro, Aratz Mugertza eta Mikel Larrañagaren kontra ariko dira. Ondoren, lehen mailakoetan, Joseba Otegik eta Unai Otañok, Iñaki Azurmendiri eta Anjel Arrospideri egin beharko diote aurre.
Aizkolariez gain, hiru harri jasotzaile ekarriko dituzte. Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II, Aimar Irigoien eta Idoia Etxeberria. Horrez gain, egunean zehar, Iturengo Aurtizko joaldunak ibiliko dira, herrian zehar, jaialdirako giroa pizten.
Gustu guztietarako dantzak
Kirolean bezala, dantza arloan ere, bi ikuskizun edo saio izango dira asteburuan, baina elkarren artean antz handirik ez dutenak. Batetik, gaur gauean, Dantzaki eta Gala dantza eskoletako ikasleen eta irakasleen saioa izango da, plaza nagusian.
Bestetik, igandean, Ostadar dantza taldeak antolatutako XII. Dantza Topaketa egingo dute. Beasaingo dantzariez gainera, Baigorri, Gasteiz, Pasaia eta Iruñekoak ere etorriko dira. Goizean, 11:30etik aurrera, ibilaldia egingo dute herriko kaleetan barrena. 12:30ean elkartuko dira denak, Gernika pasealekuan. Arratsaldean ere, 17:00etan hasita, euskal dantzak izango dira, San Martin plaza azpian, Hernaniko musikari taldearekin.
ASTEBURUKO EGITARAUA: