Txirrindularitzan errepideko Gipuzkoako txapelketa Ataunen, bihar
Amateur edo afizionatu mailako Gipuzkoako txirrindularitza txapelketa Ataunen jokatuko da, bihar. Ataun San Martingo 48. Probak balio izango du herrialdeko errepideko txapelduna izendatzeko. Elite eta 23 urtez azpikoen mailetako txirrindulariek parte h...
Amateur edo afizionatu mailako Gipuzkoako txirrindularitza txapelketa Ataunen jokatuko da, bihar. Ataun San Martingo 48. Probak balio izango du herrialdeko errepideko txapelduna izendatzeko. Elite eta 23 urtez azpikoen mailetako txirrindulariek parte hartuko dute Agauntza Kirol Elkarteak antolatutako sariketan.
Goizean izango da lasterketa, hiru-bat orduan. 09:30ean abiatuko da tropela San Martin auzotik, eta 12:30 aurretxoan helmugaratuko dira, leku berean.
Lau mendate gainditu beharko dituzte ziklistek, 118,7 kilometro luzeko ibilbidean. Hasierako ibilbide asmoak aldaketa batzuk izan ditu azkeneko unean: Abaltzisketa ere igo beharko dute.
Urkillaga bi aldiz
Ataundik irten eta Lazkaora joan-etorria egingo dute lehenik. Gero, atzera beherantz, Legorretatik barrena Abaltzisketako buelta dute, Amezketatik gora.
Ataunera itzuli, eta Urkillagari erasoko diote jarraian, Kaxetatik gora. Beherakoan Ordiziatik Zaldibiara hartu, eta Larraizko aldapako gurutzean Gaintzara egingo dute. Ataun behetik gora zeharkatu, eta helmuga baino bost kilometro lehenago Urkillaga igoko dute, Aia aldetik.
Zirkulazioari dagokionez, lasterketaren gehiena bigarren mailako errepideetatik igaroko den arren, N-1 autobidera ere irtengo da. Beasaingo Senperetik Ordiziara bitartean —lehen itzulian Legorretako irteerara arte— errepide nagusitik joango dira lasterkariak, bai behera, bai gora.













