Iruretagoiena txapeldun, eskolartekoan
Euskal Herriko 24. Eskolarteko Bertsolari Txapelketak txapeldun goierritarra du: Paul Iruretagoiena ataundarra. Haurretan irabazi egin zuen, larunbat goizean, Aguraingo (Araba) Harresi aretoan izan zen saioan, hamabi kantukideen artean. Lehiaketa berean, baina gazteen mailan, Gema Urteaga beasaindarrak ere lorpen handia egin du, txapeldunorde baita, Maddi Sarasua itsasuarraren ondotik. Sei euskal herrialdetako bina ordezkarik –Zuberoa falta zen– parte hartu zuten eskolarteko finalean, 14 urte artekoen sailean. Aurreneko galbahea aise gaindituta, bigarren errondan ere seguru aritu zen Iruretagoiena, baita Gipuzkoakoan Goierri-Ordizia taldearekin aritu zen Maddi Etxeberria larrauldarra ere. «Saio ederra eskaini zuen hasieratik bukaerara. Bakarka bertsoaldi politak egin zituen, eta ofiziotan ere ederki jarraitzen zuen lagunaren haria», azaldu dute txapelketaren antolatzaileek. Lan guztiak osatuta, Paul Iruretagoienak bildu zuen puntu gehien. Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Muruak ipini zion txapela. Txaber Altube abadiñoarra geratu da txapeldunorde. Hain zuzen, iazko sailkapena trukatu dute bi bertsolariek. «Ondo pasatzera joan naiz» Eskolarteko bertsolaritzaren goren lehiaketan bigarren partaidetza zuen Iruretagoienak, iazkoaren ondoren. 14 urte ditu, haurretan kanta zezakeen azkeneko aukera, hain zuzen. Txapela bat eta beste txapeldunordetza bat lortu ditu bi urtean. Aguraingo finalera «nahiko lasai» joan zela aitortu du. «Normalean ez naiz oso urduri jarri ohi saioetan, eta larunbatean ere nahiko lasai aritu nintzen». Bertsolaritza «ondo pasatzeko» tresna [...]

Paul Iruretagoiena, txapelarekin, ikastolen elkarteko ordezkariaren eta Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Muruaren tartean.
Sei euskal herrialdetako bina ordezkarik –Zuberoa falta zen– parte hartu zuten eskolarteko finalean, 14 urte artekoen sailean. Aurreneko galbahea aise gaindituta, bigarren errondan ere seguru aritu zen Iruretagoiena, baita Gipuzkoakoan Goierri-Ordizia taldearekin aritu zen Maddi Etxeberria larrauldarra ere.
«Saio ederra eskaini zuen hasieratik bukaerara. Bakarka bertsoaldi politak egin zituen, eta ofiziotan ere ederki jarraitzen zuen lagunaren haria», azaldu dute txapelketaren antolatzaileek.
Lan guztiak osatuta, Paul Iruretagoienak bildu zuen puntu gehien. Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Muruak ipini zion txapela. Txaber Altube abadiñoarra geratu da txapeldunorde. Hain zuzen, iazko sailkapena trukatu dute bi bertsolariek.
«Ondo pasatzera joan naiz»
Eskolarteko bertsolaritzaren goren lehiaketan bigarren partaidetza zuen Iruretagoienak, iazkoaren ondoren. 14 urte ditu, haurretan kanta zezakeen azkeneko aukera, hain zuzen. Txapela bat eta beste txapeldunordetza bat lortu ditu bi urtean.
Aguraingo finalera «nahiko lasai» joan zela aitortu du. «Normalean ez naiz oso urduri jarri ohi saioetan, eta larunbatean ere nahiko lasai aritu nintzen». Bertsolaritza «ondo pasatzeko» tresna zaio, eta halaxe hartu zuen larunbateko lana. «Lehiaketa baino gehiago gustatzen zait lagun artean ondo pasatzeko bertsotan egitea», zioen, atzo.
Mutikotan hasi zen Iruretagoiena bertsolaritzan, 9 urterekin, «aitonagatik», ari ikasitako bertsoak entzunda. Ataungo bertso eskolan egin zituen lehen urratsak, Jesus Goikoetxea irakaslearekin. Gaur egun Ordizian dabil, Goierriko Bertso Eskolan, Endika Igartzabal irakasle duela.
Urteaga, txapeldunorde
Goierriko bigarren ordezkariak, Gema Urteagak, helduetan kantatu zuen arratsaldean, 15-18 urte artekoen sailean. Hamar lagun ziren partaide —Zuberoa eta Nafarroa Beherea falta ziren—.
Amaren urtebetetzea ahaztu eta barkamen eske joateko gaian nabarmendu zen Urteaga, amari «bertso bikainak» jaulkita. Zortziko txikian ere umoretsu eta fin jardun zen, Paula Amilbururekin ofiziotan. Hasierako hamar bertsolarietatik sei igaro ziren bigarren fasera, kartzelako estiloan jokatua. Puntu gehien Sarasua lapurtarrak batu zuen, eta Urteaga txapeldunorde da.













