Gaurik gabeko eguna, festan
Ekainaren 21ean iritsi zen uda, 01:09an. Urteko egunik luzeena, eguzki ordu gehienekoa huraxe izan zen: 15 ordu eta 3 minutu. Hala ere, gautu ere egin ez duen egunak izan dira ondoren Goierri osoan. San Joan bezperako suen distirak argitu ditu herri, auzo, auzune eta baserri zoko guztiak. Baita mendi gainak ere, Irimon (Urretxu) gailurrean sua piztu baitzuten, herrigunetik ikus zitekeenez. Ekiak —ekialdeko euskalkietan eguzkia— gaina harrapatzen duen hilabetea da ekaina, udako solstizioa. Elizak San Joanen izendapenarekin beretutako festa paganoen aztarna da, Gabonetako eguberri edo su berria bezala. Kristautasunak, normalean festaburuak santuen heriotza-egunetan kokatzen baditu ere, badira bi data jaiotzekin datozenak: eguberria (egun berria) eta uda hasiera; eguzkia behetik gora hasten den garaia bat, beherantz ekiten diona bestea. Eta, bietan, sua da naturaren mirakuluaren adierazgarri. Sinesmenak, usadioak eta herri-oroimenak batuta, urtean askotan ez bezala herri eta auzo guzti-guztietara iristen den festa apurretakoa da San Joan bezperakoa. Eguberriak, eta Santa Ageda bezpera —adituek diote udaberria esnarazteko erritua dela jatorriz, natura ernetzen hasi dela ospatzekoa, inaute-mozorroz— dirake beste bi festa orokorrak; pertsona guztiek, edonongoak direla ere, bere sentitzen dituzten jaiak. Festa nagusiak ere bai Udari aurrerago joaten utzi gabe, jai nagusiak ospatu dituzte asteburuan zenbait herritan. Olaberrian eta Seguran, adibidez. Urretxun ere erromeria [...]
Ekiak —ekialdeko euskalkietan eguzkia— gaina harrapatzen duen hilabetea da ekaina, udako solstizioa. Elizak San Joanen izendapenarekin beretutako festa paganoen aztarna da, Gabonetako eguberri edo su berria bezala. Kristautasunak, normalean festaburuak santuen heriotza-egunetan kokatzen baditu ere, badira bi data jaiotzekin datozenak: eguberria (egun berria) eta uda hasiera; eguzkia behetik gora hasten den garaia bat, beherantz ekiten diona bestea. Eta, bietan, sua da naturaren mirakuluaren adierazgarri.
Sinesmenak, usadioak eta herri-oroimenak batuta, urtean askotan ez bezala herri eta auzo guzti-guztietara iristen den festa apurretakoa da San Joan bezperakoa. Eguberriak, eta Santa Ageda bezpera —adituek diote udaberria esnarazteko erritua dela jatorriz, natura ernetzen hasi dela ospatzekoa, inaute-mozorroz— dirake beste bi festa orokorrak; pertsona guztiek, edonongoak direla ere, bere sentitzen dituzten jaiak.
Festa nagusiak ere bai
Udari aurrerago joaten utzi gabe, jai nagusiak ospatu dituzte asteburuan zenbait herritan. Olaberrian eta Seguran, adibidez. Urretxun ere erromeria egin zuten, igandean, Santa Barbara gainean. Otegi-Enea auzoa da, Ordizian, egunok seinalatu bihurtu dituzten beste leku bat.
Hiru hilabete pasatxoko iraupena izango du udak; irailaren 22ra arte, astronomikoki. 93 egun eta 15 ordu, justu. Urtarorik luzeena izango da, argitasun gehienekoa bezalaxe. Eguzkiak ortziko nagusitasun erabatekoa duena, gizakiek estimu handia diotena.
Ilundutakoan, euskal kosmologia zaharrak sua ipiniko du eguzkiaren jarraipentzat. Hartara, naturaren leherketa betean une oro gozatzeko, ez du inoiz gautuko. Gaurik gabeko egunak baitira.














