Opari hirukoitza Zeanurira
Etxera haur jaioberria iristearen pozari, Ordizian gazta lehiaketa irabaztearen ohorea eta ospea gehitu zitzaizkion, atzo, Etxeberria-Arrieta sendian. Zeanuriko (Bizkaia) Ipiñaburu baserriko Jon Etxeberria eta Mari Puy Arrieta bikote gazteak aurkeztutako gaztak irabazi du latxa ardien esnez egindako 39. Gazta Lehiaketa. Hego Euskal Herrian Ordiziako garaikur preziatua jasotzeko falta zen herrialde bakarra, Bizkaia, goratu zuen sariak, bide batez. Hiru sari, batean. Guraso izan berriek —gaur lau egun jaio zitzaien alaba— ezin izan zuten Beti-Alai pilotalekura joan. Haien ordez Arrietaren gurasoek jaso zuen Kutxaren irudia. Argazkilari eta kazetari uholdeari zurrun eutsi, eta patxadaz erantzun zien Gaspar Arrieta aitonak. Ketua, oraindik berme Araiakoa (Araba) da Gaspar Arrieta, artzain izana bera ere. Lehen hitzak bilobarentzat izan zituen: «Besapean ogia hartuta etorri da, esan ohi den bezala». Sariagatik ere «poz izugarria» zuen. Aurkeztu duten gazta «alabak» egina da. «Alabari neuk erakutsi nion lanbidea. Ezkondutakoan Zeanurira joan ziren, eta han daukate ustiategia. Orain hamar-bat urtetik egiten dute gazta», azaldu du. Urte askotako lanaren «aitortza» moduan ikusi du Ordiziako gailurra. «Lehiaketara joandakoan beti espero izaten da zerbait, baina ez horrenbeste. Ordizian irabaztea baino handiagorik ez dago», zioen Arrietak. Ipiñaburuko gazta txapelduna orain «hiru hilabete» egina da. Ketua da, bigarren sailkatuarena bezalaxe —14 finalisten artean sei ziren ketuak—. [...]
Guraso izan berriek —gaur lau egun jaio zitzaien alaba— ezin izan zuten Beti-Alai pilotalekura joan. Haien ordez Arrietaren gurasoek jaso zuen Kutxaren irudia. Argazkilari eta kazetari uholdeari zurrun eutsi, eta patxadaz erantzun zien Gaspar Arrieta aitonak.
Ketua, oraindik berme
Araiakoa (Araba) da Gaspar Arrieta, artzain izana bera ere. Lehen hitzak bilobarentzat izan zituen: «Besapean ogia hartuta etorri da, esan ohi den bezala». Sariagatik ere «poz izugarria» zuen.
Aurkeztu duten gazta «alabak» egina da. «Alabari neuk erakutsi nion lanbidea. Ezkondutakoan Zeanurira joan ziren, eta han daukate ustiategia. Orain hamar-bat urtetik egiten dute gazta», azaldu du. Urte askotako lanaren «aitortza» moduan ikusi du Ordiziako gailurra. «Lehiaketara joandakoan beti espero izaten da zerbait, baina ez horrenbeste. Ordizian irabaztea baino handiagorik ez dago», zioen Arrietak.
Ipiñaburuko gazta txapelduna orain «hiru hilabete» egina da. Ketua da, bigarren sailkatuarena bezalaxe —14 finalisten artean sei ziren ketuak—. Pisuan 1.295 gramo zen. Zapore-indarrean orekatua dela dio Arrietak: «Ez fuertea, ezta suabea ere, erdibidekoa». «Gazta batzuk probatu genituen, eta onena iruditu zitzaiguna ekarri dugu. Usaina, zaporea eta jan ondoren uzten duen gustua hartu ohi ditugu aintzat, nagusiki».
Lehiaketara 53 gazta aurkeztu dituzte aurten, iaz baino 13 gutxiago. Idiazabal Gazten ekoizpena jaitsi egingo da aurten, aurreikuspenen arabera. Jatorri Izendapenaren Kontseiluak 1.175.000 kilo gazta egin dela esan du, iaz baino 49.000 gutxiago (%4). Gaztandegi kopurua (125) ez da jaitsi.
Ordizian, atzo, lehen galbahea hamalau gaztak gainditu zuten, ohi bezala. Epaimahaiko guztiek probatu zituzten azken horiek. Finalera Goierriko lau artzainen gaztak iritsi ziren: Olaberriko Aizpea, Zeraingo Basazabalgo Jabier Muñoa, Legazpiko Makatzagako Pedro Gabiria, eta Segurako Ondarreko Karmele Murua.
Sarituen artean Goierriko gaztandegirik ez, baina goierritarrek kudeatzen duten Lezea gaztak hirugarren postua eskuratu zuen. Eli Gorrotxategi beasaindarrak jaso zuen brontzezko garaikurra.
Bigarren lekuan Eulateko Ricardo Remiro geratu da. Hark ere ketutako gazta eraman zuen. 2011ko eta 2008ko garaipenen ondotik, Urrezko Kutxa garaikurra lortzeko atarian geratu da nafarra. Azken hamar urteetan lehiaketa hiru aldiz irabazi dutenei ematen zaio bereizgarri hori.
Subasta 7.400 eurora igo da
Artzainei sariak eman ondoren, Ipiñaburuko gazta erdia subastara atera zuen Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak. Urak sei mila eurotik gora igo zirenean, lau pujatzailek segi zuten igerian: Beasaingo Kikara kafetegia, Olaberriko Castillo hotela, Bilboko Porrue jatetxea —iazko erostuna, 7.300 eurorekin— eta Catalana Occidente aseguru etxea.
Porruek 6.800 euro ohiukatutakoan utzi zuen norgehiagoka, Kikarak 7.200 eskaini zuen gehiena. Azkenean, Castillo eta Catalana Occidente geratu ziren. Ehuna euroko gehikada bana jo ondoren, azkenean aseguru etxeko Juan Jose del Cañok eraman zuen gazta erdia, 7.400 eurorekin.
Ordainketak «merezi» duela aitortu zuen, gero. «Azkenean, dugun feria garrantzitsuenari laguntzeko da. Krisi egoera da, eta horren alde apustu egin behar da. Gainera, diru hau gizarte ongizaterako da, Ordiziako adinekoen egoitzara joango delako».
Zenbat buru, hainbat gustu
Juan Mari Arzaken faltan, Jose Juan Castillok hartu du aurten Ordiziako gazta lehiaketako epaimahaiaren buruzagitza. Hara eta hona ibili da Beti-Alai pilotalekuan, «saltsan», gaztari segika beti, eserita zeuden 25 dastatzaileen koordinazioa eginez. «Gazta berari epaile batek 7koa jarriko dio, besteak 9koa, edo 10ekoa. Hori da polita. Bakoitzak bere gustuak ditu, denei berdina gustaturik ez dago», zioen.
Epaileei galdetuta, agerian geratu da iritzi ugaritasuna. Gehienek maila «ona», «polita», «kalitatezkoa» edo «gorena» aitortu diote. Beste batzuek beheraxeago jarri dute sabaia.
«Oso kontent» zegoen Mikel Zeberio gastronomo ataundarra —epaimahaiko bi goierritarretatik bat—. «Lehen txanda aspaldiko onenetarikoa izan da. Gazta, oso ona. Eta finalekoak, ahoa urtzeko modukoak», Zeberioren aburuz.
Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak finalistetan «beste maila bat» nabaritu du. «Denak goi mailakoak eta oso orekatuak dira, detaile oso txikiei begiratu behar zaie».
Kataluniako TV3 telebistako Montserrat Vilari lana tokatu zitzaion atzo ere, baina mahaian. «Apirilean euri asko egin zuen, eta gazta urtarrilean edo apirilean egina den, aldea bada gustuan. Hau zoragarria da», zioen, feriaz.
David de Jorge sukaldariak gazta ketuen bila jo du. «Ketuaren defendatzailea naiz, hori delako Idiazabal Gaztaren nortasun ezaugarria. Ketuaren falta pena da». Gazten arteko aldea «iaz baino txikiagoa» dela iritzi dio.
Omenaldia eta ikusmina
Ataungo Urbitarteko Demetrio Terradillosek maila «ahula» aurkitu du. «Orain artekoan ez da izan halako mailarik. Asko ez dira iristen aprobatura. Oso gaziak batzuk, eta ketuak ere ketu fuertearekin», zioen. «Grazia gutxiko gazta» iruditu zaio, orokorrean.
Epaileen buru Castillo baldin bazen, mahaiko arduradun Pedro Subijana aritu zen. Adinaren tituluak. Haren arabera, lehen txanda «oso ona» suertatu da, eta finalekoa «perfektua». Gazta irabazlea «oso konpletoa» da.
Urte askoan epaile izan den Atxen Jimenez omendu dute kofradiak, udalak eta dastatzaile taldeak, sariketa garaian. Tafallako Tubal jatetxeko jabeari «maitasunez aitortza» egin diote. Idiazabal Gazta moztu duen lehen emakumezkoa ere bada.
Bestetik, Goitur turismo agentziak gonbidatuta, ferian ziren Seu d’Urgelleko (Lleida) zinegotzi bat eta Hinojosa del Dueroko (Salamanca) alkatea. Frantziako Michelin Gidako kazetari Andre Maisenneuve ere frontoian zen. Baita 25 hedabide gehiago ere.