Bi sari nagusiak Bizkai aldera
«Arrakastatsua» gertatu da aurten ere Josetxo Imazen Oroimenezko XII. proba, Goierriko korrika lasterketa herrikoi jendetsuena. Angel Perez Pululu Txindoki atletismo taldeko kidearen arabera, beste urte batez giroa lagun izango du probak, eta horrek partaidetza kopuruari eustea suposatu du, nahiz eta iaz baino ehun lagun gutxiago iritsi Altamira estadioko helmugara. «Izena 950 lagun inguruk eman arren, 862 ailegatu dira helmugara. Egunean bertan 80 lagunek eman zuten izena, eta horrek esan nahi du eguraldiaren zain ere egoten dela jendea». Pululuk gogoratu duenez, ibilbide originalean antolatu ahal izango dute aurtengo proba, hiru udaletxeen ondotik igaro baita, Altamiran hasi eta bukatuz. Aurtengo bi sari nagusiak Bizkai aldera joan dira. Gizonezkoetan, Bilbon bizi den Belkorchi Taher marokoarrak irabazi zuen (30:21), eta emakumezkoetan, berriz, Garain bizi den Cristina Petite atleta beteranoak (38:42). Kamel Ziani probaren errekorraren jabeak baino minutu bat gehiago behar izan zuen Taherrek Ordizia, Beasain eta Lazkao lotzen dituen 10 kilometroko ibilbidea osatzeko. «Gizonezkoetan mailari eutsi zaio, baina emakumezkoetan, korrikalarien maila jaitsi egin dela esan genezake. Petite 40 urtetik gorako korrikalaria da, eta merezimendu osoz irabazi du proba, nahiz eta iazko irabazleak baino bost minutu eta erdi gehiago behar izan» . Ruben Lanz legazpiarra (31:54) eta Elena Calvillo beasaindarra (39:55) izan ziren lehen goierritarrak [...]

Lasterketako korrikalari indartsuenak Ordiziako Gudarien Etorbidean gora, eta atzetik, jende uholdea.
Aurtengo bi sari nagusiak Bizkai aldera joan dira. Gizonezkoetan, Bilbon bizi den Belkorchi Taher marokoarrak irabazi zuen (30:21), eta emakumezkoetan, berriz, Garain bizi den Cristina Petite atleta beteranoak (38:42). Kamel Ziani probaren errekorraren jabeak baino minutu bat gehiago behar izan zuen Taherrek Ordizia, Beasain eta Lazkao lotzen dituen 10 kilometroko ibilbidea osatzeko. «Gizonezkoetan mailari eutsi zaio, baina emakumezkoetan, korrikalarien maila jaitsi egin dela esan genezake. Petite 40 urtetik gorako korrikalaria da, eta merezimendu osoz irabazi du proba, nahiz eta iazko irabazleak baino bost minutu eta erdi gehiago behar izan» . Ruben Lanz legazpiarra (31:54) eta Elena Calvillo beasaindarra (39:55) izan ziren lehen goierritarrak helmugan.
Erritmo biziko lasterketa
Pululuren iritziz, Josetxo Imaz proba Behobia-Donostia proba prestatzeko lehen lasterketa garrantzitsua da, eta horrek zerikusia du probaren erritmoan. Horrek, eta ibilbideak berak ere bai, Txindokiko kideak adierazi duenez. Hasiera-hasieratik seikote bat jarri zen lasterketa buru –gerora lehen sei postuetan sailkatu zirenak–, baina lasterketa Senpero biribilgunean puskatu zela nabarmendu du. «7 eta 8 kilometroen artean, eta 8 eta 9 kilometroen artean, hiru minuturen azpitik egin zuen kilometroa irabazleak, eta atzetik zihoazen beste hiru marokoarrak orpoz orpo zekartzan». Taherrek lehen 5 kilometroak (15:25) baina azkarrago egin zituen azken bostak (14:56). Batekoz beste, 3 minutu eta 2 segunduan egin zuen kilometroa.
Hala ere, Txindokikoak ez dute ahanzteko Josetxo Imazen oroimenekoa lasterketa herrikoi bat dela, eta goierritar askok parte hartu ohi dutela. «Gure artean eztabaidak izaten ditugu diru-saririk eman behar dugun edo ez, proba beti kanpokoek irabazten dutela eta. Gure artean ere ez gara ados jartzen. Aldi berean, badakigu, goierritar askorentzat urteko proba bakarra izaten dela. Kalitatezko korrikalariak eta partaidetza zabala uztartzea dira gure helburuak». Eta lasterketa azkarra izaten dela ziurtatzeko, hona datu bat: Altamirara iritsi ziren 862 lasterkarietatik 20k bakarrik behar izan zuten ordubete baino gehiago helmugan.
Laurehun haur Altamiran
Sari eta opari asko banatzen dira Josetxo Imazen, «nahiz eta krisi garaia bizi», tartean Goierriko Hitza egunkariak Goierriko lehen gizonezko eta emakumezko beteranoei ematen dietena. Altzagan bizi den Fernando Monasteriok eta Elena Calvillo beasaindarrak jaso dute aurten sari hori.
Nagusien lasterketa ez ezik, haur eta gaztetxoen probak jokatzen dira goizean Altamiran. Sei urtetik hasi eta 14 urte bitarteko Goierriko 400 bat haurrek parte hartu zuten 600, 800, 1.000 eta 1.200 metroko probetan. Patinatzaileek ere ibilbide bera egin zuten nagusien proba baino bost minutu lehenago. Nikolas Alonso donostiarra izan zen azkarrena (22:15).
Sailkapenak
Gizonezkoak
1. Belkorchi Taher (Bilbo) 30.21
2. Elhassan Oubaddi (Bilbo) 30.34
3. Aimad Bouziane (Santurtzi) 30.40
4. Abdelhak Sabhi (Hueska) 31.17
5. Alberto Revuelta (Elgoibar) 31.22
6. Ruben Lanz (Legazpi) 31.54
7. Iñaki Gebrero (Irun) 32.08
8. Eneko Garin (Villabona) 32.14
9. Ibai Alba (Hernani) 32.18
10. Eñaut Insausti (Ordizia) 33.26
Emakumezkoak
1. Cristina Petite (Garai) 38.42
2. Lurdes Oiartzabal (Lezo) 39.11
3. Elena Calvillo (Beasain) 39.55
4. Ana Gonzalez (Errenteria) 40.06
5. Ouadha Belachkar(Santurtzi) 40.16
Goierritarrak (gizon.)
1. Ruben Lanz (Legazpi) 31.54
2. Eñaut Insausti (Ordizia) 33.26
3. Sergio Serrano (Idiazabal) 33.47
Goierritarrak (emak.)
1. Elena Calvillo (Beasain) 39.55
2. Itziar Andueza (Beasain) 42.07
3. Amaia Insausti (Olaberria) 42.44
• Ikusi argazki eta bideo galeria













