Iñaki Arriolak ezkerraren aldeko botoa eskatu du, murrizketen aurrean
PSE-EE alderdiko kideak Zumarragako azokan izan dira gaur, larrosak eta propaganda banatu eta alderdi sozialistaren aldeko botoa eskatzeko. Mikel Serrano alkatea eta Fernando Boada senataria izan dira bertan, Iñaki Arriola garraio eta herri lan sailburua buru zutela. Sozialistek historikoki babes handia izan duten herria da Zumarraga, eta gaurko eguna aprobetxatu nahi izan dute herritarrengana gerturatzeko.
Larrosak banatu ondoren egindako adierazpenetan, Iñaki Arriolak “ongizate estatuaren defentsa” egin du, Madrildik aplikatzen ari diren murrizketen aurrean. Hala, neurri murriztaile horiek gelditzeko, “ezkerraren aldeko botoa” eskatu du. PSE-EEren helburu nagusietako bat “ongizate estatua eta orain arte lortutako bizi maila mantentzea” izango dela azaldu du.














