Iztueta baserrian esnea nola egiten duten ikusi ahal izan dute bisitariek
Lazkaoko Iztueta baserriak ateak zabaldu dizkie gaur bisitariei, bertan behiak nola zaintzen dituzten eta esnea nola egiten duten ikus dezaten. Iztueta baserrikoek, ordea, Porrotx eta Largabista pailazoen laguntza izan dute bisitariei harrera egiterak...
Lazkaoko Iztueta baserriak ateak zabaldu dizkie gaur bisitariei, bertan behiak nola zaintzen dituzten eta esnea nola egiten duten ikus dezaten. Iztueta baserrikoek, ordea, Porrotx eta Largabista pailazoen laguntza izan dute bisitariei harrera egiterako garaian. Bi bisitaldi egin dituzte goizean, eta bakoitzean, 300 lagun inguru izan direla azaldu dute baserriko arduradunek. Haurrek eta haiekin batera joan diren guraso eta familiek ederki gozatu dute, esnea egiteko prozesua ezagutu duten bitartean.
Iztueta baserrian urte asko daramatzate esnea ekoizten eta etxez etxe saltzen. Gaur egun hiru lagun bizi dira baserriko lanetik. Azken urteetan, etxez etxeko banaketaz gain, kalean saltzeko makinak jarri dituzte Iztueta baserrikoek. Ordizian jarri zuten lehena, baina harrezkero, Lazkaon eta Beasainen ere jarri dituzte makinak. Esne pasteurizatua saltzen dute, osoa eta gaingabetua. Ate irekien jardunaldietarako txoko bat ere egokitu dute, orain arte baserriko ikuilu zaharra zegoen tokian. Bertan, argazki zaharrak, esnea egiteko garai bateko erremintak eta ikus-entzunezkoak ikusteko txoko bat jarri dituzte. Bisitaldia, bertako esnea probatuz bukatu zuten.













