Euskal Herriko gazta onena, Olaberrikoa
Euskal Herrian Idiazabal Gaztarekin egiten den txapelketa gorena Olaberriko Mikel Etxezarreta eta Eli Arrillaga senar-emazteek irabazi dute. Ostiralean izan zen, Idiazabalen. Hegoaldeko lau herrialdeetako berrogei artzainek parte hartu zuten, probintzia bakoitzeko lehiaketetako hamar aurrenak. Olaberriko artzain familiak laugarren aldiz irabazi du Euskal Herriko txapela. «Guretzat asko esan nahi du. Bai herrialdeetako lehiaketak eta Euskal Herrikoa beste lehiaketa batzuk baino teknikoagoa da. Serioagoak izaten dira, teknikoki balorazio handiarekin. Gainera, aurrena kanporaketa bat egiten denez eta hamar onenak joaten direnez, esan nahi du urteko 40 gaztagile eta gazta onenak direla. Hor sari bat jasotzea oso handia da», zioen atzo Eli Arrillagak, oraindik Urbiatik. Hamar-hamabost egun barru jaitsiko dira. Aizpeako artzainen gaztak 440 puntu jaso zituen. Bigarren Urdazubiko (Nafarroa) Manuel Bengoetxea geratu zen, 438rekin. Elgoibarko (Gipuzkoa) Mausitxa izan zen hirugarren, laugarren Ilarduiako (Araba) Lezea, eta bosgarren Gipuzkoako txapeldun Joseba Intsausti ordiziarra. Aurtengo lehen txapela dute Etxezarretak eta Arrillagak. Gipuzkoakoan bigarren geratu ziren, Legazpin. «Baina lehiaketa denetan hamar lehenetan sartu gara, eta esan nahi du hortxe gabiltzala. Gazta ona leku askotan egiten da, orokorrean maila ikaragarri igo da, eta ez da erraza beti aurrean egotea». Apirilean egindako ketutako gazta bat aurkeztu dute Euskal Herrikora. «Zalantzan egon ginen mendiko gazta aurkezteko —Urbiko Ttonttor txabolan ere [...]
«Guretzat asko esan nahi du. Bai herrialdeetako lehiaketak eta Euskal Herrikoa beste lehiaketa batzuk baino teknikoagoa da. Serioagoak izaten dira, teknikoki balorazio handiarekin. Gainera, aurrena kanporaketa bat egiten denez eta hamar onenak joaten direnez, esan nahi du urteko 40 gaztagile eta gazta onenak direla. Hor sari bat jasotzea oso handia da», zioen atzo Eli Arrillagak, oraindik Urbiatik. Hamar-hamabost egun barru jaitsiko dira. Aizpeako artzainen gaztak 440 puntu jaso zituen. Bigarren Urdazubiko (Nafarroa) Manuel Bengoetxea geratu zen, 438rekin. Elgoibarko (Gipuzkoa) Mausitxa izan zen hirugarren, laugarren Ilarduiako (Araba) Lezea, eta bosgarren Gipuzkoako txapeldun Joseba Intsausti ordiziarra.
Aurtengo lehen txapela dute Etxezarretak eta Arrillagak. Gipuzkoakoan bigarren geratu ziren, Legazpin. «Baina lehiaketa denetan hamar lehenetan sartu gara, eta esan nahi du hortxe gabiltzala. Gazta ona leku askotan egiten da, orokorrean maila ikaragarri igo da, eta ez da erraza beti aurrean egotea».
Apirilean egindako ketutako gazta bat aurkeztu dute Euskal Herrikora. «Zalantzan egon ginen mendiko gazta aurkezteko —Urbiko Ttonttor txabolan ere egiten dute—, baina goiko larreek esneari beste ukitu bat ematen diote, koipe gehiagorekin, eta gehiago kostatzen zaio heltzen. Gazta ona dago, jada saltzen ari gara, baina agian gaztetxoa da».
Dastatzen ere ikasi
Gazta «ona» artzain askok egiten badute, zer meritu gehigarri behar da Euskal Herriko onena izateko? «Ez da asmatzen. Adibidez, aurten ketua eraman dugu, baina beste batzuetan zalantza eduki dugu». Epaileen keari buruzko gustuen arabera ere bada.
Artzai Gaztako Zumitz elkartean katak eginez «asko» ikasi dute, bestetik. «Ohituta egoten gara bakoitza bere gazta motarekin, baina mahaiaren bueltan jarri eta beste artzainen gaztak ikusitakoan, desberdina baina ona dagoela ikusten dugu. Gazta orokorrean hartzen ikasten duzu, parametro guztiak zaintzen».
Gazta «mimoz» egitea, esne on eta garbia, eta gatzagi ona erabiltzea dira kontua. «Eta prozesu guztian gauzak ondo egiten ardura pixka bat edukitzea».














