Ehun eta hirurogei atletek parte hartuko dute etziko duatloi herrikoian
Etzi egingo dute Zumarraga-Urretxuko duatloi herrikoia. Kirolariak 17:00etan aterako dira Areizaga-Kalebarren plazatik eta supersprint lasterketa egingo dute Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko bideetan zein kaleetan. Gehienez, 160 atletek parte hartuko dute, hori baita antolatzaileek ezarritako partaidetza muga.
Aurretik Goierri garaiko herrietan horrelako proba bat baino gehiago egon bada ere, Urola Plazaola triatloi taldeak iaz antolatu zuen lehenengoz. Antolaketa lanetan Gipuzkoako eta Euskal Herriko triatloi federazioen laguntza jaso dute. Helburua kirol ezberdinak batzen dituzten proba hauetan jendearen parte-hartzea sustatzea da. Proba herrikoia den arren, kirolari federatuek ere eman ahal izango dute izena.
Iazko lasterketaren antzeko ezaugarriak izango ditu etzikoak. Atletek 3 kilometro bete beharko dituzte korrikan. Jarraian bizikleta hartu eta 17 kilometroko ibilbidea egingo dute. Amaitzeko, 1,5 kilometroko korrikaldia egingo dute.
Irteera zein helmuga Areizaga-Kalebarren plazan ipiniko dute, eta kirolariek proba betetzeko laurogei minutu izango dituzte asko jota. Iazko irabazlea Antzuolako Gurutz Larrea izan zen (38:37), eta bigarren Aretxabaletako Beñat Arnaizek egin zuen (denbora bera). Lehen emakumezkoa Maria Mendibe eta lehen herritarra Zumarragako Xabier Soraluze izan ziren; sailkapen orokorrean laugarren geratu zen.
Izen-ematea
Bihar arte dago zabalik izena emateko epea, 14:00etan itxiko dute hain zuzen. Izen-emateak hamabi euro balio du, iaz baino bi euro gehiago, eta izena emateko modu bakarra dago, triatloi.org euskal triatloi federazioaren webgunean. Momentuz, gizonezkoak dira izena emandako gehienak. Proba emakumezkoentzat ere bada, eta atleta guztiak elkarrekin aterako dira.














