Jolas-parke berria jarriko dute Gabirian herritarren laguntzarekin
Gabiriako plazako jolas-parkea berritu egingo dute. Orain dagoena auzolanean kenduko dute, eta ondorengo jolas berrien muntatze lanak Garra enpresak egingo ditu. Bihar arratsaldeko 16:00etan hasi, eta larunbatean jarraituz egingo dituzte egungo jolasak...
Gabiriako plazako jolas-parkea berritu egingo dute. Orain dagoena auzolanean kenduko dute, eta ondorengo jolas berrien muntatze lanak Garra enpresak egingo ditu. Bihar arratsaldeko 16:00etan hasi, eta larunbatean jarraituz egingo dituzte egungo jolasak kentzeko lanak.
Orain arte zegoen jolasparkean bi arazo ikusten dituzte herritarrek: zoruan ume txikientzako arriskutsuak ziren pinu azalak pilatzen ziren eta helduagoentzako ere deserosoa zen. Gainerakoan ere parkea egoera txarrean zegoela adierazi dute. Hala, herritarrek aukeratu dute parkerako proiektu berria.
Haurrekin eta haur horien gurasoekin bilerak egin ditu udalak, denen gustuko jolasparkea aukeratzeko. Jolasparke berriak lehengoaren tankera izango du, baina elementu berri gehiagorekin. Lehen bezala etxetxo bat izango du, bi zabu, sarezko balantzina… Parke berriaren neurriak ere aurrekoaren beretsuak izango dira.
Parkeko jolasak aldatzeaz gain, parkean bertan zeuden hiruzpalau zuhaitz ere botako dituzte gaur-biharretan auzolanean. Zuhaitzak argi eta leku gehiago lortzeko botako dituzte.
%66a Ereinek finantzatuta
Parke berriak ekarriko dituen gastuak ohikoak baina txikiagoak izango dira, aurrez zegoen parkea kentzearen, zuhaitzak botatzearen eta pinu azala kentzeko lanak herritarrek egingo baitituzte. Gainerako gastuei dagokionean, %66a Ereinek finantzatuko du, eta %34a udalak. Obrak hamabost egun barrurako amaituta egotea aurreikusten du udalak.













