Euriak eta hotzak ez dute Jazpana ixilarazi
Asteburuko euriak eta hotzak ez dute musika geldiarazi, eta ehunka lagun bildu dira Bernedoeneko karpan, Jazpana Fest jaialdiaren laugarren edizioan. Musika eskaintza zabalari eta kontzertuen maila onari esker, urtez urte indartzen ari den jaialdia da Beasaingoa. Aurten antolatzaileak gustura gelditu dira, bai jendearen erantzunarekin, bai taldeek emandako mailarekin. Hurrengo urterako ere, antzeko formulak erabiltzeko asmoa dutela azaldu dute. Kontzertuen inguruko «balorazio ona» egin du antolakuntza taldeko Mikel Alvarezek. «Egin duen eguraldirako jende pila bat etorri da; nik uste iaz baino dezente jende gehiago izan dela. Gelditzen zaigun pena bakarra da zer izango ote zen eguraldiak lagundu izan balu». Aurtengo apusturik garrantzitsuena, Bigott bezalako artista bat ekarri eta iluntzean jartzea izan da; baina «erabaki ona» izan zela ikusi dute, horrekin, «arratsaldeko zazpiretatik goizaldeko bostak arte, jendea etenik gabe karpan egotea» lortu baitute. Gainera, «beste publiko bat, helduagoa» ere erakarri dute horrela. Eta formula hori, «agian datorren urtean ere errepikatu beharrekoa» dela dio. Lisabö, Bigott eta Belako Ostiral gaueko kontzertuetatik, bi izen azpimarratu dituzte antolatzaileek. Bata Lisabö; «ikaragarriak dira; kontzertuaz ere horixe espero genuen eta hala izan zen». Gainontzeko taldeek ere giro ona jarri zuten. «Erroma oso sendo aritu zen, oso ondo. Mutürbeltzek ere berea egin zuen, Rock & Rolla eta oso giro ona jarri zuten; eta No [...]
Asteburuko euriak eta hotzak ez dute musika geldiarazi, eta ehunka lagun bildu dira Bernedoeneko karpan, Jazpana Fest jaialdiaren laugarren edizioan. Musika eskaintza zabalari eta kontzertuen maila onari esker, urtez urte indartzen ari den jaialdia da Beasaingoa. Aurten antolatzaileak gustura gelditu dira, bai jendearen erantzunarekin, bai taldeek emandako mailarekin. Hurrengo urterako ere, antzeko formulak erabiltzeko asmoa dutela azaldu dute.
Kontzertuen inguruko «balorazio ona» egin du antolakuntza taldeko Mikel Alvarezek. «Egin duen eguraldirako jende pila bat etorri da; nik uste iaz baino dezente jende gehiago izan dela. Gelditzen zaigun pena bakarra da zer izango ote zen eguraldiak lagundu izan balu». Aurtengo apusturik garrantzitsuena, Bigott bezalako artista bat ekarri eta iluntzean jartzea izan da; baina «erabaki ona» izan zela ikusi dute, horrekin, «arratsaldeko zazpiretatik goizaldeko bostak arte, jendea etenik gabe karpan egotea» lortu baitute. Gainera, «beste publiko bat, helduagoa» ere erakarri dute horrela. Eta formula hori, «agian datorren urtean ere errepikatu beharrekoa» dela dio.
Lisabö, Bigott eta Belako
Ostiral gaueko kontzertuetatik, bi izen azpimarratu dituzte antolatzaileek. Bata Lisabö; «ikaragarriak dira; kontzertuaz ere horixe espero genuen eta hala izan zen». Gainontzeko taldeek ere giro ona jarri zuten. «Erroma oso sendo aritu zen, oso ondo. Mutürbeltzek ere berea egin zuen, Rock & Rolla eta oso giro ona jarri zuten; eta No More Lies ere ondo, oso indartsu egon ziren».
Larunbatean berriz, Bigott izan zen ikusmin handiena sortu zuen artistetako bat, eta antolatzaileek espero zuten mailan aritu zen kantari espainiarra. «Oso ona da, oso profesionala. Saioa pixkanaka goraka joan zen eta azkenerako sekulako giroa jarri zuen». Aurtengo sorpresa berriz, Belako talde bizkaitarra izan da. «Horiena ez da normala; 17 eta 21 urte artean dituzte, eta egiten duten musika eta eskenatokian duten jarrera, harrigarria da. Sekulako etorkizuna dute».
Antolatzaileek azpimarratu nahi izan duten beste kontu bat, taldeen jarrera izan da. «Denak oso ondo portatu dira; horrela gustua ematen du lan egiteak». No More Lies talde katalanekoen adibidea jarri du Mikel Alvarezek. «Ostiralean guk ordaintzen genien hotela, baina larunbatean ere haien kontura hemen gelditzea erabaki zuten, eta asteburu osoa hemendik ibili dira».
Eguraldiak baldintzatuta
Bernedoeneko karpan arazorik gabe egin zituzten kontzertu guztiak, baina eguraldiak, zenbait arazo eragin zituen kanpoaldean. Larunbat goizean, jakiak prestatzeko jarri zuten karpa txikia erorita zegoen. Arratsaldean berriz, 3×3 saskibaloi txapelketa bertan behera utzi behar izan zuten. «Saskiak karparen kanpoaldean zeuden, eta sei taldek izena eman bazuten ere, eguraldia ikusita ezinezkoa zen, eta azkenean bertan behera uztea erabaki genuen».
Skate txapelketa berriz «oso ondo» atera zela azaldu du. Eñaut Oiarbidek irabazi zuen. «Donostiako mutil bat da eta urtero berak irabazten du, beste maila batean dago, eta esaten dutenez, urtez urte hobetzen jarraitzen du».
Azkenik, JazpanArt ekimenaren inguruan ere, «oso balorazio ona» egin dute antolatzaileek, eta datorren urtean ere antzeko formularen bat errepikatzeko asmoa agertu dute. «Julen Gartzia aritu da han lanean; berak egin du ia dena, eta guretzako ere oso erosoa izan da. Baldintza horietan lan egitea plazer bat da».