Lazkaoko korrikalariak New Yorkeko maratoian izango dira, igandean
Lazkaoko Antzar Korrikalariak atletismo taldeko zazpi kidek AEBetako maratoi entzutetsuenetakoan parte hartuko dute, igandean: New Yorken. Sei lazkaotar eta beasaindar bat joango dira korrika egitera, eta laguntzaile nahiz familiartekoekin guztira hoge...
Lazkaoko Antzar Korrikalariak atletismo taldeko zazpi kidek AEBetako maratoi entzutetsuenetakoan parte hartuko dute, igandean: New Yorken. Sei lazkaotar eta beasaindar bat joango dira korrika egitera, eta laguntzaile nahiz familiartekoekin guztira hogei-bat lagun. Bihar irtengo dira bidaian, eta astebeteko egonaldia egiteko baliatuko dute.
Igande goizean hasiko da New Yorkeko maratoia, hiriko bost barrutietan barrena. Herenegungo urakanak hiria bortitz jo eta kalte handiak eragin bazituen ere, Lazkaoko korrikalariek baieztatu ahal izan dute maratoia jokatuko dela.
New Yorkeko maratoia munduko bost jendetsuenen artean dago. Igandean 48.000 bat korrikalari irtengo direla kalkulatu dute. Lazkaoko klubekoez gain, goierritar gehiago ere joango da, nor bere kabuz.
Antzar Korrikalariak taldeak urtean bi irteera egiten ditu nazioartera, korrika-probetan parte hartzeko. Aurten, beste korrikalari batzuek Marseillako (Frantzia) maratoian parte hartu zuten.
Behobiarako autobusa
Bestetik, azaroaren 11n Behobiatik Donostiara izango den lasterketa herrikoira joateko autobusa antolatu du Antzar Korrikalariak elkarteak, urtero bezala.
Atzo arte Joxemiel Barandiaran Kiroldegian eman zitekeen izena. Gaurtik aurrera, telefono hauetakoren batera hots egin behar da: 665 71 19 67 (Aitor), 658 71 40 09 (Joseja). Autobusa bete arte hartuko dute jendea.













