Odolkien erregea etzi aukeratuko dute
Udazkenarekin batera iristen da urtero odolki eta mondejuen garaia, eta Beasainen ere, iritsi da odolkiaren errege berria aukeratzeko ordua. Larunbatean egingo diute urteroko lehiaketa, Gernika pasealekuko frontoian. Eta horren inguruan, egun osorako e...
Udazkenarekin batera iristen da urtero odolki eta mondejuen garaia, eta Beasainen ere, iritsi da odolkiaren errege berria aukeratzeko ordua. Larunbatean egingo diute urteroko lehiaketa, Gernika pasealekuko frontoian. Eta horren inguruan, egun osorako ekitaldiak antolatu dituzte.
Hamarretan hasita, bertako generoen azoka berezia egingo dute. Odolkien lehiaketa berriz, 11:30ean hasiko da. Epaimahaikideek lehiaketara aurkeztutako odolkiak probatuko dituzte. Haien artean, aurten Bareak elkartearen promozio berezi baten irabazleak izango dira. Izan ere, Bareak dendetako erosleen artean, epaimahaiko kide izateko bi postu zozkatu dituzte aurten; Maite Mate eta Montse Martinez izan dira irabazleak. Odolkiak probatu eta gero, ordubatean banatuko dituzte aurtengo sariak.
Larunbateko egunari dagokionean bazkariena izango da berrikuntza nagusia. Aurreko urteetan frontoian egin izan dute; baina aurten, herriko jatetxeetan egingo dute, denetan ere, menu berarekin: babarrun jana, euskal pastela eta edaria; dena, 16 euroren truke. Herriko 12 jatetxetan izango da menu hori probatzeko aukera: Andra Mari, Artzaienea, Batzokia, Dolarea, Hiruarri, Kattalin, Kikara, Mandubi, Rubiorena, Salbatoreh, Urkiola eta Xerbera jatetxeetan, hain zuzen ere. Bazkaria aldez aurretik enkargatu behar da.
Antzerkia eta kontzertua
Eguna borobiltzeko, arratsalde eta iluntze parterako ere hainbat ekitaldi antolatu ditu udalak. Bostetan, umeentzako jolasak izango dira, eta zazpietan, Txarlestrup taldeak kale antzezlana. Gainera, iluntzean, pintxo pote berezia egingo dute tabernetan. Segidan, berriz, Oskarbi musika talde beteranoak joko du, 20:00etan hasita.













