Etorkin familia bat egun batez etxean hartzeko ekimena Beasainera dator
Bategite etorkinen eskubideen aldeko elkarteak, Europako hainbat herrialdetan arrakasta handia izan duen ekimen bat dakar Beasainera. Ekimen horren helburua, bertako familia batek herrian bizi den etorkin familia bat gonbidatu eta elkarrekin bazkaltzea da, elkar ezagutzeko eta herrian dagoen kultur aniztasun hori gertutik bizitzeko. Bategitek antolatu duen ekimena, Gipuzkoa mailan egiten ari diren Alboko familia programaren barruan dago, eta hilaren 18an egingo dute. Bategite elkarteko Lurdes Arregik azaldu duenez, «ekintza hau lehen aldiz egingo da Beasainen eta Gipuzkoan. Baina 2004. urtean hasi zen egiten Txekiar errepublikan, eta Europako beste zazpi naziotan ere egingo dute». Hala, zazpi herrialdetan 420 topaketa egin nahi dituzte; guztira, 2000 lagun inguru mahaiaren bueltan eserita. Alboko familia ekimenaren helburua, bi familiak, bata bertakoa eta bestea etorkina, elkarrekin bazkaltzea da; «elkar ezagutzeko eta jakiteko besteak nola bizi diren, ze ohitura dituzten eta nola sentitzen diren». Gipuzkoa mailan SOS Arrazakeria elkarteak ere bultatzen du programa hori, eta dagoeneko 120 familiak eman dute izena; tartean badira izen ezagunak ere; hala nola Iñigo Lamarka Arartekoa, Gabiñe Biurrun epailea eta Jonan Fernandez Baketik fundazioko koordinatzailea, besteak beste. Beasainen oraingoz bospasei familia daude apuntatuta, baina hilaren 18ra arte denbora dagoenez, jendea animatu nahi dute. «Ekimen interesgarria da eta parte hartu nahi duten guztiak esku zabalik» [...]
Bategite etorkinen eskubideen aldeko elkarteak, Europako hainbat herrialdetan arrakasta handia izan duen ekimen bat dakar Beasainera. Ekimen horren helburua, bertako familia batek herrian bizi den etorkin familia bat gonbidatu eta elkarrekin bazkaltzea da, elkar ezagutzeko eta herrian dagoen kultur aniztasun hori gertutik bizitzeko.
Bategitek antolatu duen ekimena, Gipuzkoa mailan egiten ari diren Alboko familia programaren barruan dago, eta hilaren 18an egingo dute. Bategite elkarteko Lurdes Arregik azaldu duenez, «ekintza hau lehen aldiz egingo da Beasainen eta Gipuzkoan. Baina 2004. urtean hasi zen egiten Txekiar errepublikan, eta Europako beste zazpi naziotan ere egingo dute». Hala, zazpi herrialdetan 420 topaketa egin nahi dituzte; guztira, 2000 lagun inguru mahaiaren bueltan eserita.
Alboko familia ekimenaren helburua, bi familiak, bata bertakoa eta bestea etorkina, elkarrekin bazkaltzea da; «elkar ezagutzeko eta jakiteko besteak nola bizi diren, ze ohitura dituzten eta nola sentitzen diren». Gipuzkoa mailan SOS Arrazakeria elkarteak ere bultatzen du programa hori, eta dagoeneko 120 familiak eman dute izena; tartean badira izen ezagunak ere; hala nola Iñigo Lamarka Arartekoa, Gabiñe Biurrun epailea eta Jonan Fernandez Baketik fundazioko koordinatzailea, besteak beste. Beasainen oraingoz bospasei familia daude apuntatuta, baina hilaren 18ra arte denbora dagoenez, jendea animatu nahi dute. «Ekimen interesgarria da eta parte hartu nahi duten guztiak esku zabalik» hartuko dituztela azaldu du Arregik. Gainera, «giroa ahalik eta naturalena eta erosoena izan dadin, antzeko familiak elkartzen» saiatuko direla azaldu dute, alegia, «bikote gazteak gazteekin, umeak dituztenak umeak dituztenekin…».
Izena eman nahi dutenek, Bategite elkarteko 635 71 97 09 telefono zenbakira deitu behar dute. Bertako familiek zein etorkinek eman dezakete izena.
Kultur elkartrukea
Norma Rojas kolonbiarra, Beasainen bizi den etorkinetako bat da, eta Bategite elkartean aritzen da bera ere. Honera iritsi zenetik, bere esperientzia «oso ona» izan dela azaldu du. «Nire kasuan oso harrera ona izan dugu bertakoen partetik, bai nik, bai nire senarrak eta baita nire alabak ere. Oso atseginak izan dira, eta jendeak ahal duen guztietan lagundu izan digu».
Alboko familia ekimena «oso interesgarria» iruditzen zaio, «kultur elkartruke bat delako, eta gure ondoan bizi direnei buruz gehiago jakiteko aukera dugulako». Izan ere, nahiz eta elkarren ondoan bizi, «askotan ez dugu elkarren berririk. Kalea, lantokiak, eskolak konpartitzen ditugu, eta elkarren berri gehiago izatea interesgarria da».
Hori guztia ikusita, ekimenean «ahalik eta jenderik gehien» apuntatzea gustatuko litzaioke, «kultur elkartrukea oso interesgarria eta oso aberasgarria baita, bai guretzat eta baita bertakoentzat ere».