San Martin eguna festa giroan ospatuko dute etzi
San Martin eguna ospatzeko ohitura aspaldikoa da Urretxun. Urteak dira, jada, San Martin auzoko bizilagunak festa hau antolatzeaz arduratzen direla. Aterpe jubilatuen elkartean ere, egun hau festa giroan ospatzen dute. Etzi, ohitura zaharrak berrituko dituzte, hortaz, egun osoan zehar.
Aurten, San Martin eguna igandea izaki, egitaraua ohi baino beteagoa izango da. Aterpe jubilatuen elkartean eguerdian emango diote hasiera egunari. 13:30ean odolki eta tripaki pintxoen dastaketa egingo dute elkartean bertan. Ondoren, 17:00etan dantzaldia izango dute bertan elkartzen diren guztientzat.
Martintxo txerria eta pintxoak
Ordu berean hartuko dute lekukoa herrigunean. 17:00etan haurrentzako jolasak izango dira Gernikako Arbola plazan. Kaskara jokoa, sokatira, zaku lasterketak, eta beste hainbat jolas antolatuko dituzte. Ondoren, txokolate jana izango da.
Nagaroterekin elkartasuna
Martintxo txerria 21:00ak bitartean ikusgai jarriko dute plazan. Ordutegi horretan, hau da, 17:00ak eta 21:00ak bitartean, bi urdaiazpikoaren zozketan parte hartzeko txartelak salgai jarriko dituzte plazan. 21:00etan egingo dute zozketa eta bertan jakinaraziko dira zeintzuk diren bi zenbaki irabazleak. Biltzen den dirua Nagaroteko (Nikaragua) herria diruz laguntzeko erabiliko dute aurten ere.
Bitartean, odolki pintxo dastaketa ere izango da doan plazan jarriko duten txosnan. 18:45ean emango diote hasiera dastaketari. Kaleak musikaz girotzeko Iparragirre Balerdi musika tailerrak eta txistulari elkarteak kalejira eskainiko dute 19:30ean hasita Urretxuko kaleetan zehar. 20:30 inguruan, San Martin auzoan geldialdia egingo dute, eta bertan pieza batzuk eskainiko dituzte. Ondoren, Gernikako Arbola plazara hurbilduko dira.













