Krabelin bana eta herriaren esker ona
Hilabeteetako ikerketa eta prestaketa lanen ondoren, larunbatean egin zieten omenaldia 36ko gerran eta ondorengo urteetan hildako herritarrei. Uztailaren 27ko gau beltz hartan 36 lagun fusilatu zituzten Beasainen; ondorengo urteetan, berriz, 1942ra arte, gutxienez beste 17 izan ziren modu berean erahildakoak. Haiek guztiak gogoan izan zituzten larunbateko ekitaldi jendetsuan eta hunkigarrian. Beasaingo udaletxean elkartu ziren aurrena, senideei harrera egiteko. Koldo Agirre alkateak 36ko gerrako fusilamenduak «tamalgarriak bezain lotsagarriak» izan zirela azaldu zuen, eta larunbateko ekitaldiarekin, fusilatuei «behar bezalako omenaldia» egiteko aukera zutela. Udaletxeko ekitaldian, Bildu, EAJ eta H1! alderdietako ordezkariek parte hartu zuten. Hala ere, Agirrek gogorarazi zuen «ekimen honen bultzatzaile nagusia herritar talde bat» izan dela, eta ez udala eta ez alderdiak ez daudela horren atzean, nahiz eta ekimena babestu eta lagundu duten. Antolatzaileek zapi bana eta krabelinak banatu zizkieten omenduei. Udaletxetik Matias Enera Udaletxeko ekitaldia bukatutakoan, segizioa egin zuten, txistulariek lagunduta, plazatik abiatuta, Matias Enea etxea zegoen tokiraino, han izan baitziren gau beltz hartako fusilamendurik gehienak. Bidean zehar, ikurriñak eta errepublikaren aldeko banderak erakutsi zituzten ekitaldira joandako herritarrek. Izan ere, erantzun zabala izan zuen omenaldiak, eta Matias Enea ingurua jendez beteta zela hasi zuten omenaldia. Aurtzaka eta Ostadar dantza taldeek zapi dantza egin zuten aurrena, eta zapi haiekin arkua osatuz, [...]
Hilabeteetako ikerketa eta prestaketa lanen ondoren, larunbatean egin zieten omenaldia 36ko gerran eta ondorengo urteetan hildako herritarrei. Uztailaren 27ko gau beltz hartan 36 lagun fusilatu zituzten Beasainen; ondorengo urteetan, berriz, 1942ra arte, gutxienez beste 17 izan ziren modu berean erahildakoak. Haiek guztiak gogoan izan zituzten larunbateko ekitaldi jendetsuan eta hunkigarrian.
Beasaingo udaletxean elkartu ziren aurrena, senideei harrera egiteko. Koldo Agirre alkateak 36ko gerrako fusilamenduak «tamalgarriak bezain lotsagarriak» izan zirela azaldu zuen, eta larunbateko ekitaldiarekin, fusilatuei «behar bezalako omenaldia» egiteko aukera zutela. Udaletxeko ekitaldian, Bildu, EAJ eta H1! alderdietako ordezkariek parte hartu zuten. Hala ere, Agirrek gogorarazi zuen «ekimen honen bultzatzaile nagusia herritar talde bat» izan dela, eta ez udala eta ez alderdiak ez daudela horren atzean, nahiz eta ekimena babestu eta lagundu duten. Antolatzaileek zapi bana eta krabelinak banatu zizkieten omenduei.
Udaletxetik Matias Enera
Udaletxeko ekitaldia bukatutakoan, segizioa egin zuten, txistulariek lagunduta, plazatik abiatuta, Matias Enea etxea zegoen tokiraino, han izan baitziren gau beltz hartako fusilamendurik gehienak. Bidean zehar, ikurriñak eta errepublikaren aldeko banderak erakutsi zituzten ekitaldira joandako herritarrek. Izan ere, erantzun zabala izan zuen omenaldiak, eta Matias Enea ingurua jendez beteta zela hasi zuten omenaldia.
Aurtzaka eta Ostadar dantza taldeek zapi dantza egin zuten aurrena, eta zapi haiekin arkua osatuz, ongi etorria egin zieten senideei. Txalaparta doinuek lagunduta hasi zen ekitaldia. Fusilatuen omenezko oroigarria egiten ari den Jokin Telleria eskultoreak, «egoera gazi gozoa» dela azaldu zuen; gazia, gerran gertatutakoa benetako sarraskia izan zelako, eta gozoa, «nahiz eta berandu izan, haiek gogoratzeko zerbait fisikoa izango dugulako».
Oroigarri horretan, errelato moduan gordeko duten testua irakaurri ondoren, fusilatuen izen guztiak banaka esan zituzten, haien senideek monolitoaren tokian krabelin bana jartzen zuten bitartean. Xabier Sarasola eta Aitor Furundarena musikariek Hegoak ebaki banizkio kantaren bertsio bat jo zuten. Ekitaldia bukatzeko, herri ekimenaren izenean, Andoni Sarriegik hartu zuen hitza. Aranzadi elkarteari esker ona agertu zion, emandako laguntzagatik, baina baita gerra hasi zenean, «familiak utzita eta beraien bizitza arriskuan jarriz, eta kasu askotan galduz, zabaltzen ari zen hilketa eta zapalkuntza gosea gelditzeko asmoz, trintxeretara jo zuten guztiei, gudariei eta milizianoei».













